GARA Euskal Herriko egunkaria
MENDI-LASTERKETAK

Zegama-Aizkorri, maiatzaren 14an

Korrikalarien eta ikusleen arteko konexioa. (G. RUBIO | FOKU)

Hurrengo urteko Zegama-Aizkorri mendi maratoia maiatzaren 14an lehiatuko dela zehaztu dute antolatzaileek. «Mendi maratoirik esanguratsuena» dela esaten duten hau itxura hartzen doa, beraz, 22. edizioa beteko duen honetan.

Urtetik urtera aurre inskripzioen errekorra hausten du probak, eta 2022ko ediziorako (aurre inskripzioa eta zozketa 2020an egin ziren) 12.500 eskaera baino gehiago egin ziren, 225 plazatarako.

Maratoiko dortsal gutiziatuak eskuratzeko aurre izen-emateak urtarrilaren 16an, eguerdiko 12.00etan, irekiko direla aurreratu dute antolatzaileek, rockthesport.com izen-emate plataformaren bitartez. Hamar egunez, parte hartu nahi duen orok izena eman ahal izango du maratoiaren dortsal bat eskuratu ahal izateko; urtarrilaren 30ean, kilometro bertikalerako eta junior trailerako izen emate epea irekiko da. Dortsalen zozketa otsailaren 24an egingo da.

Bi urtez bertan behera geratu ondoren, munduko mendi maratoirik esanguratsuena 2022an itzuli zen errekor edizio batekin: Kilian Jornetek eta Nienke Brinkmanek lortu zuten garaipena 2017ko errekorrak hautsiz, 3:36.40 eta 4:16.43 denborarekin, hurrenez hurren. Eta audientzia errekorra ere izan zen: maratoiaren lehen emanaldi osoa zen hartan, Youtubeko historian bistaratze gehien izan zituen gaztelaniazko trail lasterketa bihurtu zen. Mendi maratoia lau hizkuntzatan jarraitu ahal izan zen zuzenean: Teledeporte, Euskal Irrati Telebista (EITB), TV3-Esports3 eta ingelesez eskaini zuen Golden Trail World Series bere Youtubeko katearen bidez.

GOLDEN TRAIL SERIES

Koronabirusaren pandemiaren eraginez, bi urtez jokatu gabe geratu zen Zegama-Aizkorri lasterketa eta, izen-emateen errekorra erregistratu ez ezik, Golden Trail Series zirkuituaren barnean ere lekua egin zuen. Mundu mailako proba honen estreinako lasterketa izan zen azken edizioan, eta hurrengoan ere halaxe izango da.

Sortzen den giroarengatik ere bada berezia, baina baita munduko diziplina aditu onenek parte hartzen dutelako ere. Eta ez dago zalantzarik ingurumari ikusgarriei buruz. 42,195 km-ko eta 5.572 m-ko desnibel metatuko ibilbidea ditu Aratz eta Aizkorri mendilerrotik igaro eta inguruko gailurrik altuenetako lau hartzen dituen lasterketa esanguratsu honek: Aratz, Aizkorri, Aitxuri eta Andraitz.