GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Osakidetzaren gainbehera


Osasungintza publikoan arazoak nonahi daude: beste erkidegoetan, Europako beste herrialdeetan, herritarrek beren begiekin ikusi eta beren gorputzean sufritzen duten inpotentzia hazten ari da, etengabe, gero eta azkarrago. Osakidetza ez da salbuespena horretan. Baina horrek ez du arintzen gailentzen ari den kaosa eta egoeraren arduradunek sorturiko haserrea eta kezka. Ez da gutxiagorako. Lehen arretan itxaron zerrenda amaigabeak, larrialdietako kolapsoa, espezialistekin hilabeteak atzeratzen diren hitzorduak... Nola ez dira ba herritarrak etsita eta amorratuta egongo egungo zerbitzuarekin, urteetan zeukaten osasun sistemarekin pozik eta harro egon ondoren?

Osasungintza publikoaren alde Madrilen izan den manifestazio erraldoiak hautsak harrotu ditu. Isabel Ayusoren politikak eta jarrerak ulergarria eta txalogarria den herri sumindura piztu dute. Ironia mingarria da, baina ez dago Madrilgo erkidegoraino joan beharrik osasungintzako langile eta profesionalei bizkarra emanda, maiz beren eskakizunei burla eginez -azkena, Basurtuko bihotzeko kirurgia Gurutzetara eramateko erabakiaren aurrean ospitaleko 38 zerbitzuburuetatik 36k argitaratutako gutuna mespretxatuz-, erabakiak nola hartzen diren ikusteko. Lehen arreta zerbitzuan dagoen utzikeriak, prebentzio mailako zuloek, murrizketek, astinaldia ekarri dute Osakidetzara, erakundea guztiz estresatzeraino. Eta sistema publikoak zenbat eta sumindura sozial handiagoa sortu, orduan eta ugariagoak dira osasun aseguru pribatuak, orduan eta luzeagoa osasun industriaren atzaparra osasungintzaren tartaren zati handiagoa bereganatzeko.

Joera hori ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez dago. Gotzone Sagardui sailburuak Madrilen emandako hitzaldian «sendagile faltari», «herriaren zahartzeari» eta abarri egotzi ahal die errua, ziurta dezake «sendagilearen eta pazientearen arteko kontaktu zuzena» ez dela aldatuko -nahiz eta bideo-kontsultak ez dituen baztertzen-, baina ezin du ezkutatu Osakidetzan, EAJren hamarkadetako kudeaketaren ondoren, utzikeria eta zerbitzu eskasa gailentzen ari dela. Horren lekukotza zuzena eman diezaiokete alderdikide edo boto-emaile diren Osakidetzako sendagile eta paziente ugarik.