GARA Euskal Herriko egunkaria
SURFA

Janire Gonzalez-Etxabarri eta Bitor Garitaonandia Europako txapeldun

Azoreetan egin zen Europako Junior itzuliko azken txapelketaren ostean, Janire Gonzalez-Etxabarri zumaiarrak eta Bitor Garitaonandia debarrak irabazi zuten 20 urtetik beherakoen Europako WSL txapela. Aste honetan QS txapelketan lehiatuko dira.

Sarah Leiceaga biarriztarrak bosgarren postuan amaitu du aurtengo Europako WSL Junior zirkuitua. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Janire Gonzalez-Etxabarri zumaiarrak eta Bitor Garitaonandia debarrak irabazi dute 2022ko Europako Junior WSL txapela. Urriaren 15ean Azore uharteetan egin zen Europako Junior itzuliko laugarren eta azken txapelketaren ostean eskuratu zuten titulu europarra.

Europako bi txapel irabazteaz gain, emaitza oso onak bildu zituzten beste euskal lehiakideek ere. Adibide moduan, azpimarragarria izan zen nesken zein mutilen kategorietako finaletara iritsi ziren lehiakideen hiru laurdenak euskal herritarrak zirela.

Aelan eta Kauli Vaast anai-arreba tahitiarrak izan ziren Azore uharteetan egin zen Europako txapelketako irabazleak; izan ere, Tahitiko uharteak Estatu frantsesaren mende dauden heinean bertako surflariak Frantziako herritar gisa lehiatu behar dute.

AELAN VAAST

Nesken kategorian parte hartu zuten 36 lehiakideen artean euskal surflarien presentzia nabarmentzekoa izan zen. Horren adierazle finalean izan ziren lau lehiakideetatik hiru euskal herritarrak zirela: Janire eta Annette Gonzalez-Etxabarri ahizpak, eta Sarah Leiceaga biarriztarra.

Egun bakar batean egin zen nesken zein mutilen Europako Junior txapelketa; hortaz, lau bider itsasoratu behar izan zuten finalera iritsi ziren lau lehiakideek. Mutilen saileko finalistek, ostera, bost bider itsasoratu behar izan zuten, lehiakide eta erronda gehiago baitira mutilen kategorian. Hortaz, sasoi onean direla frogatu behar izan zuten 20 urtetik beherako lehiakide europarrek.

Olatu ederrak izan ziren, metro bat eta bi metro artekoak, eta surflari gazteek beren onena eman zuten olatuei ahalik eta etekin handiena ateratzeko. Azkenean, Aelan Vaast tahitiarra nagusitu zen eta bigarren postua Janire-Gonzalez Etxabarrirentzat izan zen. Hirugarren postuan 15 urte besterik ez dituen Annette Gonzalez-Etxabarri zumaiarra geratu zen, eta laugarren postua Sarah Leiceaga biarriztarrarentzat izan zen.

Aurtengo Europako Junior itzulia osatzen zuten lau txapelketetatik bi Aelan Vaast tahitiarrak irabazi zituen, baina hiru emaitza hoberenak kontuan hartzen zirenez Janire Gonzalez-Etxabarri zumaiarrak hirugarren aldiz jarraian Europako Junior WSL titulua eskuratu ahal izan zuen.

Janirek 2022ko Junior zirkuituko lehen txapelketa irabazi zuen Marokon eta, horrez gain, beste bi finaletan izan zen, Cabreiroako txapelketan (Galizia) eta joan den asteburuan Azore uharteetan egin zen txapelketan. Zumaiarrak aurtengo denboraldian izan zuen aurkari nagusietako bat Aelan Vaast izan zen baina, tahitiarrak Galizian eta Azoreetan eskuratutako bi garaipenez gain, ez zuen bestelako emaitza esanguratsurik lortu.

«Titulu hau irabazten dudan hirugarren aldia da; beraz, ezagutzen dut sentsazioa baina, hala ere, oso pozik nago», adierazi zion Gonzalez-Etxabarrik WSLko kazetariari. Aurrerantzean zer egiteko asmoa duen ere argitu zuen zumaiarrak: «Uste dut zirkuitu honetan jada nahikoa lehiatu naizela eta orain prest naiz QS eta CS mailako txapelketetan zentratzeko eta aurrerantzean denbora osoa horri eskaintzeko, azken helburua noizbait CT mailan egotea baita».

