GARA Euskal Herriko egunkaria

ETXEAN ARROTZ SENTITUKO DA KOSNER ITAROA IZOTZ-HOCKEY TALDEKO KAPITAINA

Pablo Zaballa Donostiakoa da jaiotzez, eta umetan Txuri Urdin izotz-hockey taldean aritu zen. 12 urterekin, baina, Iruñera lekualdatu zen, eta, geroztik, Nafarroako taldean dago. Gaur jokatuko dute derbia Txuri Urdinek eta Kosner Uhartek Donostian, 14.45ean. Zaballaren ustez, huts gutxien egiten dituenak irabaziko du neurketa.

Pablo Zaballa Kosner Uharte izotz-hockey taldeko kapitaina, denboraldi honetako partida batean. (Club Hielo Huarte)

Donostiakoa da jaiotzez Pablo Zaballa (2000, Donostia), baina 12 urterekin Iruñera joan behar izan zuen bizitzera, familiak hala erabakita. Donostiako Txuri Urdin izotz-hockey taldean jokatu zuen bertan egon zen bitartean, eta Iruñera lekualdatu zenean, Kosner Uharte izotz-hockey klubean sartu zen. Geroztik han aritu da. Orain, 22 urte besterik ez dituen arren, taldeko kapitaina da, eta gaur derbia jokatuko du Txuri Urdinen aurka Donostian, 14.45ean. Gipuzkoarrak hirugarren doaz sailkapenean, hamasei punturekin, eta hamahiru partida jokatuta. Nafarrak, ordea, seigarren postuan daude, hamahiru punturekin, baina 11 lehia jokatuta.

Jokalariarentzat partida «berezia», eta aldi berean, «atipikoa» izango da: «Hain gertu gaude, oso ondo ezagutzen dugula elkar. Nahiko neurketa fisikoa izango da, eta bereziki entretenigarria». Horrez gain, kapitainak dio taldeak burua neurketan duela «bete-betean», aste osoan egin baitute lan partida horretarako, bereziki alor mentalean.

Denboraldi honetan Ligako lehen jardunaldian jokatu zuten elkarren aurka Uharten (Nafarroa), eta nafarrak garaile atera ziren (4-3). Zaballaren ustez, biharko partida «askoz ere zailagoa» izango da lehen jardunaldian jokatu zutenarekin alderatuta. Izan ere, donostiarrek multzoa indartu dute zenbait fitxaketarekin. «Hiru puntuak lortzeko gure jokoa egin behar dugu, gure nortasuna erakutsiz, eta bukaerara arte borrokatuz. Mentalitate horrekin atera behar dugu». Aldi berean, kapitainak nabarmendu du huts gutxien egiten dituenak poltsikoratuko dituela hiru puntuak.

Horrez gain, Zaballak esan du garrantzitsua izango dela Txuri Urdinek dituen bi jokalari erabakigarrienak kate motzean lotzea: «Nire ustez, Mikel Mendizabal eta Artem Pugolovkin dira taldeko pieza garrantzitsuenak, eta golegileak, gainera. Pugolovkin Errusiakoa da, eta maila altuan aritu da Europako liga garrantzitsuenetan. Beraz, neurketako gakoetako bat izango da bi horiek estaltzea».

Sasoirako taldeak duen helburuaz galdetuta, Zaballak argi du denboraldi honetan pauso bat aurrera egin behar dutela: «Gure bigarren sasoia da liga honetan, eta xedea da play-offetarako sailkatzea -ligako lehen lau postuetan geratzea, alegia-. Joan den denboraldiko helburua zen irudi ona ematea ligan, maila horretan estreinako denboraldia zelako. Baina sasoi honetan gorago begiratu behar dugu».

Orain artekoaz balorazio baikorra egin du kapitainak, eta garrantzia eman dio ligako aurkari zuzenen aurka irabazteari. «Ondo hasi genuen sasoia, lehen hiru neurketak irabazita, horietako bat Txuri Urdinen kontra. Azken finean, Mahadaonda eta Puigcerdarekin batera -laugarren eta bosgarren sailkatuak, hurrenez hurren-, gure aurkari zuzenetako bat da play-offetan sartzeko. Bartzelona eta Jaca beste maila batean daude -ligan lehen eta bigarren sailkatuak dira-. Orain toki onean gaude; ez gaudelako lehen lau postuetatik urrun, eta aurkari zuzenen aurka zenbait lehia jokatu behar ditugulako. Ilusio eta gogo handiz gaude».

OINAK LURREAN DITU ZABALLAK

Era berean, kapitainak begia jarri du hobetu beharreko alderdietan, eta argi du zein diren horietako bi: bata, defentsan kontzentrazio handiagoa jartzea, egiten dituzten akats txikiak ekiditeko, eta bestea, erasora begira, dituzten aukerak aprobetxatzea eta ate aurrean eraginkorragoak izatea.

Ate aurreko eraginkortasunaren harira, Zaballak gutxi du bere buruari leporatzeko. Izan ere, taldeko goleatzaile nagusia da 11 golekin. Kapitainak, baina, oinak lurrean ditu, eta multzoan jarri du fokua: «Denboraldi honetan zorte handiagoa izan dut ate aurrean, golen bat edo beste gehiago sartuta, baina orokorrean uste dut gol askoko taldea garela».

Kapitain gisara taldean duen rolaz galdetuta, donostiarrak azpimarratu du talde osoaren «babesa» sentitzen duela, eta oraindik «eraikitzen ari den» talde bat direla. Hala ere, azpimarratu du gazteak izanagatik ere, jarrera heldua dutela. «Ni kapitain moduan nago, baina uste dut denok hartzen dugula kapitainaren rola elkar animatzeko, bereziki gauzak gaizki doazenean. Gainera, Ramiro [Remesar], Alejandro Hernandez eta Ander Moran bezalako jokalari nagusiez inguratuta gaude. Alde horretatik, ez dago arazorik taldea gidatzeko», eman du aditzera Zaballak.