GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Inpunitatearen kulturaren erakusgarri


Amnesty Internationalek atzo argitara eman zuen txostenaren arabera, joan den ekainaren 24an Melillako hesian izandako 37 hildakoen kopuru esanguratsu bat Marokoko eta Estatu espainiarreko segurtasun indarren neurriz kanpoko indarraren ondorio da. «Egitez edo ez egitez», nazioarteko zuzenbidearen aurkako «krimenik larrienak» egin zituzten: «Indarraren gehiegizko erabilera, tortura ekintzak, bizitzeko eskubidearen urraketak, giza hilketak eta sorospenik ez ematea». Halaber, Gobernu espainiarrari gertaerak estaltzen saiatzea eta bi estatuetako segurtasun-indarrak babestu izana leporatu zion AIk. Marokoren kasuan, gainera, 77 pertsonaren desagertze behartua salatu zuen, eta Rabateko Gobernuak informazioa ukatu eta desagertuak aurkitzeko gestioak oztopatzen dituela.

Ez da horrelako zorigaitza gertatu den lehen aldia, ezta Gobernu espainiarrak ukoaren bideari heldu diona ere, begien bistakoa ukatuz eta poliziak babestuz. Barne Ministerioak esan zuen AIren lana balioesten duela, baina «baldin gure aurkako salaketarik egiten ez badu» esatea besterik ez zuen falta izan, jarraian salaketa arbuiatu baitzuen, nahi gabe txostenari arrazoi emanez. Gobernuz kanpoko erakundeak esan zuenez, Madrilgo Gobernuak gogo txarrez laguntzen du irekitako zenbait ikerketarekin, gertakarien gaineko adierazpen oker edo faltsuak egin ditu eta segurtasun indarrak babesteko diskurtsoari eutsi dio. Jarrera justifikaezina, inondik ere.

Ekainean gertatutakoa bi estatuen interes makurren araberako migrazio politikaren ondorio da. Ez da lehenbizikoa izan, ezta Barne ministroaren jarrera ere -epailea zela erakutsi zuenaren antzekoa-, eta ez da horrelako jokaera erakutsi duen lehen goi karguduna ere. Administrazioko arduradunen eginbeharra horrelako gertaerak saihestea da, eta gertatzen baldin badira erantzuleei dagozkien neurriak hartzea, azken erantzuleak beraiek direla ahaztu gabe, herritarren, herritar guztien eskubideen eta segurtasunaren arduradun gisa. Giza eskubideak urratzen dituztenak babestea, are gehiago eskubide horiek bermatu behar dituztenak izanda, inpunitatearen kulturaren erakusgarri da.