GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Jon Mariezkurrenak beste lau urterako luzatu du Baikorekin duen lotura

Unai Lasoren atzetik kontraturik luzeena duen pilotaria izango da Berriozarreko atzelaria. 2026ko abenduaren 31ra arte berritu du hitzarmena, aurrez 2018an debuta egin eta 2020ko udan, hor ere Lasorekin batera, enpresa bilbotarrak kalean utzi eta gero.

Mariezkurrena, kontratu luzatzea jakinarazteko agerraldian. (BAIKO PILOTA)

Baikok eta Jon Mariezkurrenak atzo goizean sinatu zuten Berriozarreko atzelaria Bilboko enpresarekin 2026ko abenduaren 31ra arte lotuko duen kontratu berria.

«Oso pozik nago sinatutako kontratuarekin; ez da arazorik egon eta bi aldeak oso azkar iritsi gara akordiora. Oso ilusionatua nago kontratu berri honekin eta etapa berri honekin, eta ea ba lau urte hauetan pixkanaka hobetzen jarraitzen dugun. Egia da momentu oso onean harrapatu nauela kontratu berri honek; oraintxe bertan Binakako Txapelketan zentratuta nago eta ea ongi doan», azaldu zuen atzelari nafarrak bere enpresaren web orrialdean eginiko adierazpenetan.

2018ko uztailaren 13an debuta egin zuenetik gorabehera asko bizi izan ditu Mariezkurrena II.ak, eta kontratu berri hau unerik egokienean heldu zaio, udako pilotaririk onena izan ostean eta Binakakoaren hasiera bikain bat osatzen ari denean.

Epe ertainerako berme berri honekin, jardunean den txapelketa du buruan atzelari nafarrak. «Oraintxe bertan helburu nagusia Binakako Txapelketa da, bete-betean sartuta gaude, oso hasiera ona eta polita eman diogu Peñak eta biok. Eta etorkizunera begira ere ea pixkanaka-pixkanaka hobetzen jarraitzen dugun, urtez urte dauzkagun gabezia horiek hobetzen ditugun eta ea gora goazen», gehitu zuen.

LASOREKIN BATERA

Kontratu berri honekin, Berriozarreko atzelaria da, Unai Lasorekin batera, Baikorekin lan hitzarmenik luzeena sinatu duen pilotaria -Bizkarreta-Gerendiaingoak 2027ko ekainera arte jarraituko baitu, momentuz-.

Kontuan izan behar da 2020ko udan bi pilotari hauek kalean utzi zituela Bilboko enpresak, kirolariek eskaintzen zizkieten baldintzak ontzat eman ez zituztelako. Mariezkurrenaren kasuan, 2021eko ekainean, urte horretako Binakakoa Asperekin jokatu eta gero, itzuli zen Baikora, enpresako pilotarien grebaren amaieran adostutako horren baitan.

Behin albiste hau publiko egin eta gero, Jon Mariezkurrenak ostegun honetan bertan estreinatuko du kontratu berria, Bergaran, Peñarekin batera Laso eta Imazen aurka jokatu behar duelako Binakakoaren hirugarren jardunaldiko partida.

Aurreneko bi jardunaldietan gauzak ondo baino hobeto atera zaizkie Tolosakoari eta Berriozarkoari. Hasteko, 15-22 irabazi zieten Urrutikoetxea eta Albisuri Tolosako Beotibarren. Bigarren jardunaldian, berriz, Jaka eta Arangurenek 10 tanto baino ezin izan ziezkieten egin Jon Ander Peña eta Jon Mariezkurrenari Lizarran jokaturiko deman.

Hala, bi jardunaldi baino pasatu ez badira ere, lidergoa partekatzen du Baiko enpresako bikoteak, Elordi eta Zabaletarekin berdinduta, biak ala biak oraindik porrotik ezagutzeke. Hori bai, Elordik eta Zabaletak 32 tantoko aldea atera dute aurreneko bi neurketak irabazi eta gero, eta Peña II.ak eta Mariezkurrena II.ak, ostera, 19 tanto gehiago egin dituzte jaso dituztenak baino.