GARA Euskal Herriko egunkaria
GEORGIAKO BOZEN OSTEAN

AEBetan aro bat itxi eta aurrera begiratzeko unea ate-joka dator

AEBetako politikan esanahi eta irismen handikoak dira Senaturako Georgian egin diren hauteskundeak. Raphael Warnock hautagai demokrataren garaipenarekin, bere alderdiak Senatuan «benetako gehiengo» bat lortzeaz gain, eta horrekin batera ekimen legegilean askoz ere solteago aritzeko aukera, errepublikano tradizionalen artean «Trumpen kontrako» ahotsak ugaritu eta indartu ditu.

(Drew ANGERER | AFP)

Georgiako bigarren itzuliko hauteskundeek agintaldi erdiko bozen zikloa itxi zuten asteartean. Raphael Warnockek senatari kargua berretsita, demokratek gehiengoa daukate orain, Ordezkarien Ganbera galdu arren. Duela aste batzuk iragarritakoa baino emaitza hobeak dira Joe Bidenentzat eta bere alderdiarentzat, eta 2024ko presidentzialetara arteko bidea argitzen dute, alde batekoentzat zein bestekoentzat.

Hauteskundeok ikusmin eta arreta mediatiko handia piztu badute ere, funtsean ia denak berdin jarraitu du: senatariak ziren guztiek karguan segituko dute, eta erretiratu direnetan haien alderdiko hautagaia nagusitu da. Salbuespen bakarra Pennsylvanian gertatu da. «Senatuak urdin (demokrata) jarraituko du. Zuen laguntzari esker zuen 51. botoa emango dut: filibusterismoa kentzeko, Roe vs Wade (abortu eskubidea) kodetzeko, gutxieneko soldata igotzeko eta beste gauza askotarako», adierazi zuen Pennsylvanian garaile izan zen Fettermanek.

Orain arte 50na senatari izateak asko zaildu du Etxe Zuriaren ekimen legegilea; berdinketa zenean Kamala Harris presidenteordearen botoak irabazten zituen bozketak, baina senatari guztiak behar zituzten horretarako. Pandemiaren ostean ekonomia berpiztu asmo zuen “Build Back Better” legea esaterako (azpiegitura, gizarte zerbitzuetan eta aldaketa klimatikoarekin lotutako inbertsio handiekin), ez zuen aurrera egiterik izan, nabarmen urardotutako lege berri bat adostu zuten arte, Joe Manchin senatari demokrata zentristak uko egin ziolako.

Urtarriletik aurrera eratuko den Senatuan, senatari bakarrak ez du blokeorako gaitasunik izango, eta horrek lasaitasun handiagoa emango dio Bideni. Lege garrantzitsuenak konstituzioan kodetzeko, baina, Senatuko 60 boto behar dira, edo filibusterismoa gainditzea. Eta azken horretarako 50 boto nahikoa izan arren, Manchinekin batera Kyrsten Sinema Arizonako senatariak ere uko egin dio lehendik horri, baita abortu eskubidea berreskuratzeko proposatu denean ere. Ordezkarien Ganberan errepublikanoek gehiengoa lortuta -txikia izanda ere-, ez da erraza izango 1972tik indarrean egon den eskubide konstituzionala berreskuratzea. Baina Etxe Zuritik eta Alderdi Demokratatik azken hilotan egin den deia horixe izan da, Auzitegi Gorenak ezabatutako eskubidea bermatzeko ezinbestekoa zela gehiengoa lortzea. 2024ko presidentzialetan sinesgarritasunik izatekotan, garrantzitsua izango da hauteskundeotako mobilizazioari erantzutea.

2024ra begira

Georgiako bozek agerian utzi dute estatu honen garrantzia AEBetako politikan. Oraindik ere gehiengo errepublikanoa dago estatuko erakunde gehienetan -alderdi horretako gobernadorea hautatu berri dute-, baina Bidenen alde bozkatu zuten 2020an -1992tik lehen aldiz demokrata baten alde-, eta ordutik egondako senatuko lau hauteskundeetan (bigarren itzulira jo baitute bietan) Warnock nagusitu da. Hala, presidentzialetarako balizko hautagai demokraten zerrendan leku garrantzitsua lortu du Georgiako senatariak, Kamala Harris, Gavis Newsom edo Pete Buttigiegekin batera. Eta hautagaia erabakitzeko primarioen ordena Bidenek eskatu bezala aldatzen bada, Georgia eta Hego Karolina hasieran egokituta, eta, hala, boto afroamerikarra bultzatuta, are indartuago egongo da.

Errepublikanoen hausnarketa bestelakoa da. Donald Trumpi esana zioten ez aurkezteko bere hautagaitza, hauteskundeak pasatu arte. Neurri batean esandakoa bete zuen -oso argi adierazi arren bere borondatea azken hilabeteotan-, baina azaroan, bozka-egunetik astebetera, Mar-a-Lagoko mansioan egin zuen aurkezpena. Agintaldi erdiko hauteskundeak ez zeuden guztiz amaituta, ordea, Georgiako hauteskunde legeak bigarren itzulia agintzen baitu, hautagai batek ere ez badu botoen erdia lortzen. Georgiako kanpainaren erdian hautagaitzaren aurkezpena egitea kaltegarria izango zela ohartarazi bazioten ere, Trumpek ez zuen itxaron nahi izan. Eta berak defendatutako hautagaiak, azaroan bezala, galdu egin du.

Errepublikano tradizional batzuek bizkarra eman diote Herschel Walkerri, baina izan du babesik ere, Brian Kemp gobernadore moderatuarena, esaterako. Hala eta guztiz, ez da nahikoa izan irabazteko. Demokratek gehiengoa izango dute, eta errepublikanoen artean gero eta argiagoa da Trumpengana hurbiltzeak daukan eragin toxikoa.