GARA Euskal Herriko egunkaria
MENDIA

Nazioarteko 16 estreinaldi, Mendi Film Bilbao jaialdian

Abenduaren 9tik 18ra bitartean ospatuko da mendia, abentura, muturreko kirola eta natura uztartzen dituzten filmen jaialdia. 59 film emango dituzte; horietako 16, estreinaldi mundialak.

Euskalduna Jauregian egin zuten aurkezpena. (Oskar MATXIN | FOKU)

Abenduaren 9tik 18ra bitarte egingo da BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia mendi, abentura, muturreko kirol eta naturako zinemaren jaialdiaren hamabosgarren edizioa. Gai horri buruzko 59 film ikusi ahal izango dira, eta horietatik 16 nazioarteko estreinaldiak direla zehaztu zuten, atzo, Euskalduna Jauregian eginiko aurkezpen ekitaldian.

Jaialdia Bizkaiko hiriburuko hiru aretotan egingo da: Sala BBK, Golem zinemak eta Euskalduna Jauregian. Guztira 31 zinema saio programatu dira edizio honetarako. Lau hitzaldi eta solasaldi ere izango dira, hiru erakusketaz gainera.

Sail ofizialeko 56 filmak 14 sari irabazteko lehiatuko dira, eta bi sari berezi emango dira: WOP Mendi Film Saria Eduardo Martínez de Pisón geografoari eta IAMFren Sari Nagusia Michael Dillon zinemagileari.

Zabalandi saila lehiaketatik kanpo dauden bi filmekin proiektatuko da: “Everest - Sea to Summit” (mendiko zinemaren historiako film sarituena) eta “Into the Ice” (Darwin mendikaterako espedizio zientifiko eta alpinoa).

Mendi Film Bizkaia-Ternua 2022 Beka irabazi duen film laburra Marina G. Andreu zinemagile asturiarraren “Lobos” da, eta aurtengo edizioan eskainiko dute.

Lehiaketan 190 filmek izena eman zuten, eta hautatu diren 59 filmek hamalau herrialde ordezkatzen dituzte. Horien artean azpimarratzekoa da Euskal Herrian ekoitzitako edo zuzendari euskal herritarra duten 10 filmen presentzia.

Estatu espainiarreko 19 film emango dira, eta antolatzaileek honen hazkuntza nabarmendu zuten, iaz hamar izan baitziren. Bestalde, Estatu Batuetako 12 film proiektatuko dituzte, Estatu frantseseko zazpi, Erresuma Batuko lau, Alemaniako eta Kanadako hiruna, Argentina, Australia eta Poloniako bina, eta film bana Austrian, Italian, Norvegian, Herbehereetan eta Txekiar Errepublikan ekoitziak.

Lisa Stolze (Austria), Laura Zumiani (Italia), Iratxe Fresneda (Euskal Herria), Josue Vergara (Valentzia) eta Albert Pascual (Katalunia) izango dira BBK Mendi Film Bilbao Bizkaiako epaimahaikideak.

HITZALDIAK

Zinema saioekin batera, lau hitzaldi eta hiru erakusteka antolatu dituzte. Hitzaldien artean, “Andres Espinosa” komikiaren aurkezpena egingo dute Ramon Olasagastik eta Cesar Ilagunok; eta Miguel Delibesek “Naturaren kontserbazioa eta aurrerapena” hitzaldia emango du. “Cvcepphoto” argazki erakusketa egongo da. Baita hitzaldiak ere, hala nola “Into the ice” eta “Curavacas Sur: La Montaña Verde” .