GARA Euskal Herriko egunkaria
KOMIKI LIBURUA

Mikel Laboa harrapaezina papereratzeko ahalegina

«Ni ez naiz Mikel Laboa» komiki liburua aurkeztu zuten atzo Antiguako Platero tabernan. Laboaren aurpegi ezberdinak eta aldi berean «agertu gabeak» eraman dituzte paperera Joseba Larratxek, Unai Iturriagak eta Harkaitz Canok. Artistaren ibilbidea ez ezik, bere inguru pertsonalari eta artistikoari ere lekua egin nahi izan diote.

Antxiñe Mendizabal, Harkaitz Cano eta Unai Iturriaga «Ni ez naiz Mikel Laboa» lanaren aurkezpenean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Artea kalean dago, komunitatean, tabernan, gaur bezala; eta horregatik nahi izan dugu hona ekarri»; hori esanez hasi zuen Antxiñe Mendizabal Elkarreko editoreak Antiguako Platero tabernan “Ni ez naiz Mikel Laboa” liburuaren aurkezpena, gertukoenen artean. Hiru buruk eta sei eskuk sortu dute: Joseba Larratxek, Unai Iturriagak eta Harkaitz Canok.

Komikira eraman dute Laboa; egileen ustez «harrapaezina» den arren, haren lorratzei jarraika zerbait biltzen saiatu dira. Canok azaldu zuen zergatik den berarentzat hain iheskorra Donostiako musikaria: «Hartu dezagun bere kantu ezagun bat, ‘Txoriak Txori’ esaterako, eta berdin kantatu daiteke ezkontza batean, hileta batean, parrandan zaudela, sehaska kanta gisa... Hori oso gauza bitxia da». Eta gaineratu zuen entzunaldi bakoitzean zerbait berria erakusten duela, beraz, etengabe doala agertzen eta desagertzen.

Mikel Laboaren figura iheskorra izateaz gain, norberarentzat ezberdina da. «Laboa entzun eta guztiok dugu geografia bat, aldarte bat, kantu bat... buruan. Aurpegi asko ditu Laboak, eta bakoitzak aurpegi batzuk gehiago preziatzen ditugu», adierazi zuen Canok. Iturriaga ere ados dago, baina zehaztapen bat egin du: «Bakoitzak berea duen arren, islatzen saiatu garena guztiona da, eta aldi berean, orain arte ez zegoena da».

Artistaren ibilbidea ageri da, eta bide batean ezinbestekoak dira bidelagunak; horregatik Laboaren ingurua ere papereratu nahi izan dute lan honetan. «Bere senitarteko eta lagunak agertzen dira. Baina askotan agertzen ez den bere inguru artistikoa ere ekarri dugu orriotara: Ez dok Amairu, Zumeta, Bartzelonako bere lagunak... Artista bera bezain garrantzitsua da bere ingurua».

Eta bere inguruaz hitz egin ostean, publikotik Antiguako bizilagun irlandar batek hartu du hitza, Barryk, eta Laboa nola ezagutu zuen kontatu du: «Frontoi ondoko tabernara joan nintzen larunbatez, gizon bat zegoen bertan eta abesti bat ahapetik kantatzen zebilen. Kantua ezagutu nuen eta kantu eta trago artean igaro genuen arratsaldea. Joaterakoan Mikel zela esan zidan. Nire lagun bat sartu zen tabernara eta esan zidan: ‘Zein lagun ospetsuak dituzun! Mikel Laboa zen!’ Eta orduz geroztik nire bihotzean beti izan du leku bat».

KOMIKI BAT SEI ESKUTARA

Iturriagak komikia ez den beste bertsiorik ezin daitekeela egin aitortu du: «Komiki bezala sortu da eta komiki bezala agortzen da, komiki izateko pentsatu dugu». Erdi brometan erdi serio adierazi zuten pozik nahasiko liratekeela eta poztu inork telesail edota animazioren bat egingo balu.

Sorkuntza prozesua «ezohikoa» izan dela azaldu zuten, oso lan partekatua izan delako: «Bidean eraikitzen joan den proiektua izan da: idatzi, marraztu, marraztutakoaren gainean idatzi, berriro marraztu... lan egiteko modu ezberdin bat ikasi dugu».

Irudiak Larratxek egin ditu, eta Iturriagak aitortu du: «Ezinezkoak eskatu genizkion, badaezpada A eta B aukerak bidaltzen genizkion, eta harrigarria zen bere lana: A prima egiten zuen guk eskatutako ezinezkoetatik».

Euskarazko alea egongo da asteazkenetik aurrera liburu- dendetan, baina aurreratu zuten gaztelerazko eta katalanezko itzulpenak udaberriaren bueltan argitaratuko dituztela.