04 DéC. 2022 PILOTA Binakakoa hasterako, lidergoa hartu dute txapelketako jotzaile nagusiek Jon Mariezkurrenak partidaren kontrola izan zuen hasieratik, baina batez ere erditik aurrera, eta Jon Ander Peña eraginkor batek ondo lagunduta, inolako aukerarik ez zien eman Lizarran lehiari kosta ahala kosta eusten saiatu ziren Jaka eta Arangureni. Jon Mariezkurrenak erabat erakutsi zion bizkarra Aitor Arangureni, batez ere partidaren erditik aurrera. (Endika PORTILLO | FOKU) Jon ORMAZABAL Binakakoa hasi baino ez da egin, baina bi partida jokatuta, atzelari jotzaileak dagoeneko hasi dira euren eremua markatzen. Bezperan Jose Javier Zabaletak Zornotzan egin zuenaren bidetik, Jon Mariezkurrenak beretzat hartu zuen Lizarrako partidako aginte makila eta bi atzelaririk jotzaileenak biltzen dituzten bikoteak dagoeneko sailkapenaren buruan dira, jokatutako bi partidak irabazita. Batez ere lehen erdian, saiatu ziren Jaka-Aranguren partidari eusten, baina berriozartarrak martxa bat igo zuenean ezin izan zieten haren eskuinkadei jarraitu eta aurreko astean Bartzelonan baino askoz urrutirago geratu ziren euren lehen puntua batzetik. Eta hori, partida hasieran hortzak erakutsi zizkietela oso faborito irten ziren aurrelari tolosarrari eta atzelari nafarrari. Jotako lehen pilotakada hamarrean jarri bazuen ere, Jon Mariezkurrenak behetik gorako partida jokatu zuen, indarrak neurtuz bezala, eta lehen tanto horietan ez zion bizkarra horrenbeste erakutsi ondo defendatu zen aginagarrari. Jaka ere pixkanaka bere onera dator eta saiatu zen izan zituen aukera apurretan jokoa nahasten eta 7-9kora arte, hainbestean eutsi zioten. Hori bai, Peña eraginkor batekin, batez ere ezker gantxoz aritu zen tantoak amaitzen. Partidak kolore urdina zuen hasieratik eta erdi parte horretan apurtu zen zeharo. Jon Mariezkurrena pixkanaka Aitor Aranguren 10. koadroan kokatua dagoen errebotera bultzatuz joan zen eta Jon Ander Peñak ez zuen bere atzelariak sortutako abantaila alferrik galdu. Ez zen agian bezperan Aitor Elordi bezain dotore aritu tantoak amaitzerakoan, baina tolosarrak ere badaki tantoak egiten eta partidaren bigarren erdi eroso xamarra izan zuten, Arangurenek egindako esfortzua ordaindu eta Jakak apenas izan zuelako jokoan sartzeko aukerarik. UDAKO MARIEZKURRENA Iaz gozatzerik izan ez zuen Jon Mariezkurrena bat sufritu behar izan zuen lizartzarrak atzo. Berriozarren bertan jokatutako lehen partidan eskuinean pilota bat sartu eta hari buelta eman ezinik aritu zen nafarra iazko txapelketa guztian. Aurten, ordea, eguraldia derrepentean aldatu zaigun arren, negu gorrian udako Mariezkurrena ikusten ari gara txapelketako lehenengo bi asteetan. Partidak bere aldera hausteko gai den atzelari gutxi horietako bat da gaur egun berriozartarra eta bere akats kopurua ia desagerrarazi duen honetan, kantxan sekulako konfiantza irabazi eta transmititzen du Baikoko atzelariak. Errematean kamutsa ez den aurrelari bat jarri diote aldamenean eta Peñak ere badu eskuinez kontrako atzelaria zigortzeko gaia. Momentuz ondo ari dira elkar ulertzen eta oraindik ezer esateko goizegi bada ere, eskuek eta gainerako lesioek errespetatzen badituzte, sailkapeneko goiko postuetan egoteko moduko bikoa osatzen dute. ALTUNAK EZ DU JOKATUKO Bien bitartean, hala espero bazen ere, Jokin Altunak ez du asteartean Tolosan jokatuko. Amezketarrak binakako entrenamendu bat egin zuen atzo goizean Idiazabalen Egiguren, Erostarbe eta Tolosarekin batera eta oraindik bere eskuin eskua erabat osatu gabe dagoela ikusi zuen. Aurreko astean bezala, Danel Elezkano izango da bere ordezkoa Peio Etxeberria eta Rezustaren aurka. «Entrenamendu bat egin dugu binaka eta oraindik ere kolpea notatzen dut, oraindik ez daukat eskua kantxara irteteko moduan eta aste honetan ere ez dut jokatuko. Ea hurrengo asterako jartzen naizen», azaldu zuen Aspeko aurrelariak probaren ostean. Ondo hartu beharreko erabakia du Jokin Altunak, izan ere, gero hiru egunetan bi partida jokatzeko iragarria baitago. Datorren larunbatean Labriten jokatzekoa da Ezkurdia-Martijaren aurka eta asteartean, Santa Lutzi egunez, Urretxun, Jaka-Arangurenen aurka. Iazko lezioa ikasita, ez da akats berean eroriko. BILBOBinakakoa atzo bertso oholtza izan zen Bizkaia pilotalekura joango da gaur. Bertan, Laso-Imazek euren bigarren puntua bilatuko dute lehena nahi duten Urrutikoetxea eta Albisuren aurka.