GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA

Turkiako gau iluna atzean utzi eta Europan beste egun bat argitu da Gernikarentzat

Seigarren urtez jokatuko du Emakumeen Eurocupean talde bizkaitarrak, baina, iaz ez bezala, aurten arerio «normalagoak» egokitu zaizkio.

Europako esperientzia onenak bizi nahi ditu berriro aurten Gernikak. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

2022/23 denboraldi honetan Euskal Herriko emakumezkoen saskibaloi taldeek Europan jokatzeko ordua iritsi da. Gaur arratsaldean jokatuko dute nola IDK Euskotrenek hala Lointek Gernika Bizkaiak. Donostiarrek Lyonen egingo dute debuta 20.00etan Asvel Villeurbanneren kantxan, baina ordurako amaitzear egongo da bizkaitarrek Alemanian jokatu behar duten neurketa, Rutroknik Stars Kelternen aurkakoa, 18.30ean hasiko baita.

Egia da hilaren hasieran Anberesko Phantoms Baskets taldearen aurka joan-etorriko kanporaketa gainditu behar izan zuela talde bizkaitarrak, baina aurrekanporaketa bat zen hura. Orain bai, H multzoan debuta egingo du, Umana Reyer Veneziak eta Estudiantesek elkarren aurka jokatuko duten bitartean.

OROITZAPEN PETRALA

Ezin esan talde erraza egokitu zaionik Anna Montañanaren taldeari bere seigarren saiakeran, baina, iaz Europan jasan behar izan zituenak aintzat hartuta, egokitu zaion arerio multzoa ia «eskasa» dela esan liteke.

Ligaxkan La Roche Vendee, Flammes Carolo eta Virtus Bolonia izan zituen aurkari. Eta horri guztiari, Mersin Çukurova talde turkiarraren aurkako kanporaketa gehitu behar. Zorionez, turkiarrek aurten Euroligan jokatuko dute eta bakea emango dute. Pasatu den urtarrilaren 4an, Lointek Gernika Bizkaiari aspaldion FIBAk ontzat jo duen segadarik eskandalagarrienetako bat antolatu behar izan zioten, bizkaitarrak bazterrean lagatzeko.

«Karmak zeozer zor digu», iritzi zion bere garaian Roso Buchek. «Europan jokatzea ederra da. Bidaiatzea, beste saskibaloi mota ezberdinak ezagutzea... oso gustagarria da. Egia da epaileek Ligan baino kontaktu maila handiagoa onartzen dutela, baina, hargatik, intentsitatez gainezka jokatu beharko dugu eta, beraz, oso kontzentraturik», gaineratu zuen partida jokatu bezperan Itziar Ariztimuñok.