GARA Euskal Herriko egunkaria

«Vladimir, erantzun iezaguzu!», soldaduen amek Putini aldarri

Ukrainan borrokatzeko mobilizatutako soldadu errusiarren amak eta emazteak biltzen hasi dira, interneten bada ere, eta Vladimir Putin presidenteari agindu zuena betetzea eskatzen diote. Honek ama talde bat hartu zuen atzo Kremlinen.

Errusiako presidentea ama talde batekin bildu zen. (Alexander SHCHERBAK | SPUTNIK AFP)

Irailean mobilizazio partzial bat agindu ondoren, soldadu berriek entrenamendu sendo bat egingo zutela, ekipamendu on bat jasoko zutela eta ez zituztela lehen lerrora bidaliko agindu zuen Kremlinek. Baina salaketa asko izan dira: mobilizatu batzuk frontean hil dira; gizon ezgaituak, familia ugarien gurasoak edo zaharregiak mobilizatu dituzte; ez zegoen ekipamendu egokirik eta prestakuntza militarrik deituriko askorentzat.

«Akatsak onartu» behar izan ditu botereak, senideen artean kezka areagotuz.

Eztanda egin dezakeen egonezin horrek egoera zail batean jartzen du Kremlin: agintariek Ukrainako erasoaldiari buruzko edozein auzi gupidagabe zapaltzen badute, sakratua da soldaduen emazteen hitza, eta Errusian ez zen onartuko hauen kontra egitea.

Boterea serio hartzen ari den seinale, Errusiako presidentea lehen aldiz bildu zen atzo Ukrainara bidalitako militarren amekin.

«Jakin ezazue ni neuk eta agintari guztiek zuen saminarekin bat egiten dugula. Badakigu ezerk ez duela arinduko seme baten galera», azaldu zuen telebistaz eman zuen agerraldi motz batean. Hori bai, telebistan eta interneten Errusia Ukrainan pairatzen ari den porroten inguruko «gezurrei kasurik ez» egiteko eskatu zien.

Kanpoan, beste senide batzuek koreografiatutako bilera bat salatu zuten, mamiari buruzko eztabaidarik gabe. Putin «bere mahukatik irtendako amekin bildu da, galdera egokiak egin eta eskerrak emateko, beti bezala», deitoratu zuen Olga Tsoukanovak, soldaduska egiten ari den gazte baten amak.

«Vladimir Vladimirovitx, erantzun gure galderei!», bota zuen 20 urteko semea Ukrainako frontera edo mugara legez kanpo bidaliko ez dutela ziurtatu nahi duen emakume horrek.

Espresuki Moskura etorri da Samara hiritik, 900 kilometro ekialdera, Kremlinen hartuko dutelakoan. Alferrik. «Beldur dira galdera deserosoak egingo ote dizkiegun».

Gai korapilatsua

Putinek badaki soldaduen senideen gaia zaila dela.

2000ko abuztuan, Kursk itsaspeko errusiarra hondoratu eta 118 tripulatzaile hil zirenean, gogor kritikatu zuten, berandu erreakzionatu izana leporatuta.

Txetxeniako bi gerretan, soldaduen amen matxinadak atsekabezko sentimendua eragin zuen Errusiako gizartean.

Orain, errepresio giro handiago baten aurrean, protestek ez dute zuzenean zalantzan jartzen Ukrainaren aurkako erasoaldia, baina senideek hara bidaltzeko baldintzak salatzen dituzte.

Errusiako gizartean, «emakumeek boterean erantzukizunak eskatzeko eskubidea duten sentipen inkontzientea errotuta dago», adierazi zuen Alexei Levinson Levada zentro independenteko soziologoak.

Momentuz, mugimendua ez dago inolaz ere koordinatuta. Senideen dei larriak sare sozialetan zabaltzen dira.

Errepresio giro gogorrean, beste emakume batzuk beldur dira beren senideen egoera okertuko ote den prentsarekin hitz eginez, batez ere atzerritarrekin.

«Gutun ofizialak bidali dizkiegu agintariei", idatzi dio AFPri horietako batek, anonimotasunaren babesean. «Ez dira kazetariak gure gizonak lubakietatik aterako dituztenak, eta ez diegu arazo gehiago sortu nahi».