GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevue
ALAITZ ESKUDERO ETA GARAZI OTAEGI
Neomak taldeko kideak

«Aurrekoen istorioak plazaratzeko lehendabiziko araua da errespetua»

Tradizioa eta abangoardia uztartzen ari dira Neomak taldeko zazpi kideak aspalditik, izan ere, ez dira berriak musikaren munduan. Sorginak izaten jarraitzen dute, baina bestelako publiko bat harrapatu nahi dute lehendabiziko disko homonimoarekin. Eta, momentuz, lortzen ari dira eskaini dituzten saioetan.

(ARGAZKIA: Iurgi INDA, Miguel Angel PUENTE, Agustin ARREGUI, Antonio MURILLO)

Ez dakit disko kontzeptual bezala har ote daitekeen, baina gai orokor moduan esango nuke emakumeak eta tradizioen berritzea izan dituzuela ardatz.

Alaitz Eskudero: Bai, hori da, oso ondo laburbildu duzu. Aurkeztu gaituzun bezala, zazpi gara eta saiatu gara trikitixa eta pandero tradizioa mantentzen, baina pixka bat gure gustuetara egokitu dugu.

Urte askoan elkarrekin ibiliak, aurretik Kepa Junkeraren «sorginak» izan zinetelako. Dokumentalean parte hartu duzue.

Garazi Otaegi: Bai, parte hartu dugu. Guretzako ohore bat izan zen hori egin ahal izatea eta sorgin bezala parte hartzea.

Esan dezakegu hortik sortzen dela hau guztia. Kepa Junkerak eritasuna pairatu eta zein unetan erabakitzen duzue aurrera egitea?

G.O.: Harremanari eutsi genion urte luzez, azken batean lagunak baikara. Halako batean, Nafarroako Tritikixa Jaialdiaren izenean proposamen bat iritsi zitzaigun, hiru kantu prestatu eta aspaldiko partez oholtzan berriz ere agertzeko aukera izateko. Hiru kantuak mimoz eta arreta bereziz landu genituen, eta entseatzerakoan asebeteta ikusi genuen gure burua. Bada, orduan, elkar animatu eta proiektu bati forma ematea pentsatu genuen.

Zuek trikitixa txapelkeketan elkar ezagutuko zenuten ziurrenik, denak ere haietan ibiliak zaretelako. Nolakoak ziren garai haiek? Harreman ona zenuten edo lehiak kalterik egiten zuen?

A.E.:Batzuk elkarrekin gehiagotan elkartzen ginen beste batzuekin baino, baina ez dut lehiarik gogoratzen. Txapelketak badu kontestu hori, oholtza gainean ahalik eta ondoen egitera zoazelako. Oholtza azpian, berriz, trikiti munduko lagun taldeak sortzen ziren, elkarrekin afaldu, triki-poteoak antolatu…

G.O.:Garai oso polit bat bezala dut gogoan nik. Egia da txapelketatik elkar ezagutzen genuela, baina gu zazpion arteko harremana sortzeko balio izan zuen, eta baita trikiti munduko jende gehiagorekin harremantzeko ere.

Trikiti mundura garai bateko trikitilariek ala berriagoek erakarri zaituztete?

A.E.:Niri etxetik iritsi zitzaizkidanak, zaharrak batez ere. Lehenengo kilima horiek sentitzen eta musika horrek zerbait sentiarazten dizula jabetzen zaren unea, niri doinu zaharrekin gertatu zitzaidan.

G.O.:Nik gogoratzen dut gurasoen autoan bazirela kasete zahar batzuk, ez dakit nik nongo eta ez dakit zer grabazio eta halakoak. Etxetik hori jaso dugu, baina gero gu ere jabetzen gara zer gustatzen zaigun, eta eboluzionatu egin dugu.

Diskoa abiatzen duen «Kontu zaharrak» kantuan, sustrai zaharrak aipatzen dituzue, eta doinu berrietara bideratu nahi dituzuela esan. Erritmoz reggaeton bat dela esan dezakegu. Hala ere, errespetua da azpimarratu behar den hitza.

G.O.:Nik uste dut argi izan dugula nondik gatozen eta aurreko belaunaldietatik zer jaso dugun. Haiengandik jaso ditugun istorioak plazaratzeko lehendabiziko araua da errespetua izatea; gero, zuk zer egin nahi duzun bestelako kontu bat da. Horrez gainera, jaso dugun horri eskertza ere aitortu nahi izan diogu; haiek ez balute une hartan zerbait kontatu, egin edo kantatu, guk ez genukeelako gauza bera jasoko.

