GARA Euskal Herriko egunkaria

Iranek Defentsa ministrorde ohia exekutatu du espioi izatea egotzita

Iranek, Britania Handiko MI6 zerbitzu sekretuarentzat lan egitea eta «historiako espioitza kasu larriena» egotzita, Alireza Akbari Defentsa ministrorde ohia exekutatu zuen atzo. Nazionalitate britainiar-irandarra izateak eta nazioarteko deiek ez dute exekuzioa eragotzi.

Akbari, Defentsa ministrorde ohia, MI6-ko espioitzat joa. (AFP | AFP)

Broma gutxi Irango agintariekin. AEBak, Britainia Handia, Europar Batasuna... denak zeuzkan Alireza Akbari exekutatzearen kontra, erantzun irmoak egongo zirela iragarriz, baina ezer gutxirako balio izan dute mehatxu horiek. Atzo hil zuten Mohamed Katami presidente erreformistaren agintaldian Defentsa ministrorde izandakoa, bere familiaz agurtzeko azken bisita bat baimendu ondoren, Irango Auzitegi Gorenak argi berdea eman ostean.

Leporatzen zizkioten karguak, Irango komunikabide ofizialen arabera betiere, larriak ziren: diruaren eta bestelako oparien truke, MI6 zerbitzu sekretuarentzat espioitza lanak egitea, karguan zegoenean eta ondoren ere bai; Irango segurtasunerako goi mailako eta balio handiko informazioa pasatzea; eta 2020. urtean Israelgo Mossad espioitza agentziak hil zuen Mohsen Fakhrizadeh zientzialari nuklearraren ekintzan parte hartzea; horiek dira, besteak beste, egotzitako «krimen» larrienak.

Egia da Britainia Handia Iranen kontrako espioitza ekintzetan aspaldidanik nabarmendu dela, demokratikoki hautatu zuten Mohamed Moseddeq-en gobernuaren kontrako 1953ko kolperaino iristen den sokan. Alireza Akbarik nazionalitate britainiarra ere bazuen, bere kargua utzi ondoren Londresen bilatu baitzuen aterpea. Irandarrek diotenez, Akbari lehenagotik ari zen MI6arekin lanean, baina ondoren ere jarraitu zuen. Adierazi dutenaren arabera, susmoak egiaztatzeko «inteligentzia operazio konplexu batean» informazio faltsua eman zioten Akbariri zepoan eror zedin eta, antza, hala atxilotu zuten.

«Bahituen diplomazia»

Exekuzioaren berria jakin ostean, Rishi Sunak lehen ministro britainiarrak gogor salatu zuen albistea. Exekuzio «koldarra» eta «bere jendearen giza eskubideak azpiratzen» dituen Irango «erregimen barbaroa» gaitzetsi zituen.

Europako kantzilertza gehienek bide beretik jo zuten, baina kontuan hartu behar da nazionalitate bikoitza -Iranek aitortzen ez duena- duten dozenaka europar dauzkala preso Teheranek, batzuk heriotza zigorraren mehatxupean. «Bahituen diplomaziari», preso trukaketari alegia, ez dizkiote, hala ere, ateak itxi nahi.