GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Pediatria Nafarroan: ahaztuetan ahaztuena


Pediatriak Nafarroan gaur egun duen egoera ezin da etsigarriagoa izan. Oinarrizko Osasun Laguntzan ez dago pediatra nahikorik, batez ere landa-eremuetan. Eta laguntza espezializatuan egoera ez da hobea: zerbitzu jakin batzuetan profesional gutxi daude eta azpiegituren eta espazioen egoera oso txarra da arreta pediatriko egokia eman ahal izateko.

Gure politikari eta kudeatzaileek zainketen humanizazioari buruzko kanpainak hitzetik hortzera aipatu bitartean, ZIU pediatrikoak kalitatezko arreta emateko behar diren gutxieneko baldintzak ere ez ditu betetzen, nahiz eta azkeneko legealdietan zenbait inbertsio egin diren.

Nafarroak gutxi gorabehera 40 ZIU plaza ditu helduentzat (Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan, Tuterako Ospitalean eta Lizarrako Garcia Orcoyen Ospitalean), duela gutxi berritu direnak (10 urte baino gehiago ez). ZIU pediatrikoak, berriz, ez du kokagune iraunkorrik, eta arreta pediatrikoa emateko behar diren gutxieneko baldintza duinak ere ez ditu betetzen.

Hori ikusita, pediatriako arretaren egoera gure politikarien eta osasun-kudeatzaileen agendetako azken orrietan dagoela ematen du. Bestela, ez da ulertzen azpiegiturei dagokienez hain zerbitzu prekarioak izatea, ez bakarrik arlo orokorrean, baita Bideko Ama Birjinaren Ospitaleko ama eta haurren arloan ere; ospitale hori zaharkitua dago, ez da eraginkorra eta guztiz eskasa da gaur egungo beharretarako.

Ospitalizazio pediatrikoko unitateak berritze integrala behar du gelak goitik behera berritzeko. Gaur egun, haurrak hiru oheko geletan pilatzen dira, girotze sistemarik gabe. Gelak gehien-gehienetan beteak egoten dira, eta etengabe egiten diren adabakiek ez dute egoera konpontzen.

Haur eta gazteen psikiatriako Unitateak ere azpiegitura zaharkitua eta gaizki dimentsionatua dauka. Lau postu besterik ez du Nafarroako herritar guztiei presako arreta emateko, eta hango langileak, jakina, ez dira nahikoak sortzen diren beharrei erantzuteko.

Jaioberrien zerbitzuan egindako berritze-lanak beste adabaki bat baino ez dira. 40.000 euro inbertitu dira, eta ongi etorria izan da inbertsio hori, baina gutxiegi da, inolako zalantzarik gabe. Hori ikusita, argi dago, beste behin ere, ez dutela inolako asmorik Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan pediatria arloak duen egoerari modu integral batean ekiteko, plan zuzentzaile egingarri batekin eta kronograma zehatz batekin.

Azaldutako egoeraren ondorioz, profesionalak gogaituak daude, eta haurren familiak haserre, ikusten baitute ezin dutela ezer egin beren haurrek behar bezalako arreta jaso dezaten. Horrek guztiak ekarri du kasu asko osasun sistema pribatura deribatzea, eta gure osasun-kudeatzaileek normaltzat eta beharrezkotzat jotzen dute hori, lankidetza publiko-pribatuaren aitzakiarekin. Gure sindikatuak, berriz, horrelako deribazioak argi eta garbi salatzen ditu, atzean funtsezko zerbitzuen pribatizazio argia delako.

LABetik, gure kudeatzaileen eta erdi mailako kargudunen jarrera salatu nahi dugu, ez dutelako ezer egiten konponbideak bilatzeko. Bada garaia kudeatzaileek zein politikariek lanari ekin diezaioten, jendaurrean adierazitako hitz eta asmo polit horiek bete ditzaten eta arreta pediatriko integralerako ekintzen kronograma bat ezar dezaten, horretarako behar den finantzaketa bideratuz.