09 DéC. 2022 AZKEN PUNTUA Prentsa zaborra Iker IBARLUZEA Meteorologoa Aurreko batean «meteosentsazionalismo» deiturikoaz jardun nintzen, non bereziki norbanako batzuk eguraldiaz eta klimaz aprobetxatzen ziren, titular sentsazionalistak sortu eta jendearen arreta bereganatzeko. Gaurko honetan komunikabide batzuek azken hilabete luzeetan hartu duten joera lotsagarriaren inguruan aritu nahi dut. Bolo-bolo ibili dira azken asteetan «ekialdeko piztia» edota «inoizko negurik hotzena» bezalako espresioak. Meteorologo batzuk eta meteorologia mailan sona handia duten batzuk azkenaldian penintsulara etor litekeen hotzaren inguruan hizketan jardun dira. Artikoan pilaturik egoten den hotza sakabanatu eta gure latitudeetara jaisteko egon daitezkeen aukerez. Baina hor dago gakoa. Aukerez ari gara, ez ziur gertatuko den fenomeno batez. Puzzlearen piezak bat etortzen ez badira, ez baita halako ezer gertatuko. Zer egin dute, ordea, hainbat eta hainbat komunikabide espainiarrek? Gai horiek hartu eta titular beldurgarriak plazaratu. Horrekin jendearen arreta bereganatu eta diru polita lortu ahal izateko. Lotsagarria bezain patetikoa. Baina gertatzen ez bada, non geratzen da meteorologoon prestigioa? Ba lur azpian. Sinesgarritasun osoa galtzen baitugu. Profesionaltasun handiagoa mesedez eta utzi jendea beldurtzeari.