12 DéC. 2022 BINAKAKO TXAPELKETA Atzetik aurrera eginda, bigarren puntua poltsikora Urrutikoetxeak eta Albisuk osatutako bikoteak Jaka eta Aranguren hartu zituzten mendean, partidako bigarren zatian gehiago asmatuz. Zazpi tanto jarraian eginda apurtu zuten partida. Urrutikoetxeak partida bikaina jokatu zuen. (Endika PORTILLO | FOKU) GARA Bi zati zeharo ezberdin izan zituen atzo Laudion jokatu zen Binakako Txapelketako hirugarren jardunaldiko partidak. Lehen zatian, Erik Jaka fresko eta fin bat nabarmendu zen, Arangurenen babes sendoarekin; bigarrenean, Urrutikoetxeak hartu zuen kontrola, eta Albisuk huts gutxiago eginda, errematatu zuten partida eta bigarren puntua batu zuten. Partida txukuna jokatu zuten Erik Jakak eta Arangurenek, baina ez zen nahikoa izan Urrutikoetxea eta Albisu mendean hartzeko. 9-13ko tantoarekin bazirudien urdinen garaipena forma hartzen zihoala -bide batez, a zer nolako tantoa Jakarena, lehendabizi Urrutikoetxeari oinetara botaz eta gero txokoan utziz-, baita Albisuk gora botatako pilota erraz batekin ere (11-14). Baina hortik aurrera gorriek beste begi batzuekin begiratu zuten lehia -Arangurenek 11-13an min hartu eta agian baldintzatua ikusi zen- eta 15-15eko berdinketa ezarri zuten. Urrutikoetxeak sekulako ikuskizuna eman zuen. Orotara, egindako 11 tanto pilatu zituen, horietako 10 airez. Berdinketa hori egiteko Zaratamokoak bi pilota arriskutsu eraman zituen eta, ondoren, Jakak txapara bota zuen. Akats hori buruan, urdinek ez zuten erreakziorik bilatu gorriak asmatzen hasi zirenean. 14-15etik 20-15era pasatu zen markagailua. Albisuren hutsegitearekin urdinek 16. tantoa pilatu zuten eta, pilota aldatu zuten arren, ezin izan zuten saihestu Urrutikoetxea eta Albisuren garaipena. Aurrelari bizkaitarra «pozik» agertu zen bigarren puntua batzeagatik. Hiru partidatik bi irabazita «konfiantzaz» begiratzen diote datorrenari, baina oinak lurrean, «txapelketa hau luzea baita eta denetarik egongo da, partida onak zein eskasak».