GARA Euskal Herriko egunkaria
ANDEAK

Lasunayoc mendiaren hego-ekialdeko isuriari zirrikitu bat aurkitu diote

Leo Rasalio perutarrak eta Nathan Heald estatubatuarrak 1.000 metroko bide berri bat sortu zuten joan den azaroaren 14an. Andinista hauek zenbait sekzio arriskutsu gainditu behar izan zituzten, 25 ordu iraun zuen joan-etorrian.


Peruko Andeetan ohiko denboraldia amaitu zela hilabete batzuk igaro dira. Alabaina, badira andinista batzuk “erosotasun” horretatik ihes egin eta saiatzen direnak klima hotzagoarekin jarduera berriak egiten. Leo Rasalio perutarrak eta Nathan Heald estatubatuarrak, adibidez, erabaki zuten azaroa hilabete “egokia” zela jarduera bat egiteko.

Vilcabamba mendilerroan dagoen Lasunayoc (5.936 m) helburu bihurtu zen. Oso ezaguna ez den mendi horrek bederatzi igoera izan ditu; azkenekoa, Rasaliok eta Healdek sinatu dutena.

Azaroaren 14an, 25 orduko joan-etorriko aktibitatean, mendiaren hego-ekialdeko isurian bide berri bat zabaltzeko aukera izan zuten. Aurpegi horretan sartu, ertz luzea zeharkatu, ekialdeko hormara lotu eta hortik gailurrera joan ziren.

Mila metro berri horietan WI4 (TD) zailtasunak gainditu zituzten. Eta protagonistek aurreratu dute hainbat sekzio arriskutsu eskalatu zituztela. Horretaz gain, jardueran urik eta janaririk gabe geratu ziren, ez baitzuten aurreikusi hain luzea izango zela eguna.

Lasunayoc mendiak jaso berri duen eskaladaren lerroburu nagusiak aipatu ditugu. Ondoren, protagonistetako batek, Healdek, kontatuko dizkigu hogeita bost orduko aktibitate horren nondik norakoak.

Lasunayoc

«Urteak neramatzan Pamsaillo mendigunearen (Vilcabamba mendilerroa) ekialdean dagoen mendi horren atzetik. Lehen aldiz 2012. urtean ikusi nuen, mendizale batzuk gidatzen ari nintzen bitartean. Ordutik, mendi handiak eta zorrotzak dituen alderdi horretan behin baino gehiagotan izan naiz. Horietako irteera batean, Lasunayoc-etik ekialdera dagoen lepora abiatu ginen, besteak beste, mendi horrek duen ohiko bidea igotzeko. Taldea indarrik gabe geratu zenez, ez genuen helburua erdietsi. Bederen, ekialdeko horma eta balizko bide zuzenago bat aztertzeko baliagarria izan zen.

«Iaz, berriz, nire anaia Taylor eta beste kide batzuekin ondoan dagoen Padreyoc (5.771 m) igo genuen. Argazki batzuk egin nituen, eta horrek nire helburu berrirako zehaztasunak eskaini zizkidan. Irudi horiek ondo begiratu ondoren, ohartu nintzen abentura basati bat izan zitekeela!

«Lasunayoc-eko lehen igoera 1.956. urtean lortu zen; azkena, ordea, Leok eta biok sinatutakoa izan da. Urte luze horietan guztietan beste zazpi tontor lortu dira.

«Aurtengo ohiko denboraldia bukatu zenean, mendi gidari lanak alde batera utzi eta Ausganatetik gertu etxe bat eraikitzen jardun nuen. Urria eta azaroa hilabete oso lehorrak izan dira. Eguzkia jaun eta jabe izan da. Irailean igo nuen Palcarajuren ostean, ez nuen jarduera zorrotzik egin. Horregatik guztiagatik, egun luze batean, izotzean, eskalada gogor bat egin nahi nuen.

«Azken urteotan perutar batzuk mendizale bihurtu ditut; hots, formazio horretan buru-belarri jardun dut. Onartu behar dut ere, horietako batzuek maila oso ona lortu dutela. Urtean zehar, aukera izan dut Leorekin eskalada batzuk egiteko. Eta konturatu naiz prest zegoela eskalada zail bat aurrera eramateko. Leok, berez, turismoko gidaria izateaz gain, hainbat trekking gidatzen ditu. Lasunayocen nuen xedearen berri eman nioenean, Leok ez zuen zalantzarik izan, eta azaroaren 11n Urubambatik irten ginen.

