GARA Euskal Herriko egunkaria

Kolonoek 527 eraso egin dituzte aurten Zisjordania okupatuan

Gazte palestinar baten atxiloketa Ramallahn. (Abbas MOMANI | AFP)

Kolonoen indarkeriazko ekintzak areagotu egin dira azken hilabeteotan, eta palestinarrei eta ekintzaile israeldarrei ez ezik, Israelgo Armadako tropei ere eraso egin diete; hots Zisjordania okupatuan kolonoak eurak babesten dituzten militarrei. Horixe gertatu zen atzo Palestinako Huwara hirian.

«Lau soldaduri, horien artean Paraxutisten 202. Batailoiko burua den ofizialari, piper-gasez eraso diete kolonoek bi lekutan, gaueko borroketan», adierazi zuen bozeramaile militar batek. Israelgo Armadaren tropak Huwarako sarbide batean kokatu ziren, Nablus eremuan, ibilgailu palestinarrei harriak jaurtitzen ari ziren dozenaka kolono sakabanatzeko.

Zifrei begiratuta, kolonoen indarkeriak nabarmen egin du gora: 527 eraso izan dira (421 jabetzen aurka eta 106 pertsonen aurka) urriaren 10era arte, Gai Humanitarioetarako Nazio Batuen Erakundearen Bulegoak jaso duenez. Iaz 496 izan ziren. Aurten sei palestinar hil dira kolonoek eragindako istiluetan.

Azken asteotan kolonoek Huwara inguruan ekintza biolento gehiago egin dituzte, baita Nablus eskualde osoan ere.

Duela astebete kolono talde batek Huwara suntsitu zuen, harriekin eta burdinazko barrekin denden eta biztanleen aurka joz. 40 palestinar baino gehiago zauritu zituzten. Bart ere palestinar bat hil zuten tiroz, ustez horrek Jerusalemeko Maale Adumim kokaguneko segurtasun guardia bati eraso egin eta gero. 21 urteko Udai Tamimi da zendutako gaztea, urriaren 8tik ihes eginda zegoena; hain zuzen, postu militarrean soldadu bat hiltzea leporatu ziotenetik.