GARA Euskal Herriko egunkaria
DERBIA

Futbola, berdintasuna eta euskara batuko dituen festa

Athleticek eta Realak bezperan hasiko den Euskaraldiarekin bat egingo dute larunbateko derbian. Partehartzaile guztiek egun handia bizitzea espero dute, zelaian gertatuko denarekin gozatuz.

Garazi Murua eta Nerea Eizagirre kapitainak San Mameseko soropilean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

San Mamesek ateak zabalduko ditu larunbatean, euskal futbolaren hitzordu handienetako bat hartzeko: Athleticen eta Realaren arteko derbia. Klubak aukeraz baliatuko dira bezperan hasiko den Euskaraldiarekin bat egiteko, futbolaren festa euskararen eta berdintasunaren festa ere bilakatzeko.

Nerea Ortiz Athleticeko presidenteordeak azaldu duenez, Zuzendaritza Batzar zuri-gorriak «euskararekiko eta berdintasunarekiko konpromiso irmo eta sendoa du. Plan Estrategiko berrian ikusiko dugu, baina epe motzeko ekintzetan ere berdintasuna eta euskara txertatzea garrantzitsua iruditu zitzaigun. Horregatik erabaki genuen derbia San Mamesen jokatzea; eta, Euskaraldia hasten zenez, ezin genuen bat egiteko aukera galdu». Zuri-gorrien zelaia «arigune erraldoi bat» bilakatuko da, Goiatz Urkijo Euskaraldiaren koordinatzaileak nabarmendu zuen bezala. Gainera, «zenbait arlotan inertzia apurtzeko premia dagoela» onartu du, eta horien artean kirola egon litekeenez, bereziki eskertu du derbiak eskainiko duen aukera, «kirolean ere euskara erabiltzeko gonbidapena» luzatuz.

Pozik agertu zen Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordea, «bi erakunde indartsu hauek mezua zabaltzeko» duten aukera nabarmenduz. Euskaraldia ez da festa bat, «hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozial serio bat baizik». San Mamesen futbolaren, berdintasunaren eta euskararen festa bizitzea espero du.

Horren parte izateko aukera eskaintzeagatik eskerrak eman zituen Joseba Ibarburu Realeko presidenteordeak, klub gipuzkoarra «ahal den neurrian beti euskararen alde lan egiteko prest» dagoela adieraziz. «Ezin genion ezetz esan honelako ekimen batean parte hartzeari», gaineratu zuen Ibarburuk, bide batez Reale Arenak apirilean Donostian jokatuko den bigarren itzuliko derbia hartuko duela aurreratuz.

ATHLETIC PLAZA

Eguna partida baino askoz lehenago hasiko da, Athletic Plaza ekimena martxan jarriko baitu klub bilbotarrak, larunbatean, San Mames aurrean.

12.00etan hasiko da jarduerez betetako egitaraua: bertso derbia, puzgarriak, giza futbolina, musika... Euskaraldiaren eta Berdinaldiaren karpak egongo dira baita ere.

IKUSKIZUNA ZELAIAN

Festaren piztailea haren ginga izango da, aldi berean. Derbia 20.00etan hasiko da, eta protagonistek ikuskizun handia ematea espero dute.

Reala gainditzeko Athletic taldeak zer egin behar duen galdetuta, Iraia Iturregik «intentsitate eta ordena defentsiboaren» garrantzia azpimarratu du. «Reala eta beste edozein aurkari gainditzeko, egia esanda, denok baitakigu zein zaila den partidak irabaztea. Gainera, ausartak izan behar dugu baloiarekin. Gure historiako talde gazteena gara aurten, baina jokalariak gero eta erosoago sentitzea nahi dugu, gero eta ausartagoak, baloiarekin eta baloi gabe. Hori izango da gakoa, eta horrek ikuskizun on bat eskaintzen lagunduko digu. Taldeak ausartak, intentsoak... direnean, ikuskizun ona izaten da; hori lortzen badugu, denok izango gara garaile: guk gure futbolaren potentziala erakutsiko dugulako eta zaleak pozik irtengo direlako, beste derbi bat ikusteko gogo biziz».

«Nahiko nuke nik ere jendea San Mamesetik irtetea bigarren itzuliko derbirako sarrerak noiz eros daitezkeen galdetzen», umorez esan du Natalia Arroyok. «Nik ere espero dut, baten irribarrea bestearena baino zabalagoa izango den arren, biok pozik amaitzea, gure taldeak bere mailarik onena eskaini duelako». Argi daukana da, «gure futbola egiten saiatzeaz gainera, oso kontzentratuta egon behar dugula une oro».