GARA Euskal Herriko egunkaria
OSASUNA

Ezbairik gabeko garaipena eta 20 puntu eder poltsikoan

Chimy Avilak, penaltiz, eta Moi Gomezek eginiko gol banarekin bideratu du garaipena talde gorritxoak. Hirugarren partida galdu gabe kateatu dute.

Chimy Avila, lehen gola ospatzen. (Jagoba MANTEROLA)

Partida aurreko prentsaurrekoan Jagoba Arrasatek ongi esan zuen bezala, ederra litzateke 20 puntu batuko balituzte lehendabiziko 12 jardunaldi jokatuta. Bada, gorritxoak iritsi dira zifra horretara, lan erdiak bete dituztela adierazten duen zifrara, alegia. Eta ez nolanahi, gainera. Erabat nagusitu ziren Valladoliden aurka. Talde bakarrak proposatu zituen jokoa eta golak, eta, beraz, merezitako garaipena erdietsi zuten iruindarrek.

Goiz bideratu zuten garaipena. 12. minutuan iritsi zen lehendabiziko gola, baina ordurako arriskua sortzen hasiak ziren gorritxoak. Garaipena ezbairik gabekoa izan bazen, halakoxea izan zen Roque Mesak Manu Sanchezi eginiko penaltia, epaileak ondo ikusi zuena; baina oraingo futbol modernoan horrelako gauzak ere VARean berretsi behar dira. Masipek, duela bi jardunaldi, bi penalti gelditu zizkion Iago Aspasi, baina atzo, Chimy Avilaren jaurtiketaren norabidea asmatu bazuen ere, ezin izan zuen gelditu.

Apenas egon zen erreakziorik Pachetaren taldean eta Arrasaterenak bere horretan jarraitu zuen.

Hala, merezitako bigarren gola egin zuen Moi Gomezek, bere estreinakoa elastiko gorritxoarekin.

ZAZPI PUNTU JARRAIAN

Espanyolen aurkako zelai erdiko marrazki eta jokalari berdinak aukeratu zituen Arrasatek -Torro, Aimar eta Moi Gomez-, eta partida txukuna egin zuten hiruek, bai erasoan eta bai defentsan ere. Torro onenean dago eta Osasunaren sentsazioak ere horren arabera mugitzen dira.

Ezer gutxi egin zuten kanpotarrek, nahiz eta biziago irten aldageletatik. Eta Osasunak beste gol bat sartzeko merituak egin bazituen ere, Masipekin topo egin zuen. Kike Garciaren eta Moncayolaren jaurtiketa indartsuek ez zuten atea ikusi, baina asmo ona zeramaten. Azken hiru partidatan, zazpi puntu batu ditu Osasunak.