GARA Euskal Herriko egunkaria

Zapiaz (II)


Irango emakumeek ez dute botererik izango, baina jakin badakite zer nahi duten, inork (uler bedi Mendebaldeak) ezer azaldu beharrik gabe. Eta horren alde borrokatu dira denbora luzez: egun hauetako protestak ez dira gertaera konkretu bat; aitzitik, elkarri lotuta dauden burujabetasun mota ezberdinen negoziazioaren barruan ulertu behar dira. Horregatik komeni da protagonista beraiei entzutea, nondik datozen eta nora doazen ulertu ahal izateko. Nik neuk dezente ikasi dut Iran, Palestina, Senegal zein Jordaniako emakumezko lankideei entzunda. Goi-mailako ikasketak dituzten emakumeak dira eta unibertsitate irakasle dihardute denek. (Ez nuke halako azalpenik eman behar, baina aurreko zutabean azaldu bezala, gaia islama eta emakumeak denean, azken horien gaineko irudi konkretu bat indartzeko joera dago/daukagu). Batzuek hijaba daramate, beste batzuek ez. Bata ala bestea aukeratzeko arrazoiak hamaika dira, eta inork ez du uste arrazoi bat gainerakoak baino hobea denik. Denentzat garrantzitsuena erabakitzeko eskubidea da. Hara, ez ote da hori Mendebaldeko emakumeok ere nahi duguna: geure gorputzen jabe izatea? Zilborra agerian uzten duten arropak eramatea askatzaileagoa edo feministagoa dela uste duenak bere buruari galde diezaiola: norentzat janzten gara emakumeak? Arazoa ez baita arropa, ematen zaien adiera soziala baizik. Horren arabera modu batera edo bestera epaituko gaituzte, modu batera edo bestera kontrolatu nahi izango gaituzte.