GARA Euskal Herriko egunkaria
ENDESA LIGA

IDK Euskotren, gogor eta tinko Kanariar Irlan

Coulibalyk jokatu ahal izan zuen atzo. (FIBA BASKETBALL)

Europan 72 ordu aurretik jokatu arren, Kanaria Handiari tinko eutsi zion atzo eguerdian IDK Euskotrenek. Maria Españak 23 puntu lortu zituen, errebotean nagusi izan ziren donostiarrak eta, etxekoek berdindu zuten aldiro, Joy Adamsek aurretik jarri zuen talde gipuzkoarra. Lana gogor eginda, baina merezita irabazi zuten Azu Muguruzarenek. Asteazkenean Zabiny Brno hartuko dute etxean, Eurocupeko bigarren jardunaldian, baina atsedenaldi laburra ongi irabazi zuten atzo.

Neurketako aurreneko berri ona hasierako bostekoa ikustean jaso zuten donostiarrek, Mariam Coulibaly jokatzeko moduan baitzen, Asvel Villeurbanen aurka belaunean min hartu eta gero. Partida hasierak, berriz, albiste onak berretsi baino ez zituen egin, 10-17 aurreratu baitziren Azu Muguruzarenak.

Etxekoek erreakzionatu arren, Maria España hegalekoak 12 puntu saskiratu zituelako aurreneko laurdenan, IDK Euskotren beti aurretik zen. Hala ere, aurreneko laurdena 24-28 amaitu zen, eta Coulibaly bi falta eginda.

Maliko pibotak ez zuen bigarren laurdenik jokatu, baina IDK Euskotrenek aldea atera ahal izan zuen. Laurdenaren hasieran 28na berdindu bazuen ere etxeko taldeak, 0-9ko partziala sartuta erantzun zuten Azu Muguruzarenek.

Donostiarrak 32-43 aurreratu ziren une batean eta partida bertan hausteko zorian izan ziren. Ez zen halakorik jazo, ordea, Adji Fall Kanaria Handiaren hegal-pibotak eragotzi baitzuen. Dena den, markagailua donostiarren alde 38-46 zela iritsi ziren atsedenaldira.

BETI AURRETIK

Partida nahi baino gehiago estutu zitzaion talde gipuzkoarrari bigarren erdian. Ustez defentsan lan txukuna egin arren, Kanaria Handiak gero eta errazago aurkitu zuen saskirako bidea, Holesinska eta Blasigh hegalekoen bitartez batez ere. Hala, 40-50 aurreratu ostean, 12-2ko partzialari esker berdindu egin zuen etxeko taldeak.

Azken laurdena hastean ere, birritan berdindu zuen markagailua Kanaria Handiak: 68na eta 72na. Markagailua 74-79ra pasa zen, ordea, Adams eta Yurena Diazen saskiratzeekin.

Hala ere, Kanaria Handia 80-83raino hurbildu sen eta, eta azken segundoetan Maria Españak laugarren hirukoa sartu behar izan zuen garaipena lortzeko.