GARA Euskal Herriko egunkaria

Nemirovsky eta Kristof, gerra literaturatik kontatzen

Nazien okupazioa bizi eta pairatu zuten Irene Nemirovskyk eta Agota Kristofek, eta biek gerraren krudelkeria ekarri zuten literatura moldean. «Suite frantsesa»-k denbora errealean kontatzen du gerra; «Koaderno handia»-k, haurren begietatik.

Jorge Gimenez Bech, Alberdaniako editorea. (Jon URBE | FOKU)

Gerra euren larruan bizi eta literaturaren bidez kontatu zuten bi emakumeren lanak berrargitaratu ditu Alberdania argitaletxeak: Irene Nemirovskyren ‘‘Suite frantsesa’’ eta Agota Kristofen ‘‘Koaderno handia’’. Lehenbizikoaren kasuan, berrargitarapenak Nemirovskyren obraren azken bertsioa biltzen du, 2004an ezagutu zena, eta, bigarrenarenean, itzulpena gaurko egunera ekartzea izan da xedea.

Liburuen aurkezpenean Aritz Galarraga editoreak azaldu zuenez, Nemirovskyren lana «naziek Frantzian egin zuten jazarpenaren testigantza ezin baliotsuagoa da». «Memoriaren literatura asko egin da, fikzioa gutxiago, baina gehiena izan da a posteriori egindako idazkera, gerra bukatu eta bizirik atera diren horiek egindako literatura. Eta Nemirovsk-ren bertuteetako bat da ari zaigula gerra kontatzen nazioen okupazio edo inbasioa gertatzen ari den une berean, eta gainera ez lehen lerroko bizipenak, baizik eta herritarren ihesaldi zalapartatsu hori da kontatzen diguna. Eta gainera egiten du fikzioaren bitartez», eman zion balioa.

Nemirovsky 1942ko abuztuaren 17an hil zen Auschwitz-eko kontzentrazio eremuan. Artean obra amaitu gabe zuen, eta haren lehen zirriborroa izan zen argitara eman zena. Eta berehala eskuratu zuen sona: bi hilabetetan 200.000 ale saldu ziren. Sorpresa handiena, ordea, alaba hil zenean etorri zen: mekanografiatutako jatorrizko zirriborroaren gainean hainbat oin-ohar zeudela ikusi zuten, eta bertsio osatu hori da Alberdania euskarara ekarri duena.

Agota Kristofen ‘‘Koaderno handia’’-z Jorge Gimenez Bech aritu zen. Honakoa ere autografiatik asko duen testua dela baieztatu zuen Alberdaniako editoreak, eta azal -zinemagile irandar batek liburuan oinarriturik egindako filmeko irudia- eta maketazio berria eta itzulpen gaurkotua dituela esan zuen. Gimenez Bechen hitzetan: «Liburu zirraragarria da, kontatzen denagatik eta kontatzen den moduagatik».