GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevue
Fran Urias
Zelanda taldeko gitarra-jotzaile eta abeslaria

«Ez gatoz mundua jatera, entzuleekin konektatzea eta bizirautea da xedea»

2021a bukatzear zela kontatu ziguten Fran Uriasek eta Iñaki Bastidak proiektu berria zutela eskuartean, lehenaren taldekidea izandako eta bigarrenaren arreba den Ane Bastidarekin batera. Urtebete geroago jada boskotean ari dira, Lander Anton eta Iker Toralekin, eta ‘‘Zelanda’’ disko homonimoa kaleratu dute.

(Gigio CANALES)

Monak leku berezia du diskoan. «Iparra galdu» kantuan norberaren errua onartzeaz ari zarete.

Askotan entzungo zenuen musika terapia dela, eta bai. Entzutea bada, baina idaztea… sekulakoa da. Minetik idatzia dago, eta baita damutik ere. Zerbait zure errua izan dela onartu eta barkamena eskatzea kosta egiten da, baina hori kantu bidez egitea ez horrenbeste. Eta hori ere bada terapia.

Diskoaren diseinuak ere minera eramaten gaitu. Gorria, beltza, zuria... Anai Mendezek egin duen azalak badu min hori.

Pozten naiz, ia ez genuelako parte hartu prozesu horretan. Letrak itzuli genizkion, ez dakielako euskaraz, eta kantuen nondik norakoaz galdetu zigun. Lehen aldia zen diseinatzaile batekin halako harreman bat genuela. Lortu zuen diskoko abestietan dioguna eta sentitzen duguna islatzea.

Musikalki ez badu ere, letretan eta estetikoki badu emo munduarekin loturarik.

Ilunaren erakartze hori badu. Nahi gabe, emo musika asko entzun dut. My Chemical Romance askotan entzun dut, eta taldekide batek esan izan dit emo musika dela, baina ez nekien zer zen hori. Ez da nahita egiten duzun zerbait. Baina bakardadeak, nostalgiak, tristurak, atsekabeak, minak… eskatzen dizute kantuak idaztea. Ongi nagoenean ez dut idazten, eta Zuriñek berak ere hori esaten zidan Hesianen garaian. Ondo nagoenean bizitzeko gogoa dut, lagunekin egotekoa, ez dut idazteko gogorik izaten. Bikoteak ere esan dit semearen jaiotzari buruz zerbait idazteko, baina nik berarekin egon nahi dut, ez abesti bat idatzi.

«Non geratu dira» abestian «iluntzen hasi da, nolatan izan da?» galdera egiten duzu.

Ez dakit inoiz honen inguruan norbaitekin hitz egin dudan. Niretzat mami asko duen kantua da. Gehienak bezala, pandemian idatzia da. Egiteko asko kendu zizkiguten eta denbora beste zeozertan eman ahal genuen. Biffy Clyroren ‘‘The Captain’’ kantua nuen buruan, eta 3/4ko edo 6/8ko konpasean zegoen, horrelako zeozer egin nahi nuen. Abestiari auskalo zenbat buelta eman nizkion. Taldekideak ere kokoteraino jarri ziren. Kantu progresibo bat bihurtu zen, eta Eñautek [Gaztañaga] ere bere alea jarri zuen hemen. Olatz Salvador grabatzera etorri zenean, galdetu nion ea zeri buruzkoa zen, eta berak maitasun kanta bezala identifikatu zuen. Bada ez, ez zen hori. Pandemia garaian gauza asko botatzen ziren faltan; adibidez, parrandak, edo lagunekin gauzak partekatzea. Nik ezin besarkatzea eta ezin musukatzea botatzen nituen faltan, eta orduan nire buruari esaten nion ea non geratu zen jendearen berotasuna sentitzen genuen garaia. Pandemiak, une batetik bestera, hori okertu zuen, eta orduan galdetzen nion nire buruari ea nola gertatu zen hori. Hortaz doa kantua.

Asko gustatu zait Olatz Salvadorren zatiaren gainean nola moldatu duzun zurea. Dotorea da zure koroaren marrazkia ere, bere protagonismoa mantentzen delako.

Kolaborazioa sartzearena argi neukan hasieratik. Koroen eta moldaketen meritua Olatzena da; ziurrenik nahi gabe egingo zuen, duen gaitasunagatik. Nik melodia bat pasatu nion maketa moduan, eta, beretzat akaso altuegi edo baxuegi zegoelako-edo, berak tarteko zerbait abestu zuen. Berez bigarren ahotsa zen nik sortu nuen horretan, baina orain begira zer esan didazun. Abestiak beste kolore bat hartu zuen berak moldatu zuenean, eta horrek ekarri zuen beste ahots bat, beste behar batzuk, beste nahasketa bat. Kantua ez genuen single moduan ere ikusten; baina Olatzek grabatu zuenean, beste rollo bat hartu zuen guztiak.

Errepika bakoitza nola abesten duzuen ere gakoa da. Gurutzaketak-eta baditu, eta hori ederra da.

Olatz entzuten da lehendabizi. Melodiaren pisua berak darama. Baina gero hori aldatu eta beste gauza bat bihurtzen da, kantua bera izanda ere.

Atzetik dator «Beltzetik ilunera», eta Kaliforniako punka.

