GARA Euskal Herriko egunkaria

Tokiak


Nola ahantzi iragana, ikusitako toki bakoitzak zugana banarama?». Hala idatzi nuen inertziaz, ez dakit zerekin pentsatzen ari nintzela, eta lagun batek erantzun zidan hitzak jarri nizkiola bera sentitzen ari zenari. Bikotea galdu berri, galera horren dimentsiorik ukan ez, eta hotzikara sentitu nuen, agian bere minera hurbiltzeko zubi. Zein zaila den enpatia zoritxarraren aitzinean.

Askotan oroitzen ditut tokiak bestalde, edo, estimutan nuenaren heriotzaren berri izan nuen tokira narama memoriak, zauri marra bat azalaren hedaduran, atximurka bat bailitzan. Egiazki zaila baita heriotza ulertzea, zergatik heldu den momenturik txarrenean, onik ez duelako bere xedean.

Ez ezazu heriotza kantatu, ‘‘Ne chantez pas la mort’’ kantari entzun nahi zaitut, Leo Ferré. «La mort... Je la chante et, dès lors, miracle des voyelles. Il semble que la Mort est la sœur de l’amour. La mort qui nous attend, et l'Amour que l'on appelle. Et si lui ne vient pas, elle viendra toujours».

Heriotza, heriotza. Nik abesten dut eta, hortik aurrera, bokalen miraria. Badirudi heriotza maitasunaren arreba dela. Itxaroten gaituen heriotza, eta deitzen dugun maitasuna. Bat etortzen ez bada bestea beti etorriko da.

Segaren partea emateko deitu dit lagun batek, bi lagun galdu ditugula egun berean, bat gertukoa, bestea urrunagokoa, herrikoak biak.

Eta orain, nola ahantzi jakin dudan tokia? Agian, toki alaiagoetara bideratuz burua. «Goizero sortuz bizitza ere hortxe zegok eta».