GARA Euskal Herriko egunkaria

Kosovoko serbiarrak mugako barrikadak kentzen hasi dira


Kosovoko Gobernuaren politika diskriminatzailea salatzeko bertako serbiarrek 20 egunez Kosovoko iparraldeko errepideetan mantentzen zuten blokeoa kendu zuten atzo, eta, horri esker, tentsioa murriztu egin da. Albiste horrek Europar Batasuna (EB), Ameriketako Estatu Batuak (AEB) eta Nazio Batuen Erakundea (NBE) ere lasaitu ditu.

Serbiako polizia ohi baten atxiloketagatik protestatzeko, abenduaren 10az geroztik Kosovo eta Serbiaren arteko mugan, errepideak blokeatzeko Kosovoko serbiarrek jarritako barrikadak zeuden, eta atzo horiek kentzen hasi ziren, Aleksandar Vuci Serbiako presidenteak esan zuenez, kentzeko deia egin ondoren. Nazio Batuen Erakundeak «begi onez» ikusi zuen keinua eta elkarrizketarako deia egin zuen.

Polizia albaniar-kosovarrei eta hauteskunde azpiegiturei eraso egitea leporatuta atxilotu zuten polizia ohia, baina asteazkenean Pristinako auzitegi batek aske uztea erabaki zuen. Vucik barrikadak kentzeko deia egin zuen, baina 24 eta 48 ordu artean beharko zituztela iragarri zuen.

NBEko Kosovoko ordezkari Caroline Ziadehek begi onez ikusi zuen serbiarren keinua eta iparraldeko errepideetako blokeoa desegiteko asmoa. Serbia eta Kosovoren arteko elkarrizketari berrekiteko deia egin zuen. Komunikatu baten bidez aditzera eman zuenez, Ziadehek txalotu egin zuen ekintza. Nazioarteko komunitatearen eta inplikatutako aldeen eginahalek Kosovoko herritar eta komunitate guztien segurtasuna bermatu dutela esan zuen.

Ziadehek konpromisoen garrantzia azpimarratu zuen, eta Kosovoren eta Serbiaren arteko elkarrizketari lehenbailehen ekin behar zaiela nabarmendu, «konpontzeke dauden arazoak konpontzeko eta harremanak normalizatzeko».

Bitartean, Pristinan, hainbat eraikin publikotan Serbiako polizia ohi bat atxilotzera behartu zuten epailearen eta fiskalaren aurkako mezuak jarri dituzte. Kosovoko Gobernuak ere atzo erabaki judiziala kritikatu zuen, eta serbiarrentzat hori gatazka arintzeko seinale bat izan zela aipatu zuten.