08 DéC. 2022 KOLABORAZIOA Bide Hezkuntza Aritza URRENGOETXEA CORDOVILLA Irakaslea Trafiko istripuek heriotza eta zauritu tasa handia dute mundu osoan. Osasunaren Mundu Erakundearen kalkuluen arabera, milioi bat pertsonak baino gehiago galtzen dute bizia urtero bide-ezbeharren ondorioz eta gizakiaren bederatzigarren heriotza kausa bihurtzen ditu. Gainera, hildako gehienak bide erabiltzaile ahulenak izaten dira; oinezkoak, txirrindulariak, motorzaleak eta garraio publikoko erabiltzaileak. Nabarmendu behar da ere errepideetako istripuek heriotzak eragin ez ezik, urtean hogei eta berrogeita hamar milioi zauritu ere eragiten dituztela eta horietako askok larritasun ezberdineko gaixotasunak jasaten dituzte. Gertaera hauek sortzen duten sufrimendu pertsonalari maila indibidualeko eta sozialeko kostu materialak gehitu behar zaizkio, bide istripuek larrialdi zerbitzuetan gainkarga eta kostu ekonomiko handiak eragiten baitituzte osasun sistema osoan. Horrenbestez beharrezkoa da hezkuntzan Bide Hezkuntzaren garapen sakona lantzea, aipatutako kopuru horiek murrizteko eta saihestetako. Alde batetik, Bide Hezkuntzaren helburua trafikoan jokabide seguruak sustatzea da, baina bidaiatzeko eta mugitzeko eskubidea mugatu gabe. Mugikortasun seguruaren sustapenaren bidez. Haur Hezkuntzako etapatik hasi eta heldutasunera arte etenik gabeko ikaskuntza prozesua da, prebentzio estrategiak, prebentzio politikak eta trafiko lege-arauak barne hartzen ditu; ezagutza, trebetasun, mugikortasun ohituren, baloreen eta jarreren bitartez. Hezkuntza sisteman aipatutako Bide Hezkuntzaren ezaugarriak udalerrietako udaltzainek ematen dituzte ikastaro jakin batzuen bitartez eta batez ere trafiko arauetan arreta jartzen da, baina hauek bukatu ostean ez da era iraunkor batean ikasgeletan lantzen jarraitzen eta jasotako kontzeptu ezberdinak ahaztu egiten dira. Beraz, hauen emankortasuna zalantzan ipin daiteke. Beste alde batetik, segurtasunera bideratutako heziketaren ikuspegiak alde batera uzten ditu mugikortasunerako eta garraiorako alderdi garrantzitsu batzuk. Besteak beste garraioaren irisgarritasuna eta iraunkortasuna garrantzi handiko gaiak dira. Motordun bidaiak gero eta sarriagoak diren heinean, hezkuntzak garraioari buruzko ikuspegi kritikoa eta etorkizun hurbilean alternatibak bultzatu behar ditu. Eztabaidatu beharreko arazoen artean, motordun ibilgailu pertsonalen erabilera hedatuaren ondorioak eta garraiobide publikoen onura indibidualak eta kolektiboak daude. Nabarmendu behar da ere errepideetan gizakiak egiten dituen ekintzek beste bizidunetan eragina izaten dutela, horregatik Bide Hezkuntzak harreman etiko eta sozialeko arazoak konpontzera bideratu behar du ikaslea, gatazka eta istilu konponbidearen bitartez, eremua publikoan bizikidetza bermatzeko helburuz. Laburbilduz, haurren Bide Hezkuntzak garraio seguruagoa, arduratsuago, eta jasangarriagoa izateko balioetan trebatzera jo behar du. Izan ere, haurrak dira trafikoan ahulenak, eta haien garapenaren etapan Bide Hezkuntza funtsezko tresna izan daiteke jokabide arriskutsuei aurre hartzeko eta mugitzeko ohitura osasungarriagoak izateko. Hortaz, gakoa prebentzioan eta hezkuntzan dago, baina gehiago sakondu eta askoz haratago joan behar da. Ez da nahikoa eskoletan publizitate kanpainak egitea edota udalerrietako udaltzainek ematen dituzten irakastordu batzuetako lantegi soilak lantzea. Bide Hezkuntzak curriculumaren barnean egon behar du, eta pentsamendu kritikoa eta erabaki arduratsuak hartzera bideratu behar du bideetan, errepideetan eta kaleetan segurtasuna bermatzeko.