GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA

«Anbizioa, esfortzua eta taldea» batuta gora egin nahi du Lointek Gernikak

Arazo fisikoak eta aldaketa asko izan arren, lehiakor mantentzea dute helburu, urriaren 5eko Emakumeen Eurocupeko kanporaketatik hasita.

202223 denboraldirako Lointek Gernika Bizkaia berria. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

«Anbizioa, taldea eta esfortzua» azpimarratu zituen Gerardo Candina Lointek Gernika Bizkaiako presidenteak talde bizkaitarrak atzo eguerdian egin zuen aurkezpen ofizialean. Izen berri asko jokalarien artean, are gehiago entrenatzaile aulkian, Mario Lopezen lekua hartu baitu Anna Montañanak, baina helburu berbera: lehiarako prest izatea eta zaleak erakartzea.

«Anbizioa, taldea eta esfortzua»; hitz horiek aipatu zituen Gerardo Candinak jokalari eta kazetarien aurrean. «Taldea, Europako saskibaloi txapelketan ikusi den bezala, taldeek jokalari indibidualek egin ezin dutena egin dezaketelako; esfortzua, ahaleginari loturiko kultura hori gabe ezin delako urrun iritsi; anbizioa, aurrez iritsi ez garen mailetara iristeko ezinbestekoa baita», azaldu zuen Candinak.

JOKO ERAKARGARRIA

Gernikarrek badute aurreneko hitzordu bat: urriaren 5ean eta 12an Anbereseko Phantoms Basketen aurka jokatuko baitute Emakumeen Eurocupeko sailkatze kanporaketa. Eta bitartean, urriaren 10ean Emakumeen Endesa Ligari ekingo dio talde bizkaitarrak.

«Egoera berri baten aurrean gaude. Jokalari berri asko, entrenatzailea ere berria da eta aldaketa guztietara egokitzea inoiz ere ez da erraza. Baina nik uste lortuko dugula egokitzapen hori eta norabide berean arraun eginez, nahi dugun leku horretara eramango dugu taldea», adierazi zuen, bestalde, Nogaye Lo-k, bizkaitarren fitxaketetako batek.

«Egia da denboraldiaurrea ez dela guk nahi dugun bezalakoa izaten ari, hainbat jokalari arazo fisikoekin dabiltzalako eta beste hainbat beranduago iritsi direlako lanera, baina lana ona ari da izaten», onartu zuen Anna Montañana entrenatzaileak.

«Taldeak asko dauka egiteko, baina itxaropentsu izan gaitezke. Euskal Kopan, adibidez, momentu onak izan genituen Kutxabank Araskiren aurka zein IDK Euskotrenen aurka, defentsan batik bat. Atzean oldarkorrak izatea lortuko dugu eta horrek kantxan korrika eginaraztea erraztuko digu. Ikusteko erakargarria izango da gure jokoa, denbora asko igaro baino lehen», baieztatu zuen, berriz, Sandra Ygueravide antolatzaileak.

Bada, gabezia fisikoak ahaztu gabe eta egiteko asko duela onartu arren, Lointek Gernika Bizkaiak anbizioz beteta ekingo dio 2022/23 denboraldiari... ea noraino iristen den.