GARA Euskal Herriko egunkaria

Suhia


Bordelera 9 urterekin arribatu omen zen Paul Lafargue, agidanean Kuban jaioa, Santiagon, 1842an. Jardun naiz Karibeko uharte horretan izan zuen bizitzari buruz ikertzen, baina ez dut askorik aurkitu, eta zutabean beste kontu batzuk aipatu nahi ditudanez, horra Karl Marxen suhia bihurtu zenaren zertzelada zenbait. Irakurle amorratua zen, Hegel, Feuerbach, Fourier, Saint-Simon eta batez ere Proudhon leitu eta haien oinarriekin bereak eratu zituen. Azkenaren jarraitzaile egin zen, eta hala kontatu omen zion Marxek bere alaba Laurari gutun batean: Lafargue madarikatu honek aspertu egiten nau bere proudhonismoarekin, eta ez nau bakean utziko bere buru kreolea hausten dudan arte. Baina elkarren lagun bihurtu ziren, eta Laura alaba bere emazte, Engels aldiz ezkontzako aita ponteko. Zahartzaroari ihes egiteko, hala utzi baitzuen idatzita bere testamentuan, 1911ko azaroaren 11n hil ziren biak, zianuroa irentsita. Ordura arte bere pentsamendu eta ekintzak handiak izan ziren. 1880an argitaratu zuen “Le droit a la paresse”, lana eta bizitzari buruzko liburu interesgarria, bere garaiko liburu ezagunen aitzinean itzali samarra, edo gure garaiotan ahantzia agian, baina egun langileriak daukan arazo bati erantzun anitz eman diezazkiokeena, hau da, ez dela mobilizatu behar soldata eta baldintza duinak ukaiteko soilik, baizik bizitzaren zati bilakatzeko lana, eta ez lanaren zati bizitza, alferkeriarako eskubidea aldarrikatzeko modu bat. Horra liburua irakurtzeko gomita.