GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Badago inpunitatea, eta beti alde berean


Eskandalagarriak dira berez atzo argitaratutako elkarrizketa batean ministro ohi espainiar batek esandakoak; hala ere, inor gutxi harrituko zuten. Jose Barrionuevok gerra zikinaren gaineko xehetasun batzuk jakinarazi zituen, eta askoz gehiago jakinaraz zitzakeela eman zuen aditzera, boterean zegoenean izan zuen babesa ondoren ere izango zuela dakienaren jarrera larderiatsu berbera erakutsiz. Harritzekorik ez, beraz, baina inoiz ikertu eta epaitu gabeko kasu baten gaineko informazioa ere eman zuen, Joxe Mari Larretxea errefuxiatu hernaniarra bahitzeko ahaleginaren gainekoa, hain zuzen, eta bere gain hartu zuen errefuxiatua bahitzeko agindu izana. 1998an Segundo Mareyren bahiketagatik ezarri zioten hamar urteko zigorretik hiru hilabete baino ez zituen bete; aurrena, PSOE bere alderdiko buruzagien txaloak jaso zituen, Rafael Vera estatu idazkariarekin batera kartzelara sartu zenean, eta ondoren PPren Gobernuak indultatu egin zuen. Larretxea, 1984tik erbesteratua, Kuban hil zen 1996an.

«Errugabeak gara, bidegabekeria bat egin da, baina gure eginbeharra beteko dugu, gure ibilbide politiko osoan egin dugun bezala», esan zuen Barrionuevok 1998ko irailaren 10ean Guadalajarako kartzelako atean. Atzo, beste delitu baten egile dela aitortu zuen. Berak eta gerra zikinaren gainerako arduradunek inpunitatearen babesa zuten kontzientziarekin ekin zioten estatu terrorismoari, defenditzen omen zuten beren legedia bera urratuz. Kontzientzia osoa zuten, denborak eta Barrionuevoren adierazpenek erakutsi duten bezala, sasoiko eta ondorengo gobernuen eta estatu aparatuen babesa izango zutela. Horregatik, gaur egun bitxia gertatzen da, eta batez ere kezkagarria, Auzitegi Nazionala inpunitatea kartzelan eta erbestean milaka urte eman dituztenen artean bilatzen tematzea. Pentsaezina litzateke GALen garaiko eta lehenagoko atentatuen egileak haietaz harrotuz agertzea.

GALen biktimek minduta irakurriko zituzten Barrionuevoren adierazpenak. Estatuak oraindik onartu ez dituen biktima horiek, berak eragindakoak, hain zuzen. Nork eman behar ditu oraindik pauso asko?