Ez zen hasierako asmoa. Ekoiztean Eñauti aipatu nion kolore hori hartu zuela, eta horra eraman genuen. Green Day taldeak ‘‘American idiot’’ diskotik gerora egin dutena egiten saiatu gara. Ahapaldian lau gitarra entzun daitezke, baina gero leloan leherketa dago eta akaso 30 daude, horrek betetzen du guztia. Baina kantua, berez, Mumford & Sons taldearen abesti batetik dator, hor hartu nituen ideiak. Diskoko nire kantu kutuna da, oso sinplea den arren.

Ekoizpen desberdinetan eta estudio askotan lan egin duzu. Zer moduzkoa izan da hau?

Haritz Harreguyrekin lan asko egin dugu, baina ez bera ekoizle paperean jarrita, nahiz eta ekarpen asko egiten dituen. Ekoizle moduan Juan Blas bai ibili zela Hesianen azken diskoan. Baina Eñautekin beste modu batean izan da. Askoz ere errazagoa izan da. Pistak bidaltzen nizkion eta berak bueltan bidali, eta horrela. Ni ez naiz aditua programekin, grabatzen, efektuekin eta halakoekin. Nik bi gitarra ditut, justu dakit zein diren markak eta moldatzen naiz jotzen, baina nirea kantuak egitea da.

Irudika dezaket Eñauten eta zure arteko harremana.

Kar, kar. Bai bai, pedal eta gitarra pila bat ditu. Hark esaten zizkidan ideiak, eta nik bere proposamenetan interesa erakutsi baina nahi zuena egiteko esaten nion. Berak ere badu esperientzia kantuak egiten, baina ekoizpenean magia egiten du. Aurreprodukzioan, egindako aldaketak helarazten zizkigun eta guk, gauza batzuk aldatu zituela bagenekien arren, ez genuen argi zer. Detaile txikiak dira kantuak erabat aldatzen dituztenak. Hor dago ekoizlearen lana.

«Txikia» izan da bigarren singlea. Baina galdera beste bat da: gu egiten gara txiki edo txikitu egin gaituzte?

Buf, ostras. Hasieran txikitu egiten gaituztela esango nuke, eta gero gu txikitzen garela; baina txikitu ez gaitzaten txikitzen gara. Esango nuke berez ez dugula txikiago egiteko joera hori, baina bizitzak ematen dizkizun kolpeek modu guztietan txikitzen zaituzte, eta norberak bukatzen du, kalera irten aurretik bere burua ikustean, txikiago egin behar duela esaten, norbera ez dela hain handia sinetsita. Ikuspegi pesimista samarra da, baina hori da nire esperientzia.

Kantuek energia ona transmititzen duten arren, letretan min handia dago.

Bai, alde guztietatik. Pello Reparazekin ere asko hitz egin izan dut honen inguruan, eta berak ere esaten zidan, konponketak eta egiterakoan, kantuetan esaten nuena eta musika ez zihoazela bat. Lehertuta eta hondoa jota nintzela, eta Do maior, Dolmaior eta Re maior jotzen nituela, eta ez La minor edo Mi minorra. Baina gero esaten zidan The Police-ren ‘‘So lonely’’ ere hala zela, eta barre egiten genuen. Kantuen hitzetan asko jartzen naiz atzera begira. Nostalgia handia dute. Musikalki, ordea, epikotasuna dute. Horrela ateratzen zaizkit.

«Helmugaren aurrean» kantuak gure belaunaldia nahiko markatu zuen kantu bat gogora ekarri dit sarreran: «Standby», Extremoduro taldearena.

Extremoduro zalea naiz. Kantua jasotzen duen diskoari mila buelta eman dizkiot. Kantu hori asko jo dut, eta nire eskuek badakite kantu hori nolakoa den; baina ez dator hortik, nahiz eta Janirek, bikotekideak, gauza bera esan zidan.

Heriotzaren atean dagoen norbait ikusten dut hor, bizitzari nolabait ere eusten ari den norbait.

Bideoklipa irudikatzen nuenean, amonaren etxea ikusten nuen zuri-beltzean. Bertan, agure bat, baxoerdia eskuan, ez dakiela zer egin, bizitzan aurrera jo edo ez. Oso garbi dut irudi hori, baina idatzi nuenean ez neukan buruan ez agurea, ez eta bideo hori ere. Letrak ez zidan hori ekartzen. Baina zuk aipatu dituzun ahotsen eta soinuen plano horiek efektu desberdinak sortzen dituzte, eta, hemen, halako zerbait mugiarazi zidan.

Bukaerako hiru kantuak ezagunak genituen. «Amarena» kantuaren istorioa oso potentea da.

Bai, apurtzailea da musikalki, eta horregatik atera zen lehendabiziko single moduan. Ni ziur nengoen diskoko single nagusia izango zela, eta ez da izan inondik inora ere. Ni baino hiru urte zaharragoa den anaia daukat eta, tartean, amak alaba bat galdu zuen. Nire buruarekin zalantza existentzial asko izan ditut horren ondorioz. Ni berbera izango nintzen haur hura jaio izan balitz? Ni existituko nintzen hura jaio izan balitz? Nolakoa izango zen nire familia ni gabe? Hau guztia diot, amak alaba nahi zuelako eta ez zitzaiolako heldu. Bada, hori guztia kantu batean kontatu nuen, eta harrezkero ez diot hainbeste buelta ematen. Terapia moduko bat egin dut, mindfulness teorietan esaten den moduan; zure kezka ez zara zu, hor dago, baina ez zara zu.