GARA Euskal Herriko egunkaria

Ultraeskuinaren igoera handiari esker Netanyahuk gehiengoa eskura dauka

Astearteko hauteskundeen argazkia argia da: Israelgo historian lehen ministro karguan denbora gehien egin duen Benjamin Netanyahu, oposizioan urte eta erdi eman ondoren, boterera bueltatzeko pronto dago, eskuin muturreko Likud alderdiaren eta ultraortodoxo arrazisten batuketak gehiengoa emango bailioke, botoen %85 zenbatuta.

Benjamin Netanyahu, pozarren, jarraitzaileei bere garaipena iragartzen. (Menahem KAHANA | AFP)

Ezin zaio «itzulera» esan. Joan den udan Benjamin Netanyahu lehen ministro kargutik bota zuten hainbat alderdik, ustelkeria eta agintekeria akusazioen inguruan nazkatuta osatu zuten koalizio bitxi batean bilduta. Baina atzoko hauteskundeetan gertatutakoa ikusi ondoren -bosgarrenak lau urtean- «aldaketaren gobernua» deiturikoa erraldoi politikoaren ibilbidean «iragarkietarako eten» bat baino ez da izan. Botoen %85 zenbatuta -nahiz eta Tel Aviv progresistaren eta gehiengo arabiarra duten hainbat hiritako botoak zenbatu gabe egon-, eta behin betiko emaitza ofizialak datorren astera arte jakingo ez badira ere, «Bibi» da -izen horrekin ezagutzen dute israeldarrek- Gobernu berri bat osatzeko hautagai probableena.

Likud bere alderdiaren emaitzei esker bainoago -aurreikuspenetatik behera ibili baita- eskuin mutur-muturreko sionismo erlijiosoaren alderdiek izan duten igoera ikusgarriari esker -bereziki Itamar Ben-Gvir lider antiarabiar arrazistarena-, eta, batez ere, arabiarren eskubideen aldeko eskuineko bi alderdik eta Meretz alderdi ezkertiarrak izan dituzten emaitza eskasak baliatuz, ia kiniela guztietan Netanyahu ageri da Israelgo hurrengo lehen ministro gisa. Boto zenbaketa azkeneraino iritsi ahala alda daitezke emaitzak, eta, Israelgo mapa politikoa zein zatitua dagoen jakinda -non alderdi bakar batek ez duen gehiengoa inoiz lortzen eta koalizioak osatzea behar eta kultura politikoaren parte den-, edozer gerta liteke. Edonola ere “Bibi” hor egongo da, jokoan, ardatz, eta, 60 diputatuen langara ez iritsita ere, beti geratuko zaio seigarren hauteskunde batzuen aukera.

«Bibi» bai/ez erreferenduma

Azken lau urteetan Israelek ezagutu duen krisi politikoa Netanyahuren kontrako iruzur, eroskeria eta ustelkeria akusazioek markatutakoa izan da. Hamabi urteko bere agintaldiaren akabera ekarri zuten, baina mapa politikotik desagertuko zela amesten zutenek amesgaiztoa bizi dute gaur.

Bere figurak israeldar gizartea polarizatu du; hauteskundeok, hein batean, «Bibi bai/Bibi ez» erreferendum baten forma hartu dute, eta argi geratu da, onerako ala txarrerako, Israelgo politikaren gurpilaren ardatza bera dela. Lider zaildua, burdinazko ukabilduna, neurria erakutsi duena, garai nahasietarako fidagarria dela uste dute bere jarraitzaile sutsuek. Kontrakoek, aldiz, arrisku bat dela diote, Iran, Hamas edo Hezbollah baino, bera dela Israelek daukan arrisku handiena. Baina ez du inor epel eta axolagabe uzten. Ez horixe.

Arrazismo «errespetagarria»

Hauteskunde gaueko irabazlea, baina, Itamar Ben-Gvir arrazistaren Otzma Yehudit (Botere Judua) alderdia izan da. Benjamin Netanyahuk ezinbestean koalizioan sartu behar ditu, gobernatu nahi badu. Ordezkaritza bikoiztu du, Israelgo Parlamentuko hirugarren indar bilakatzeraino. Emaitzak ospatzeko Jerusalemen egin zuen elkarretaratzean, soilik gizonentzat baimendutakoan, oihu bat nabarmendu zen: «Terrorista arabiarrak akabatu!».

Hori baita alderdiaren ideologiaren mamia: arabiarren kontrako gorrotoa. Israelgo biztanleen %20 arabiarrak izan arren, «desleialak» direla esanda guztien deportazioa defendatzen du Ben-Gvir liderrak, baita Zisjordania osoaren anexioa ere. Palestinarren protestetan pistola eskuan ateratzen da eta palestinarrak tirokatzeko eskatzen die poliziei. Beldurgarria da. Hori da Israelgo politikaren maila. Edo maila eza. Munduan dagoen joera baten adierazpena.