GARA Euskal Herriko egunkaria

Sturgeon eta Sunak-en lehen bilkura bada zerbait, ezer gutxi aldatzea espero den arren

Liz Trussekin ez bezala, Rishi Sunakekin lehen bilera izan zuen atzo Nicola Sturgeonek. Aurreikusten diren diru publikoen murrizketek eta independentziaren inguruko bigarren erreferendumak markatu zuten hitzordua, eta ez zen tentsioa falta izan.

Nicola Sturgeon, Eskoziako lehen ministroa. (Andrew MILLIGAN | AFP)

Blackpoolen izandako Kontseilu Britainiar-Irlandarrean, 1998ko Ostiral Santuko Akordioaren ondotik ezarritako eztabaida esparruaren baitan, lehen aldiz bildu ziren atzo Rishi Sunak eta Nicola Sturgeon. Bilera bera egiteak badu esanahi bat aurrekariak ezagututa, Sunaken aurretiko lehen ministro britainiar Liz Trussek ez baitzion kortesiazko telefono deirik ere egin Eskoziako lehen ministroari. Nolabaiteko normaltasun bat, edo diplomaziaren gutxieneko protokoloa, berrezarri dela esan daiteke.

Beste kontu bat da bilera horretatik -Irlandako Micheal Martin eta Galesko Mark Drakeford lehen ministroekin ere bildu zela ahazteke- zer emaitza atera zen; zeozer zehatza adostu ote zen. Eta kasu honetan erantzuna biribila da: ez. Ziur aski ezin zen bestelakorik espero. Izan ere, bakoitzaren posizioak ondo ezagunak dira, askotan guztiz kontrajarriak; esaterako, krisi sozialaren aurrean diru publikoa nola erabili ebaztean -Sunakek thatcherista porrokatua dela aitortu du-, eta 2023ko urriaren 19rako Eskoziako gobernuak antolatu nahi duen independentzia erreferendumari dagokionez -Sunakek batasunaren zaindari goren eta absolutista gisa definitu baitu bere burua-.

Erreferenduma eta krisia

Informazio gutxi zabaldu da bileraren inguruan. Sunakek Sturgeonekin bildu baino lehen adierazi zuenez, «zatiketa amaitzeko deia» egin nahi zion, are gehiago «mundu mailako ekonomiaren desafio itzelen aurrean gauden honetan». Eta pertsonalki zuzendu zitzaion prentsaren bitartez: «Izan gaitezen pragmatiko. Lan egin dezagun elkarrekin gure interes partekatuen inguruan, eman ditzagun erantzun eta emaitzak uharte handi hauetako jende guztiarentzat, batasunean eta esperantzan oinarritutako etorkizun bat eraikitzeko».

Sturgeonek, aldiz, erreferendumaren aldeko konpromisoa berretsi zion. Egun, Auzitegi Gorena aztertzen ari da Edinburgoko Parlamentuak Westminsterren baimenik gabe erreferendum hori antolatzerik baduen ala ez. Baiezkoa emango balu, data eta makineria guztia prest dituzte eskoziarrek. «Eztabaida konstituzional» hori gobernuburu bien aurrez aurrekoan oso presente egon dela zabaldu zuten Eskoziako gobernuaren iturriek. «Eskoziako herriaren etorkizun konstituzional propioa erabakitzeko eskubidea errespetatzearen garrantzia» azpimarratzeko baliatu zuten bilera, alegia.

Baina ez hori bakarrik. Eskoziarrak kezkatuta daude Londresen plan ekonomikoekin, aurreratu dituen murrizketa eta «austeritate mingarriarekin». Bizi kostuaren krisiari nola aurre egin eztabaidatzea nahi dute, nahiz eta jakin ekonomikoki eta sozialki antipodan dagoela Britainia Handiko lehen ministroa.

Inork ez daki Sunakek Eskozia, Gales, Ipar Irlandaz, oro har eskumenen eta botereen itzultzeaz zer pentsatzen duen. Ezaguna da Boris Johnsonentzat akats tamalgarria izan zela, berak eta bere ondorengo Trussek ez zituztela Sturgeon, Drakeford edo Sinn Feinekoak errespetuz tratatzen. Sunakek akats bera ez zuela egingo esan zuen. Hori ikusteko jakin-min handia zegoen atzo.

Batasunaren jagolea, IndyRef2-a gelditzeko

Horrela, independentziaren inguruko bigarren erreferenduma (IndyREf2) geldiaraziko zuen (Erresumaren) «batasunaren jagole» gisa definitu zuen bere burua Rishi Sunak-ek, Britainia Handıko lehen ministro berri kargua hartzean. Sunakek soslai unionista gogorra erakutsi du lehen momentutik. «Herrialde bakarra gara eta gure arteko ika-mika konstituzionalek ezin gaituzte zatitu», aipatu zuen, batasun hori babestu eta indartzeko bere eskuetan dagoen guztia egingo duela iragarriz.

Jakina da Eskoziako lehen ministroak 2023ko urriaren 19an egin nahi duela bigarren independentzia erreferenduma, baina berez Auzitegi Gorenaren argi berdea behar du Eskoziako Gobernuak erreferendum hori aldebakartasunez antolatu ahal izateko. Agerikoa da Sunak-ek ez dituela gauzak erraztuko. Eta eskoziarrek badakite hori, ondo jakin ere. GARA