Aipagarria da ere Annette Gonzalez-Etxabarrik egin duen denboraldia. Europako Junior itzuliko hirugarren lehiaketa irabazi zuen Bretainian eta, horri esker, hirugarren postuan amaitu du 20 urtetik beherakoen aurtengo zirkuitua. Zumaiar gazteak oraindik Junior kategorian lehiatzeko beste bost urte dituela kontuan hartuta, etorkizunean bere ahizpak eskuratu duen titulua irabazteko aukera ainitz dituela esan daiteke.

KAULI VAAST

Mutilen kategorian ere lehia gogorra izan zen. Guztira 72 lehiakidek parte hartu zuten, eta, nesken kategorian bezala, launaka itsasoratu ziren. Jakauli Vaast izan zen txapelduna, Teahupooko olatu beldurgarrietan itzelezko munstroak hartzeagatik ezagun egin den 20 urteko tahitiarra.

Finalera iritsi ziren gainerako hiru lehiakideak, ordea, gipuzkoarrak ziren. Bigarren postuan Adur Aamatriain zarauztarra geratu zen eta hirugarren postuan 16 urte dituen Keoni Lasa gaztea, zarauztarra hau ere. Laugarren postua Bitor Garitaonandia 20 urteko debarrarentzat izan zen, eta finalera iristeagatik lortutako puntuei esker aurtengo Europako Junior txapela ere eskuratu zuen surflari gazteak.

Indartsu hasi zuen aurtengo denboraldia Garitaonandiak. Junior itzuliko lehen txapelketa irabazi zuen Marokon eta denboraldia WSLko titulu europarrarekin amaitu du. Horrez gain, QS mailan ere nabarmendu da Europan egin diren txapelketetan; esaterako, bigarren postua lortu zuen Ingalaterran egin zen Animal Pro txapelketan.

Aurtengo denboraldiari begira ezarritako helburua bete duela aitortu zuen surflari debarrak WSL erakundeari eginiko adierazpenetan: «Oso-oso pozik nago titulu hau eskuratzeaz. Iaz zailtasun handiak izan nituen eta garaipen honek behar nuen konfiantza berreskuratzen lagundu dit. Duela sei hilabete norbaitek esan izan balit titulu hau irabaziko nuela ez niokeen sinetsiko; beraz, apur bat irreala sentitzen dut, baina zoriontsu naiz zeren lan handia egin dut. Nire helburu bakarra izan da aurtengo denboraldian; urtarriletik egunero esnatu eta nire mugikorrean idazten nuen Europako txapeldun izango nintzela, eta uste dut une batean sinesten hasi nintzela».

Europako WSL Junior itzulia amaitu da, baina Europako Qualyfiing Series itzulia oraindik indarrean da eta 20 urtetik beherakoen kategorian emaitza esanguratsuak lortu dituzten zenbait surflari gazte ere bertan lehiatzen dira. Ondorioz, oraindik Azore uharteetan jarraituko dute surflari gazteetako batzuek, urriaren 18tik 23ra bitartean egingo den 3.000 puntuko Azores Pro lehiaketan parte hartzeko. Hain zuzen ere, QS mailako zirkuituak munduko zortzi eskualdetan antolatzearen helburua horixe da, surflari gazteek eta laguntza gutxiago duten lehiakideek urrunegi joan gabe eta gastu handiegirik egin gabe QS mailan lehiatu ahal izatea.

QS ITZULIA Datozen egunetan Azore uharteetan egingo den QS mailako txapelketa 2022-2023 itzuliko bosgarrena izango da; izan ere, kontuan hartu behar da QS mailan zirkuitua urte bateko uda sasoian hasten dela eta hurrengo urteko udaberrian amaitzen dela. Gainera, txapelketa bakoitzak ez du berdin puntuatzen; horregatik, Azoreetako lehiaketak bezala, 3.000 puntu eskaintzen dituzten txapelketek garrantzi handiago dute.

Orain artean txapelketa bakarra izan da 3.000 puntukoa Europako QS zirkuituan; alegia, abuztuan Angeluko hondartzan egin zena. Adibidez, Lapurdin irabazi zuen Gatien Delahaye Guadalupe uharteko surflaria mutilen rankingeko lehen postuan da; besteak beste, Angelun eskuratutako 3.000 puntuei esker.

Euskal ordezkariei dagokienez, Kai Odriozola donostiarra aurkitzen da mutilen rankingean goren, hamargarren, eta Adur Amatriain zarauztarra, hamabigarren. Nesken kategorian Ariane Ochoa bizkaitarra rankingeko bigarren postuan da eta Janire Gonzalez-Etxabarri, hirugarrenean. Europako QS zirkuitua amaitzen denean, nesken rankingeko lehen zortzi sailkatuak eta mutilen rankingeko lehen hamar sailkatuak CS mailara igoko dira.