GARA Euskal Herriko egunkaria
ATLETISMOA

Selemon Barega urre olinpikoa, Elgoibarren

Muguerza krosaren aurkezpen ekitaldia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Mintxeta Atletismo Elkarteak lana gogotik egin du aurten ere datorren igandean, hilaren 8an, Juan Muguerzaren oroimenezko krosa berriz joka dadin. Orotara, hamahiru herrialde ezberdinetako ia 1.000 atletak parte hartuko dute, gaztetxoenetatik hasi eta senior mailara iritsi arte. Astebururako euria espero denez, Muguerza kros honen 79. ekitaldian lokatza izango dela uste dute.

Lokatza eta baita jendea ere, covid-19a dela-eta joan den urtean zenbait muga eta baldintza bete behar izan baziren, aurten ez baita halakorik. Hargatik, antolakuntzak beheko mailetako korrikalariak bultzatu gura ditu. Era berean, atzoko aurkezpenean jendeari gonbit egin zion harmailak bete ditzan.

Urtero moduan, Zigor Diez Mintxeta Atletismo Elkarteko kidearen bitartez jakin zen zirkuituan korrika bizian arituko direnen zerrenda. Batez ere gizonezko seniorren zerrenda osatzea asko kostatu omen da, azken orduan Kenya eta Ugandako atleta askok ezin izan baitute etorri, beren selekzioekin kontzentratu beharra egokitu zaielako, Australian ospatuko den Munduko Txapelketa prestatzearren.

Alabaina, konfirmazio bikainik itxi du antolakuntzak; nor eta Etiopiako Selemon Barega, 2018an, artean 18 urte betetzeke zela, Elgoibarren txapelduna izan eta Tokioko Olinpiar Jokoetan 10.000 metroko finalean urrezko domina irabazi zuen berbera -baita iaz 3.000 metrotan Munduko Txapelduna eta 5.000 metrotan zilarrezko dominaren jabea ere-.

Azken unean ez zaio aurkari gogorrik faltako. Iaz Mintxetan bigarren amaitu zuen Addisu Yihune etiopiarrak ere baiezkoa eman du -2003an jaiotako mutila den arren, iaz 5.000 metrotako Munduko Junior Txapelketan urrezko domina irabazi zuen-. Bestalde, Bahraingo Birhanu Balew ere ez da lasterketa burutik aparte ibiliko, zein eta 5.000 metrotako Asiako txapelduna, hain justu.

IAZKO GARAILEA

«Normalean zailtasun handiagoak izan ohi ditugu emakumeen zerrendan puntako korrikalariak lortzeko, baina aurten justu alderantziz egokitu zaigu», onartu zuen Zigor Diezek, emakumeen zerrendarekin gustura.

Hala, Kenyako Edinah Jebitok, iazko Elgoibarko garailea Mintxetan arituko da aurten ere.

Ez du aurkaririk faltako. Esaterako, Burundiko Francine Niyonsaba. «Hauxe da nire lehenengo aldia Elgoibarren, baina prest ikusten dut nire burua», adierazi zuen GARArentzat 2016ko Rioko Olinpiar Jokoetan 800 metroko finalean zilarra eskuratu zuenak.

Emakumeen senior kategoriako lasterketa igandean 12.30ean hasiko da, eta 13.15ean gizonezkoena. Biak ETB-1ek eskainiko ditu zuzenean.