GARA Euskal Herriko egunkaria
ERRUGBIA

Gernikak porrot eta Avironek, Europako txapeldunari irabazi

Basurdeek atzo abiatu zuten denboraldia eta 24-10 galdu zuten Avilesen. Emakumezkoen goi-mailan, Eibarrek beste jipoi bat jaso zuen (12-45).

Gernikarrek porrot batekin hasi dute sasoia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Uda korapilatsu baten ostean, atzo ekin zion Gernikak denboraldi berriari Ohorezko Mailan eta punturik batu gabe itzuli behar izan zuten bizkaitarrek Avilesetik, 24-10 galduta. Nahiz eta gernikarrek aurretik ekin zioten partidari, 9. minutuan Juan Pablo Demargassok lortutako entseguari esker. Gauzak, ordea, zailtzen joan zitzaizkien eta atsedenaldirako etxeko taldea, Belenos, bi puntu aurretik zihoan (7-5). Defentsak nagusitu diren lehia batean, aldageletatik bueltan, gauzak erabat trakestu zitzaizkien Urbietakoei, 75. minuturako etxekoak 17-5 aurreratu zirelako, eta azken minutuetan saiatu arren, markagailua zertxobait txukuntzea baino ez zuten lortu.

Maila horretan bertan, Ordiziari atseden hartzea egokitu zitzaion eta goierritarrei ondo etorriko zitzaien geldialdia azken fitxaketak taldera egokitzeko, lehen jardunaldian Bartzelonaren aurka etxean galdu baitzuten, gutxigatik izan zen arren.

Emakumezkoetan, denboraldi hasiera ez da askoz hobea izan Eibarrentzat eta etxean jokatutako lehen partidan jipoi handi samarra hartu zuten, Sevillako Cocos taldearen aurka 12-45 galduta. Andaluziako taldea iazko ligako txapelduna da eta agerian geratu da bien arteko aldea oraindik ere handia dela.

17. minuturako maldan gora jarri zitzaien partida eibartarrei, Carmonak entsegua egin eta ostean, Ana Peraltak ez baitzuen hutsik egin entsegua sartzerakoan (0-7). 36. minutuan, 0-19ko markagailua kontra zutela burutu zuen lehendabiziko entsegua Eibarko taldeak, Eider Garciaren bitartez. Guztira, bi entsegu egin zituzten gipuzkoarrek; bigarrena eta azkena, 63. minutuan, Agueda Pisek. Copelandek entsegua sartu eta 12-33ko markagailua ezarri zuen. Andaluziarrak gupidarik gabe aritu ziren, 45 puntu egiteraino.

Gauzak horrela, lehen bi jardunaldietan punturik batu ezinda, sailkapenaren zuloan kokatu dira eibartarrak, Sant Cugat taldearekin batera.

Sailkapenaren goialdeari dagokionez, Majadahonda da liderra, 10 punturekin, Sevillako taldeak baino bat gehiago.

BAIONAKO AVIRON, MAILA ONEAN

Eta Top14 ligari dagokionez, Baionako Avironek garaipen ikusgarria lortu zuen Stade Rochelais-i, Europako txapeldunari, Jean Dauger zelaian 29-13 irabazita. Garaipen horrekin, 13 puntu batu dituzte sei partidatan eta zazpigarren postuan daude, goi-mailara itzuli diren urte honetan.

Estu joan zen partida hasiera. Etxekoak aurreratu ziren (7-5), baina segituan irauli zuten markagailua kanpotarrek (7-8, 15. minutuan). Garaiz erreakzionatu zuten lapurtarrek eta atsedenaldira aurretik joan ziren, eta garaipena bideratu zuten bigarren zatian.

Bigarren mailan ere albiste onak Biarritz Olympiquerentzat, Montaubani 32-46 gailenduta, Agileratik at irabazi gabe zeramaten 16 hilabeteko bolada txarrari agur esan baitzioten ostegunean.