A.E.: Nire ustez hiru hitzetan ondo azaldu duela Garazik. Lehenik eta behin miresmena, haien musika miretsi izan dugulako eta horregatik gaudelako hemen. Errespetua, osoa, bai tradizioak eman digun musikari eta bai transmititu diguten guztiari ere. Eta, bukatzeko, eskertza; eta horregatik ireki behar genuen diskoa kantu honekin, eskerrak emanez jaso dugun guztiarengatik. Zazpi emakume gazte gara, musika desberdinetatik edaten dugu eta esperimentatzea maite dugu, baina errespetu handiz landuko dugu jaso dugun hori eraldatzeko bidean, kantu desberdinak horrela sortuz.

Soinuak eta panderoak bai, baina esan liteke zuena performance bat dela, ez dela kontzertu bat bere horretan.

G.O.:Zuzenekoari forma ematen hasi ginenean denok bide beretik gindoazen. Ez genuen nahi entzuteko bakarrik zen zerbait eskaini. Mugimendua izatea nahi genuen, koreografia txikitxo batzuk eginda, gure artean zerbait sortuz eta zerbait ikusgarria eskainiz. Horregatik, askotan esaten dugu estetikak eta gure arteko mugimenduek garrantzia berezia dutela. Propio egindako zerbait da, horretarako pentsatua. Nahiz eta oholtza gainean halako festa bat ikus litekeen aldian behin, dena landuta eta neurtuta dago.

Oholtzatik behera ere bada garrantzitsua denok dena jotzen jakitea, sortzeko prozesua erraztu baitezake. Adostasunera erraz iristekoak zarete kantuak egiterakoan?

G.O.:Zazpi gara, eta hor aniztasuna nahi adina topa daiteke. Baina badaukagu zerbait oso garrantzitsua, eta hori da besteari unean pentsatzen duguna lasai esaten diogula.

A.E.: Urte asko daramatzagu elkarrekin eta konfiantza sano bat dago gure artean. Grabatzean gurekin lanean jardun duen jendeak beti esaten digu zein erraz iristen garen adostasunetara, jakinda zazpi pertsona oso desberdin garela. Bakoitiak izateak ere beharbada lagunduko du, beti zirt edo zart egin behar baita.

«Hamen» kantuaren mezua oso indartsua da. Norbera maitatzearen eta ahalduntzearen fase desberdinez ari zarete? Ilargiaren faseak ikusi ditugu disko fisikoan, antzeko zerbait kontatzen da abesti honetan ere?

G.O.:Kantu honetan hitzek badute benetako mezu bat eta benetako garrantzi bat. Botatzen diren perlatxo horietan, momenturen batean, entzulea jabetuko da badela zerbait potoloa.

«Biluzik» abestian ere elektronikak badu protagonismoa. Haritz Harreguyren estudioan izanda, hark lagundu dizue, zuek landu… Norena da sorkuntza hori?

A.E.:Oinarri horiek guztiak sortzen lagundu digun artista Jimbo Paez da.

G.O.:Madrildarra da bera, eta estudioan egon ginen denboran bera ere gurekin izan zen. Buruan geneukan hori momentu bakoitzean nondik eraman jakin du. Oso eskertuta gaude egin duen lan guztiarengatik.

A.E.:Mutil oso gaztea da, baina ibilbide profesional luzea du ekoizle moduan; Tremenda Jauriako kidea ere bada.

Estetikoki dena asko zaindu duzuela esan liteke.

G.O.:Diskoan ere soinu aldetik zaharra eta berria, tradizioa eta abangoardia, lotzen saiatu garen bezala, estetikoki ere mantendu nahi izan dugu. Maoizko galtzak janzten ditugu, gainetik alkondara zuri bat, eta hortik aurrera urre kolorez lepo jartzen gara. Orrazkerak ere arraroak edo bereziak izatea bilatzen dugu… Tradizioaren eta abangoardiaren arteko oreka bilatzen saiatu gara. Horrekin jolastea gustatzen zaigu. Bilatutako zerbait izan da.

Zein da diskoa eskuratzeko modua?

G.O.:Momentuz, diskoa nahi duenak gure kontzertuetara etorri beharko du, eta bertan izango du erosteko aukera.

A.E.:Ari gara kanpora zabaltzeko nahian ere, baina oraintxe jaso dugu guk ere, eta lanean gabiltza hori posible izan dadin.