GARA Euskal Herriko egunkaria

Leopoldo Zugaza hil da, Gerediagaren eta Durangoko Azokaren sortzaileetako bat

Kultur ekintzaile nekaezina, Leopoldo Zugazak Gerediaga Elkartearen sorreran parte hartu zuen eta Durangoko Azokaren lehen edizioen bultzatzaileetako bat izan zen. Photomuseumen sorreraren lekukoa ere izan zen durangarra. Hainbat sari jaso zituen bere ibilbidean, horien artean, Gure Artea.

Leopoldo Zugaza, 2016an, Eusko Ikaskuntzaren saria jaso zuenean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Euskal kulturak galera garrantzitsu bat izan du asteazken iluntze honetan. Leopoldo Zugaza kultur ekintzailea hil da. 1932an Durangon jaioa, Durangoko Azokaren sustatzaileen artean egoteagatik izango da gogoratua, besteak beste. Izan ere, beste euskaltzale batzuekin batera, Zugaza bera izan zen Gerediaga Elkartearen sortzaileetako bat. Garai latzak izan ziren haiek, baina euskal kulturak aterki bat behar zuen eta Francoren diktadurapean izandako euskal kulturaren loraldiak plaza bat behar zuen. Sortzaileak bor-bor ziren, eta Zugazak eta enparauek jarri zioten agertokia erakusteko eta zabaltzeko premian zen kulturari.

Baina ez zen hura izan burura eramandako kultur ekintza bakarra. 1993. urtean, Ramon Serrasekin batera, Zarauzko Photomuseum sortu zuen. Biak izan ziren sorreraren protagonista nagusiak, aparailu eta irudi fotografikoez osatutako euren bildumak izan baitzituen oinarri egitasmoak. Harrezkero, izugarri handitu eta aberastu da hastapeneko bilduma hura. Argazki & Zinema Museoa du izena eta 1993ko irailean zabaldu zituen lehen aldiz ateak Villa Manuela eraikinean; urte batzuk geroago eraberritu zen eraikina eta oso-osorik Photomuseum-aren egoitza bihurtu zen. Helburua argi zuten, hasiera-hasieratik: arte eta teknika fotografikoaren zein zinemagintzaren hastapenak ikertzea eta, batez ere, hedatzea eta jendarteari erakustea. Eta horixe izan zuten xede aurrerantzean.

2020. urtean Lakuako Gobernuak Gure Artea saria eskaini zion Zugazari -Bilboko Arte Ederren Museoko Miguel Zugazaren aita da-. Bere ibilbideari aitortza egin zioten sari ematean, Euskal Herrian kultura eta arte plastikoak sei hamarkadatan sustatzearen eta zabaltzearen alde egin zuen ibilbide oparoan oinarrituta.

Zugazaren «jakin-min eta lanerako gaitasun nekaezinak» arrazoitu zituen une hartan epaimahaiak. Orduan justifikatu zutenez, hauek izan ziren «bere inguruko kulturaren esparruan aurkitu diren hutsuneak betetzera bultzatu» zuten ezaugarriak.

Bart gauean ugariak izan dira ekintzaile durangarra gogoan izan duten mezuak. Horien artean, Ima Garrastatxu (EH Bildu) bere jaioterriko alkatearena: «Leopoldo Zugaza joan zaigu, ezagutzaren maitale eta kultur eragile nekaezina», adierazi zuen agintariak sare sozialetan, haren heriotzaren berri jakindakoan.

Liburugintza eta literatura izan zituen beste pasioetako batzuk. Hala, editore gisa lanean aritu zen 90eko hamarkadan Zarautzen Olerti Etxea sortuz. Halaber, “Irrisko Xorta” deituriko bilduma sortu zuen euskaraz, nahiz eta bera euskal hiztuna ez izan. Euskal kulturarekiko zeukan konpromisoaren beste erakusle bat.

Bere ekintzailetasunak eta nekaezinezko lan eskergak Eusko Ikaskuntzaren errekonozimendua jasotzera eraman zuen. Horrela, ohorezko bazkide bihurtu zen, durangarrak zeukan gaitasun intelektuala eta euskal kulturarekiko erakusten zuen sentsibilitateari gorazarre eginez. Lurrak gozo har dezala.