GARA Euskal Herriko egunkaria

Nola deskolonizatu Puerto Rico?

Puerto Ricoko estatusaren lege-proiektuak, Ameriketako Estatu Batuetako Ordezkarien Ganberaren babesa jaso berri du. Legea gauzatuz gero, datorren azaroan autodeterminazio-erreferenduma egingo luke uharteak. Urrats historikoa da, zenbaiten iritzian; beste batzuk uzkurrago ageri dira, azken hitza oraindik Washingtonen dagoela jakitun.

(Nahira MONTCOURT | EUROPA PRESS)

AEBetako Ordezkarien Ganberak Puerto Ricoren lurralde-estatusa ezabatu eta erreferendum lotesle baten alde bozkatu du -232 boto alde eta 191 kontra-, uharteak Estatu Batuekin izan beharreko harremanei buruz erabakitzeko. Lege-proiektua legealdiaren azken unean iritsi da, 2023ko urtarrilean errepublikanoak izango baitira nagusi Behe Ganberan. Aurretik zeuden bi legeak uztartuta adostu zen Raul Grijalva demokratak «estatus koloniala amaitzeko» izendatu zuen egitasmo berri hau: alde batetik, Puerto Rico Self-Determination Act bultzatzen ari ziren Alexandria Ocasio-Cortez eta Nydia Velazquez demokrata progresistak, eta, bestetik, uhartea AEBetako estatu bat gehiago bihurtzeko egitasmoa zeukaten Darren Soto demokratak eta Jennifer Gonzalez Puerto Ricoko (botorik gabeko) Kongresuko ordezkari errepublikanoak.

Proposamen horren arabera, puertorricarrek egungo estatusa gainditu eta hautatu beharko dute ea AEBetan erabat integratu nahi duten 51. estatu gisa, ea erabat independente izan nahi duten ala AEBekiko lotura batzuei eusten dien estatu subiranoa izan nahi duten. Pazifikoan dauden estatu batzuen antzekoa litzateke: Mikronesia, Palau edo Marshall uharteak independenteak dira (NBEn daude), baina lotura berezia daukate Washingtonekin, bertako herritarrek AEBetan bizi eta lan egin dezakete, eta AEBek Ozeano Barearen zati handi baten kontrola daukate.

Uharte txiki horien aldean, baina, Kariberen erdian hiru milioi biztanle dituen nazioa da Puerto Rico. Estatubatuarrak dira legez, badute herritartasuna, baina uharteko biztanleek ezin dute ez presidentea ez Kongresua hautatu, gero Washingtonen erabakitzen dena Puerto Ricon ere ezarri arren, nazioarteko harremanei eta merkataritzari dagokienez bereziki. Hau da, arrotz dira AEBen barne-politikari begira, eta kanpora begira ezin dituzte nahi dituzten politikak egin Washingtonen araudiaren menpe daudelako.

Egoera kolonial hori begi- bistan geratu zen 2015ean irlak esan zuenean ezin zuela 70.000 milioi dolarreko zorra ordaindu, baina estatua ez denez, AEBetako bankarrota-arau federaletatik kanpo geratu zen, eta Washingtoneko Kongresuak berak eratu zuen Promesa Legea, Puerto Ricoren finantzak gainbegiratu eta zorra berregituratzeko.

Galdeketa loteslea

Puertorricarrek erreferendum ugari egin dituzte estatusari buruz. Gehienetan paretsu geratu dira AEBetako estatu bihurtzearen (integrazioa) aldekoak eta aurkakoak, azken horretan independentistak gutxiengoa izan arren erdibideko formula bat nahi dutenen aurrean. 2020an parte hartze txikiarekin baina %53k estatu bihurtzearen alde bozkatu zuten. Oro har, Puerto Ricoko alderdi politiko eskuindarrak, errepublikanoen aliatu den Partido Nuevo Progresistak-k, AEBetan erabat integratu nahi du… baina errepublikanoak dira gero Washingtonen aukera horren aurka daudenak. Euren kalkuluen arabera, 51. estatuak Alderdi Demokrataren alde bozkatuko luke nagusiki, eta errepublikanoen garaipen-aukerak murriztuko lituzke. Badira disimulurik gabe bestelako argudioak dituztenak ere: Tom McClintock ordezkaria Puerto Rico estatu izatearen aurka mintzatu zen, herritar askok ez dakitelako ingelesez.

«Zein onura lukete AEBek nazioko estatu zorpetuena, hezkuntza maila txikienekoa, pobreena eta langabezia handiena duena onartuz?». Gakoa horixe da: erreferendum batean aukera dezakezu bereizketa, independentzia; lotura edo anexioa hautatzeko, anexionatuko zaituen lurraldeak ere onartu behar zaitu.

Ordezkarien Ganberaren legearen arabera, Kongresuak onartu egingo du puertorricarrek erreferendumean erabakitzen dutena, eta hori da orain arteko alde nagusia. Era berean, subiranotasunaren alde bozkatuz gero, puertorricarrek estatubatuar herritartasunari eutsi ahalko lioketela berretsi dute.

Gehienen erabakian erabateko pisua dauka argudio horrek, edozein unetan uhartetik irten eta AEBetara joateko aukera ematen duelako (uhartean ez, baina New Yorken edo Floridan bizi diren puertorricarrek gainerako estatubatuarren eskubide berak dituzte presidentea hautatzeko). Eztabaida gauzatzeko ezinbesteko ordainketa bat ere planteatzen du legeak, egoera kolonialak eragin dituen ondorioei aurre egiteko.

Ordezkarien Ganberan urratsa eginda ere, ia ezinezkoa dirudi Senatuan aurrera egitea, demokraten gehiengoa 51 senataritara mugatzen baita, eta 60 beharko lirateke. Kontuak kontu, Alberto Medina kazetariak dioen legez, «agerian geratu da deskolonizazioa puertorricarrei hitza emateaz harago doala, eta 125 urtez kolonizatu duen herrialdeak ere baduela erantzukizunik». Hainbat motibogatik Washington herritar askok nahi luketen aukeretako bat (estatu bihurtzea) onartzeko prest ez badago, argi adieraziko beharko du, eta etorkizunerako independentzia-for- mulak bilatu beharko ditu.