GARA Euskal Herriko egunkaria

Euskal Herriko eskalada kulturari «zor zitzaion» eremu berritzailea

Berangoko rokodromo berriak ateak ireki ditu. Sputnik Climbing enpresak bultzatuta, 1,8 milioi euroko inbertsioa egin da 1.800 metro karratuko eremua eraikitzeko. Kirol gunea ez ezik, «elkargune» izatea ere badu xede. Euskal Herria eskaladaren kulturan erreferente izaki, horrelako eremu baten beharra zegoela aitortu dute.

Berangon eraiki duten rokodromoak 1.800 metro karratu ditu eta 150 ariketa gune daude, hauek guztiak bost astean behin ezberdinak izango dira. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Arrakala handia dago Euskal Herrian eskaladarekiko dagoen kultura eta hau praktikatzeko instalazioen artean», uste du Dani Castillok, Sputnik Climbing enpresako kideak eta orain Berangon ateak ireki dituen rokodromoko zuzendariak. Hala, eskaladako eremu berri hau, 1.800 metro karratukoa, zor bat kitatzera datorrela aitortu nahi izan du. Eskaladak gero eta zaletasun handiagoa hartu du, Bilbon, Donostian eta Iruñean maila handiko rokodromoak eraiki dira, eta Uribe Kosta eskualdean dagoen hau ere hazkuntza eta eskari horri erantzutera batu da.

Punta-puntako teknologia eta material berritzaileekin eraikitako gunea egiteko -Errementeriena kalean, merkataritza zentroan-, Madrilen Sputnik Climbing enpresak dituen bi rokodromoak -lehena 2016an sortua eta bestea duela urtebete- hartu dira oinarritzat.

Boulder-gune bat -sokarik gabe eskalatzeko prestatutako gunea- eta ostalaritzako gune zaindu bat uztartzen ditu, eskaladako komunitate osoa elkartzeko. Era berean, eskalada eremuan ere egoteko guneen presentzia nabaria da, nahita diseinatua, «kirol guneaz gain egoteko eta elkartzeko tokia» izatea baitu helburu. «Egiaztatuta dago pertsona bat eskalatzen dagoen bakoitzean, sei daudela lurrean, esperientzia partekatzen eta kontu kontari», adierazi zuen Castillok.

Atzo eginiko lehen irekieran halaxe ikusi zen. Zenbait eskalatzaile batu ziren, helduleku eta horma berriak probatu asmoz eta, bat eskalatzen zegoen bitartean, bospasei pertsonek koltxonetan jarrita trukatu zituzten iritziak eta esperientziak. Tartean izan ziren Mikel Linazisoro eta Ainhize Belar eskalatzaile gazteak. Beharrezkotzat jo dute horrelako zentro baten irekiera, Euskal Herrian rokodromo gutxi daudelako eta kasik «horma guztiak ezagutzen» dituztelako. Berritasuna da hau beraientzat, berritasun baliotsua datorren urteko helburuetan trebatzeko.

Gune ilun, heze eta txikietan entrenatutakoak dira hauek, nahiz eta duela urte batzuetatik Bilbon dagoen Piugaz rokodromoan aritu izan diren. Donostian dagoen Factory ere bisitatutakoak dira, eta orain beste gune bat gehiago daukate, «eskalada dibertigarriagoa» egingo duena, adierazi zuen Belarrek, 18 urte azpiko Espainiako Kopako txapeldunak. Hurrengo urtera begira, Munduko Kopan esperientzia metatzen jarraituko du Linazisorok, eta 2024ko Olinpiar Jokoetarako sailkapenean gerra ematen saiatuko dela ere aurreratu zuen.

hazkuntzari erantzun

Aurreko hitzordu olinpikoa, hain zuzen ere, mugarri izan zen eskaladan. Lehendik ere hazkuntza prozesuan zegoen -«covid-19aren eraginez, konfinamendua bukatu ostean jendea kirol ezberdinak praktikatzen hasi zen», zehaztu dute zentroko langileek-, baina Olinpiar Jokoek are gehiago azkartu dute hazkuntza prozesua. «Albert Ginesek irabazi zuen gainera, Caceresekoak, euskal eskalatzaileekin harremana duenak, Iruñean entrenatzen zebilenak», zehaztu zuen Patxi Usobiaga eskalatzaileak. Horrelako guneekin, eskari horri erantzuna emateaz gain, gero eta gazte jende gehiago inguratzeko aukera dagoela adierazi zuen.

Euskal Herri osoan egon badaude rokodromoak, baina denak elkarte txikiek autofinantzatutakoak dira, beraien afizioz. Horretan dabil aspaldidanik Patxi Usobiaga, eta ez du uste horrelako proiektu batek gainerako herrietan dauden rokodromo txiki horiei traba egingo dienik, «toki gehiago eta ezberdinak behar ditugulako».

HASIBERRIA ETA ESPEZIALISTA

Gaur zabalduko ditu ateak publiko guztiarentzat, prezio murriztuz eta ekimen musikalez girotuta. «Boulderrean 150 eskalada ariketa baino gehiago daude, zailtasun eta tipologia ezberdinetakoak», publiko, adin eta edozein egoera fisikotako pertsonentzat diseinatuak. «Aurrean daukagu horma erraz bat, hasi berri batentzat, eta alboan trebatuago dagoen batentzat; esaterako, ni, eskasa naizela, aritu naiteke batean eta alboan eduki Ainhize Belar bezalako eskalatzaile bat», nabarmendu zuen zentroko zuzendariak, ezaugarri hau hauspo izan daitekeela sinetsita.

Gainera, mugimendu sekuentzia horiek egunero berrituko ditu ekipatzaile talde batek eta, beraz, bost astero zentro guztiko hormen diseinuak eta ariketak ezberdinak izango dira. Kirol eskaintza osatzeko, hamaika bide labur daude sokarekin eskalatzeko, errendimendu handiko eremu bat (Killer Board, helduleku anitzeko taulak, campus board...), haur rokodromoa duen familia gunea eta fitness gela. Era berean, fisioterapiarako gune bat ere badago.

Hau eraikitzeko, 1,8 milioi euroko inbertsioa egon da eta 33 langilek lan egingo dute. Puntako materialarekin eraiki da eta argien konbinazioarekin ere jokatu da: «Heldulekuen formei, koloreari eta ehundurari dagokionez, harmonia bilatu da. Ez dugu kirol gisa bakarrik ulertzen, baita hobetze baloreei, balore sozialei, kulturalei eta ingurumenekoei lotutako bizimodu gisa ere».