GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevue
olaia inziarte
Musikaria

«Ez doaz eskutik ibilbide oparoa izatea eta musikari ezaguna izatea»

Talde askotan ibili ostean (Pleuran, Joseba Tapiarekin eta Chica Sobresalto-rekin) lehendabiziko bakarkako diskoa atera du Olaia Inziarte (Oronoz, 1999) musikari nafarrak. Soinuekin eta estiloekin jolasean aritu da, baina diskoaren izenburuan egiten du aldarri garbia, lehengo lepotik duela burua, alegia. Proposamen interesgarria, inondik ere, plazaratu duena.

(Josu INZIARTE)

Kanon moduko batekin, emeki-emeki ahotsak gehituz hasten da “Lehengo lepotikan burua” kantua, Olaia Inziarteren izen bereko lehen diskoa irekitzen duena. Amonari entzundako esaldi bat izan du abiapuntu, esaldi horrek ere pisua izan duelako bere burua musikaren munduan ikusten duen modua adierazteko. Disko eklektikoa dela dirudi, baina komunean elementu ugari dituzte kantuek.

Ideia nahiko originala izan duzu diskoa zabaltzen duen «LLB» kanturako; kanon moduko batekin hasten duzu zure lehen diskoa.

Bada halako ‘frikada’ bat, looperrarekin egin nuen. A capella tailer batean zebilen lagun bat eta horrekin obsesioa nuen. Buruan banuen hitz perkutiboen kontu bat eta Kalakan taldearen “Sagarra jo” kantuaren zera bat ere etortzen zitzaidan, baita panderoaren bi-bi-bat erritmoa ere… Eta ez nekien zein instrumentu erabili! Bada, hau sortu zen.

Nork esana da errepikatzen den esaldia?

Amatxik esan zidan pertsonaia ezagun baten inguruan, ez dela aldatu esateko. Haren kasuan txarrerako zen, baina nire kasuan, Olaia txikiaren gauza onak salbatzeko moduan nituela ikusi nuen, eta horri egiten dio erreferentzia.

«Martzianoak» kantuan, norberak bere burua arraro sentitzeagatik barkamena eskatzeaz hitz egiten duzu eta horrek egiten dit klik. Hori bizi izan duzu?

Puf, existitze hutsagatik konstanteki barkamena eskatzen ibili naizela sentitzen dut. Lekuz kanpo sentitu izan naiz askotan, nahiz eta gero akaso horrela ez izan. Ironikoki eskatu ditut barkamenik beroenak kasu honetan, inori ez diodalako eskatu behar halakorik, minik ez dudalako sortu. Baina tradizioarekin ere apurtu dut maiz eta horri ere eskatzen diot barkamena nolabait.

Rhytm and blues amerikarraren kutsua du, autotunearen erabilera txiki bat… Nahi duzuna egiteko lizentzia hartu duzu lan honetan, baina norako bidea hartu nahi zenuen diskoa sortzerakoan?

Jolastu egin nahi nuen. Akustikoarekin sortutako abestiak dira, baina zubia eraiki nahi nuen horren eta elektronikoaren eta bestelako elementuen artean. Aldi berean, ez nuen zubia guztiz zeharkatu nahi, gauza tradizionalei eta txikitatik aritu naizen kantugintza estiloa ere bertan nahi nuelako. Elementu organikoak behar nituen, betidanik hor mugitu naizelako, baina nahi nuen eraldatu sobera urrundu gabe. Ez da A ala B, ez duzu zubia zertan zeharkatu, eta abaniko zabal hori aprobetxatu dut eta asko disfrutatu, nire burua ez dudalako mugatu.

Bidelagun izan dituzu Josu Erviti, Eric Deza, Ander Untzaga eta Joseba San Sebastian ere. Garrantzitsuak izango ziren disko honen eraikuntzan, ibilbide luzeko musikariak direlako guztiak ere.

Josebak bi kantu grabatu zituen, organikoak diren biak, “Zure mina” eta “Zerua gorriz”. Josu Erviti, berriz, bizitzarako pertsona garrantzitsua da, konplizea, asko lagundu nauena. Josu eta Ander berak aurkeztu zizkidan, bizitzako momentu antzekoan ginela uste zuelako, eta horrela hasi ginen lanean, “Zure mina” grabatzeko hasiera batean. Zuk erran bezala, ez doaz eskutik ibilbide luze eta oparoa izatea eta musikari ezaguna izatea. Pertsona moduan sekulako kalitatea dute eta horrek garrantzi handiagoa du musikari benetan finak izateak baino. Kasu honetan biak bateratzen dira.

Sorkuntzarako garaian parte hartu dute edota zuk prestatu dituzu konponketa guztiak?

Nik akustikoarekin eta ahotsarekin lerro batzuk grabatu nituen eta horiek erakutsi nizkien. Etxean estudiatu zituzten eta lokalean elkarrekin hasi ginen kantuak gorpuzten. Lehendabizikoa izan zen “Zure mina”, ia nahi gabe atera zen. Soinuaren bilaketan denbora asko pasa genuen, blokeatzera iritsi arte ia-ia. Kantuak eta egiturak bazeuden, eta haiei forma ematen lagundu zidaten. Nik gitarra eta teklatuak ez ditut haien mailan jotzen inondik inora, eta hori gakoa izan da.

Teklatuaren atzean edota abesten ikusi zaitugu hainbat proiektutan, Pleuran, Joseba Tapiarekin eta Chica Sobresaltorekin, besteak beste. Noiz erabaki duzu bakarkako bidea hastea?

