GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA

Euroligako lider izatearekin amets egiteko eskubidea irabazi du Saski Baskoniak

Real Madrilen aurka 19.00etan hasiko den partidari begira, Buesa Arena leporaino beteko da. Markus Howard berriz jokatzeko moduan egongo da.

Aurten Baskoniak Real Madrili irabazi dio, Daulton Hommesen lan bikainari esker. (Endika PORTILLO | FOKU)

Amets egitea debalde da eta Saski Baskoniak amets egiteko aukera oparitu die zaleei 2022 xelebre honi amaiera emateko Euroligari dagokionez.

Denboraldi hasierako kinieletan talde gasteiztarra bizpahiru talde txarrenen artean kokatzen zen eta orain, Euroligako denboraldia erdira iristear dela, hirugarren postuan dago, Fenerbahce eta Real Madrilen atzetik, baina hauekin biekin ez ezik, Bartzelona eta AS Monakorekin 10-5 balantzearekin berdinduta, azaroaren 25az geroztik partida bat galtzea zer den ez dakiela. Ametsa bada, inork ez dezala baskoniazalea esnatu.

Esan gabe doa Baskoniak partida irabaztea ezinbestean bete beharreko pausoa izango litzatekeela gasteiztarrek Euroligako aurreneko postua lortzeko baina, horrez gain, AS Monakok -Baskoniak gaur 19.00etan jokatzen du eta Monakok 21.00etan du hitzordua Zalgirisen aurka-, Bartzelonak -Dusko Ivanovic, Vildoza eta Campazzoren Izar Gorriaren kantxan jokatuko du bihar 19.00etan- edo Fenerbahcek -Virtusen kantxan dauka Dmitris Itoudisen taldeak hitzordua bihar, 20.30ean- ere hobe luketela galtzea.

ILUSIOZ BLAI

Kontua, alabaina, egun zehatz batean Euroligako lider izatea baino harago doa. Ez dira gutxi Kaunasen jokatu behar den Lauko Finaleko sarrerak eta ostatua hartzea pentsatzen ari direnak. Hain urte petrala gainditu eta gero, Saski Baskoniak berriz ere ilusioa sortu du Gasteizen, eta ilusio horretaz gozatzea nahi du.

Aurrean, bestalde, ez dago aurkari hoberik Real Madril gorrotatua baino. Aurten ACB Ligan, artean Pierria Henry Gasteiza itzuliko zela inork ere ez zekielarik, Saski Baskoniak 88-82 irabazi zuen, nahiz eta Howardek ez jokatu. Egun hartan Daulton Hommes nabarmendu zen, 24 punturekin.

Howard, Henry eta enparauak hortxe izango dira gaur; baita 15.544 zale ere, amets egiteko eskubidea irabazita.