GARA Euskal Herriko egunkaria
MENDI LASTERKETA

Beñat Marmissolle baionarrak irabazi du Diagonale des Fous

Lapurtarrak lehia oso estua izan du Jean Philippe Tschumi bigarren sailkatuarekin, eta helmugan bost minutuko aldea besterik ez dio atera.


Trail running-ean ultra distantzian lehiatzen diren munduko korrikalariek baieztatzen dute, oro har, lau hitzordu nagusi daudela: Western States 100, Ultra Trail Mont Blanc, Hardrock 100 eta Diagonale des Fous. Bada, azken horretan, Reunion uhartean antolatutakoan, euskal korrikalari bat protagonista izan da: Beñat Marmissolle.

Korrikalari baionarra gai izan da sona handia duen proba hori irabazteko. 165 kilometro eta 10.000 metroko goranzko desnibela dituen ibilbidean bikain jardun du, eta, gutxigatik bada ere, helmugan lehena izan da 23:14:47 denborarekin. Hortaz, Marmissolle lasterketa horren historian sartu da.

Muturreko distantzia duen lehia horretan, bazirudien lapurtarra eta Jean Philippe Tschumi elkarrekin iritsiko zirela, baina, azken kilometroetan, lapurtarrak erritmoa bizitu eta bigarren sailkatuari bost minutuko aldea atera dio. Gogora dezagun, Marmissollek Diagonale des Fous ondo ezagutzen zuela; izan ere, iaz hirugarren postua sinatu zuen. Arantza hori kentzeaz gain, garaipen handi baten jabe egin da. Lapurtarrak berak honela azaldu du: «Lasterketa honetan goi mailako lehiakideek parte hartzen dute. Nire helburu nagusia lehen hamarren artean sailkatzea zen, eta hori espero nuen sasoiko iritsi naizelako. Baina irabaztea beste kontu bat da; ez zen nire prebisioen artean sartzen».

«EZUSTEKO POLITA»

Ez zuen irabaztea espero, baina «ezusteko polita» izan du, eta Marmissollek Euskal Herrira ekarri du hain preziatua den ultra horren 30. ekitaldia. Garaipen honekin, lapurtarra bere curriculuma loditzen ari da. 2019. urtean, adibidez, bere izena indarra hartzen hasi zen International Skyrunning Federation ekimenaren Migu Run Skyrunner zirkuitua irabaziondoren. Iaz, berriz, Aneto Posets ultra trailean gailenduzen, eta Diagonale des Fous hirugarren postuan amaitu zuen. Eta aurten, Ultra Trail Mont Blanc-en seigarrena izateaz gain, Reunion uhartean jokatu den azken proba horretan nagusitu da.

IA HANDIA EGIN DU

Emakumezkoen kategorian Courtney Dauwalter-ek egin duena azaltzea zaila egiten da oso. Badakigu distantzia horretan estatubatuarra munduko espezialista onena dela. Eta, hortaz, Diagonale des Fous irabaztea ez da ezustekoa izan.

Baina 24 ordu eta 37 minutuko denborarekin marka berria ezarri du. Hori gutxi ez, eta hamazazpi minutuengatik ez da podium absolutuan (neskak eta mutilak) sartu. Horregatik guztiagatik, lasai asko aitor daiteke Dauwalterrek ultra distantzien historian une zirraragarrienetako bat idatzi duela. Nor baino nor aritu da gizonezkoekin. Lasterketaren une batzuetan hirugarren eta laugarren sailkatuen (mutilak) ondoan izan da. 137. kilometroan, adibidez, hirugarren postuan jarri da. Baina azken kilometroetan pixka bat behera egin du. Gainera, erorikoa baten ondorioz, belaunean min hartu du. Azkenean, nesken mailan irabazi eta absolutuan laugarrena izan da.

Bide batez, korrikalari estatubatuarrak beste errekor bat egin du. Arestian aipatu ditugun ultra distantziako munduko lau proba nagusietarikoen artean, Diagonale des Fous irabaztea falta zitzaion. Eta lau garaipen horiekin Kilian Jornet berdindu du. Hots, lau hitzordu handi horiek Jornetek eta Dauwalterrek bakarrik irabazi dituzte.