Beti egin nahi izan dut, baina ez da testuinguru sobera aproposik eman. Autoestimu musikala ere ez dut sobera izan, tira, ezta autoestimua orokorrean ere. Niretzako disko bat egin nahi izatearen beharra nuen, baina ni benetan mugituko ninduen zerbait behar zuen izan, talde batekin, eta guztia batera gertatzea ez da erraza izan. Une bat iritsi zen momentua hori zela ikusi genuela Josuk eta biok; estudioa libratu zitzaion ekainean eta aita izatera zihoan abuztuan. Bada, martxoan elkartzen hasi ginen eta hor ohartu nintzen, kontziente izan gabe, disko bat lantzen ari ginela eta ero baten pare jarri nintzen gauzak ahalik eta finen egiteko.

Bertso erreferentzia asko dituzu zure abestietan. Bertsolaritza etxetik jaso duzu edota zuk izan duzu interesa?

Etxetik ez dut bertsolaritzarik jaso; aitatxik maite zuela uste dut, baina 9 urte nituela hil zen. Lagunekin bizi izan dudan zerbait da, kuadrillako bat badelako bertsolaria eta haren aita ere bai. Lagun gehiago ere badira bertsotan dabiltzanak. Lazkao Txikirenak marrazki bizidunetatik jaso nituen eta ispiluari egindako bertsoek asko markatu ninduten. Bertso eskolan ere ibilia banaiz urte pare batez Alazne Untxalorekin ikasten.

Aipatu duzun kantautore izaera horretatik gertuen dagoen abestia «Lagun» da. Ile xuria aipatzen duzunean, askok edadeko norbait irudikatuko du, baina beste izaki bizidun bati abesten diozu.

Laguntxin nire zakurra da eta baditu hamabi urte eta erdi. Sukaldean ginen batean, mugikorra jarri nuen grabatzen bere aurpegiaren aurrean, eta lokartzen joan zen abestia sortzen ari nintzen bitartean. Orduan zortzi urte zituen eta inprobisatutako hori noizbait ongi grabatu nahiko nukeela esan nion nire buruari. Omenaldia egin nahi nion, nahiz eta berak ulertu ez.

Zure konfidente partikularra ere izan da.

Sortzaileok badugu askotan artista puntu hori, bazterrak nahastuz dena poetizatzen hasten garena; metafisiko jartzen gara eta ondoan dugunari ez diogu erreparatzen. Joan izan naiz zakurraren ipurdira eta hor dagoenari ez diot abestu, eta horri kantatu behar zaio gehien.

Zakurren arteko lotura bat ere bada «Zerua gorriz» kantuan.

Bai! Pettiren zakurra nirearen anaia delako.

Zuk beti esan duzu Petti erreferente bat izan dela; hau zer da, «check» bat zure egitekoen zerrendan?

Bai, erabat. Ni musikara kontzienteago hurbildu nintzenean, beti izan da erreferente bat Petti. Berako musika mugimendua beti izan da erreferentzia bat, hurbil ditugulako, eta Baztan inguruko musikari askorentzako hori horrela da. Pettik Etxeko Uztarekin badu kantu bat, ‘‘Ni naiz’’, arrastoa utzi zuena nigan. Niretzako hau egin ahal izana eta halako erraztasunarekin aitzinera eraman izana sekulakoa da. Gogoratzen dut estudioaren beheko aldean ahotsa grabatzen ari zela eta goiko aldean Josu eta biok elkarri begira ginela zeharo hunkitu nintzela.

Rocka eta fandangoa uztartu dituzue. Txistuak biok jo dituzue?

Ez, baina berak askoz hobekiago jotzen du txistua.

Elkarrekin Hertzainak-en kontzertuaren atarikoan aritu zineten BECen.

Surrealista izan da erabat. Ze jenderekin nintzen, non, Pettirekin abesten… Elkarrekin txistukatu genuen kantua, urduritasunarekin moztu eta guzti egin zitzaidan. Pettik esan zidan irten aurretik disfrutatu egin behar genuela, momentu hori ez zelako sekula ere errepikatuko.

Bals argentinar bat iruditu zait «M.J.» abestia. Kristina Aranzabe, Leire Leturia eta Joseba Tapia izan dituzu lagun kantu honetan.

Nik hori egin nuenean, ez nuen buruan diozun estiloa. Kantu hau trikitiarekin egin nuen eta Josebari bidali nion, akaso noizbait disko bat grabatzen banuen, amatxiri interludio hau eskaini nahi niolako, ‘‘M.J.’’ Maria Jesus baita, nire amatxi. Josebak esan zidan egingo genuela eta bi soinuak ekarri zituen grabaketara, handia eta txikia. Bada handia hartu eta hori egin zuen diozun kutsua hartuz.

Olatz Salvadorrekin «Behe klasekoa» hit-a egin duzu. Herri txiki batekoa izan eta behe klasekoak garenontzat eskertzekoa da halako kantu bat sortu izana.

Herri bezala konplexu asko sortu dizkigute, etxe xume batekoa izatearen konplexua edota erdara traketsa izatearena. Nire amatxik lotsa hori bizi izan du, espainolek eta inbaditu zutenek sortutako lotsa. Ondare hori badago eta horrekin hautsi egin behar da.

Hemen diozu kontuz ibili behar dela besteen minarekin, eta elkarrizketan aurretik ere «Zure mina» aipatu duzu. Minetik asko du disko honek, ezta?

Nahiko nuke pozik nagoenetan idatzi, baina ez dut ohiturarik. Minetik, haserretik eta ezinegonetik dago asko, sentimendu indartsuak direlako. Sendagarria da kantuetara eramatea eta ahalduntze moduko bat sentitzen dut kontu horiek abesti bihurtzerakoan. Aipatu duzun azken kantua egiterakoan, bukatzean, bakea sentitu nuen.