«Yanama herrixkara heltzeko, bidaia luzea egin genuen. Hara iritsi bezain laster, parez pare genuen Lasunayocek “harrera” egin zigun. Biharamunean hurbilketa bideari ekin genion. Duela lau urte tresneria guztia mandoekin garraiatu genuen. Baina azken espedizio honetan guk geuk, gure bizkar-zorroetan, garraiatu dugu zama osoa. Lasunayocek daukan glaziarraren morrenan kanpalekua antolatzen hasi nintzen. Bitartean, nire sokakidea hego-ekialdeko hormara eramaten duen arrokazko zutoin bat aztertzera abiatu zen. Itzuli zenean esan zidan ibilbide alternatibo samurragoa aurkitu zuela. Gure jarduera gauez hasteko asmoa zenez, lo pixka bat egiten saiatu ginen. Baina bero handia egiten zuen! Arratsaldeko bostetan, eguzkia ezkutatu zenean, lo zakuetan sartu ginen.

«Gauerdia baino lehen dendetatik irten eta, artesi batzuk saihestu ondoren, 40 minututan glaziarrera iritsi ginen. Argi nahikorik ez genuenez, ezinezkoa zen bide seguruena hautatzea. Ertz batera abiatu ginenean izotz gogorrean zein tentean eskalatzen hasi ginen. Bi luze eskalatu ondoren, erlaitz batzuetara heldu ginen; egundoko amildegia zegoen! Ertza gainean genuen, baina pixka bat beherago geratu ginen haizeteetatik babesteko.

«Egunsentiarekin, egoera argiago ikusten hasi ginen. Ertz arriskutsua jarraitu ordez, serac erraldoi baten azpitik zeharkaldia egin genuen. Erabaki hau ere ez zen batere samurra izan. Nahasia izan zen, eta, gainera, izotzean gogor borrokatu behar izan genuen. Zeharkaldiaren amaieran plataforma bat zegoen, eta handik elurrezko aldats tente batean sartu ginen. Elurraren baldintzak oso aldakorrak izan ziren: tarte batzuetan oso askatuta zegoen; besteetan, aldiz, gogorra. Laua den goiko glaziarrera iritsi ginen. Une egokiena zen atseden apur bat hartzeko.

«Elurrezko zelai horretan ohartu ginen benetako gailurra oraindik urrun genuela. Ertzari jarraitu ordez, ibilbide zuzenago bat hartu genuen. Lehen ezustea errimaia erraldoi bat izan zen. Probatu genuen aukera ondo atera zitzaigun. Nahasia izan zen. Artesi bat jauzi batekin gainditu, izotz-burruntzi batzuk saihestu… Eta, azkenean, sekzio arriskutsu horretatik irten ginen.

«Nekatuta egoteaz gain, elur sakonean lan eskerga egin behar izan genuen. Zorionez, azken tarte bat gainditzeke genuen: izotzezko 70 metroko (60º-70º) luze bat. Horrek gailurraren lautadara eraman gintuen. Ertzari jarraitu eta ia ordu biak zirela zapaldu genuen tontorra.

«Jaitsiera ez zen batere erraza izan. Aipatu dudan serac-era heldu ondoren, hurrengo tarte luzea rappelatu genuen. Gauak harrapatu gintuen, eta kopetako argien laguntzarekin bost rappel egin genituen. Sokekin eta egin behar ziren maniobrekin kontu handiz ibili ginen, baina, batzuetan gertatzen den bezala, horietako batekin nahastu ginen. Berriro tarte hori eskalatu, soka askatu eta rappelatzen jarraitu genuen.

«Arrakala erraldoia atzean utzi eta sokak motxilan bildu genituen. Azken jaitsiera hori ez zen batere zaila, baina nekea handitzen hasi zen. Leok irrist egin zuen eta ia-ia artesi batean erori zen. Azkenean, glaziarrera iritsi ginenean, aukera izan genuen kranpoiak kentzeko eta arriskua atzean uzteko. 25 orduko joan-etorriko jarduera egin eta gero, kanpalekura heldu eta lo-zakuetan sartu ginen.

«Lasunayocek ez du 6.000 metroko garaiera, baina igo ditudan seimilako batzuk baino askoz ere zailagoa da. Bide normala ere ez da erraza», amaitu du Healdek bere kontakizuna.