GARA Euskal Herriko egunkaria
BIGARREN MAILA

Salva Sevillak eta Benavidezek Alavesen lidergoa sendotu dute

Benavidez, erdian, Tenagliarekin eta Miguelekin ospatzen. (LA LIGA)

Urriaren 8an Burgosen galdu zuenetik, porrotik ezagutu gabe dago Alaves. Pasatu den astean Ipuruan batutako puntua ondu egin zuen, atzo, etxean, Vila-real B taldearen aurka irabazi eta lidergoa sendotuta.

Partidaren atarikoan, Luis Garcia Plaza ondo defendatzearekin kezkatuta azaldu zen, Castelloko taldeak talentu handiko jokalariak baititu. Era horretan, babazorroek partida ondo hasi bazuten ere, lehen aukera argiena kanpokoena izan zen, Colladoren jaurtiketa indartsu baten bitartez. Siveraren eskuin zutoinak oztopatu zuen gola, 20. minutuan, markagailua artean hutsean zegoela.

Miguel De la Fuente izan zen, lehen zatian, Jorgensen atezainari lan gehien eman zion jokalaria. Suediarrak hegan egin zuen aurrelariaren jaurtiketa arriskutsua desbideratzeko. Oro har, babazorroek, presio altua eginez, Vila-realen areatik gertu ibili ziren, baina ez zituzten hainbeste gol aukera sortu. Hain zuzen ere, lehen zatiko gol bakarra penalti puntutik iritsi zen. Salva Sevilla, Guridi eta Miguel De la Fuenteren arteko konexioaren ondotik, Iñiguez atzelariak eskuarekin ukitu zuen aurrelariaren erremate sotila eta, hasiera batean, epaileak izkinako sakea adierazi bazuen ere, VARean kontsultatu ondoren, penaltia eman zuen. Sevillak ez zuen hutsik egin, 44. minutuan 1-0ekoa egiteko.

Bigarren zatian, ordenari eustea izan zen Alavesen oinarrizko zeregina. Vila-realek ahaleginak egin bai baina apenas sortu zuen arriskurik. Partida 1-0ekoarekin bukatuko zela zirudienean, Benavidezek, buruz, estrategia jokaldi bat bukatuz, jarri zuen behin betiko 2-0ekoa.

EIBAR, CARTAGENARA

Bigarren Mailarekin jarraiki, Eibarrek Cartagena bisitatuko du gaur, 18.00etan, bolada ona luzatzeko asmoz.