GARA Euskal Herriko egunkaria

Venezuelako Gobernua eta oposizioa Mexikon bildu dira

Hitz egiteari berrekin diote Venezuelako Gobernuak eta oposizioak. Petro presidente kolonbiarrak bultzatu du AEBek, petrolioari begira, babesten duten desblokeoa. Bahituta dagoen Venezuelaren ondasuna askatzea eta hauteskundeetara deitzea dira helburuak.

Petro kolonbiarra eta Maduro venezuelarra.. (Federico PARRA | AFP)

Mexiko Hiriko hotel batean bildu ziren atzo Venezuelako Gobernuaren eta oposizioaren ordezkaritzak.

Norvegiaren bitartekaritzaz sustatutako elkarrizketak eten egin zituen Nicolas Maduroren Gobernuak, 2021eko abuztuan Kolonbiak Alex Saab enpresa gizona atxilotu eta AEBetara estraditatu ostean.

Orain, aldiz, Gustavo Petro presidente kolonbiar berri eta ezkertiarrak bi aldeen hurbilketa bultzatu du, eta berak iragarri zuen beste elkarrizketa txanda hau.

Petrok Venezuelako Gobernuarekin harremanak berreskuratu ditu, eta aurreko astean Emmanuel Macron eta Alberto Fernández Estatu frantseseko eta Argentinako presidenteekin bildu zen Parisen, Bakearen aldeko Foroan.

Hirurak Maduroren politikaririk gertukoena den Jorge Rodríguezekin eta oposizioko Gerardo Blyderekin bildu ziren eta, dirudienez, hitz egiten hasteko gutxieneko akordio batera bultzatu zituzten.

Horren arabera, bi aldeak bat datoz Ingalaterrako Bankuak eta AEBek Venezuelako Banku Zentralean bahituta duten urrea eta dirua (5.000 milioi dolar inguru) askatzeko premiarekin. Zati bat Gobernuari itzuliko omen zaio, eta beste zatia Nazio Batuen Erakundeak kudeatuko duen funts bat sortzeko erabiliko da, laguntza humanitarioa bideratzeko. Azken urteetan zazpi milioi bat venezuelar herrialdetik irten egin dira. Iturri batzuen arabera, txirotasunean bizi dira hamar venezuelarretatik zortzi.

Petrolioa

Washington, bere aldetik, Chevron konpainiari Venezuelan inbertitzeko baimena emateko prest azaldu da. Aurreko maiatzean, Venezuelaren aurkako zigor batzuk arindu zituzten AEBek. Ukrainako gerra dela eta, erraldoi amerikarrak Venezuelak dituen petrolio erreserba erraldoiei erreparatu die eta baretu egin ditu Madurorekiko kritikak.

Aste batzuk barru, 2023. urte hasieran segida izango duten elkarrizketen azken helburua hauteskundeak antolatzea da, ziurrenik 2024an.

Mendebaldeko herrialdeek hauteskunde askeak eta egiaztagarriak exijitzen dituzte, Madurorekin iruzurrak izan direla uste baitute.

Guztiz zatituta dagoen oposizioak berak primarioak egin beharko ditu, aurrez lidergo berria aurkezteko.