GARA Euskal Herriko egunkaria

HARROBIA AKUILU DUTE KOSNER UHARTE ETA TXURI URDIN IZOTZ HOCKEY TALDEEK

Gaur jokatulo dute derbia nafarrek eta gipuzkoarrek Uharten, 14.35ean. Talde bakoitzak modu desberdinean helduko dio lehiari: Uhartekoentzat hil ala biziko partida izango da ligako kanporaketetan sartzeko. Donostiarrentzat, ordea, azkenaurreko aukera izango da txapelketan neurketaren bat irabazteko.

Goian, Irene Senac Txuri Urdineko entrenatzailea, jokalariei aginduak ematen, ligako partida batean. Behean, Ramiro Remesar, Kosner Uharteko prestatzailea. (Cris ODRIOZOLA eta KOSNER UHARTE)

multzo gaztea dute biek, baina ñabardura bat dago baten eta bestaren artean: Kosner Uharte irabazteko lehiatzen ari da, zenbait jokalari hezten dituen bitartean. Txuri Urdin, ordea, eraberritze prozesu batean murgilduta dago, eta emaitzak bigarren plano batean dituzte. Helburuak helburu, biek dute akuilu harrobia, eta bientzat izango da «berezia» eta «garrantzitsua» larunbat honetako partida. Hala baieztatu dute Ramiro Remesar Kosner Uharteko entrenatzaileak eta Irene Senac Txuri Urdinekoak. Biak, prestatzaile izateaz gain, jokalariak ere badira: Remesarrek Uharteko gizonezkoen taldean jokatzen du, eta Senac, egun jokalaria ez den arren, iragan sasoian Txuri Urdinen kapitaina izan zen.

«Kontuan hartuta iragan abenduan euskal selekzioarekin aritu ziren gehienak Txuri Urdinekoak eta Kosner Uhartekoak zirela, lehia berezia izango da», nabarmendu du Donostiako taldeko prestatzaileak. Era berean, Remesarrek esan du egutegian «gorriz markatutako» neurketa bat dela, ligako sailkapenera begira, ezinbestekoa izango delako hiru puntuak lortzea. Nafarrak bosgarren doaz sailkapenean, eta ligako azken bi partiden faltan, premiazkoa dute jokoan dauden sei puntuak zakuratzea, aukerak izan nahi badituzte kanporaketetan sartzeko, -lehen laurak sailkatzen baitira-. Donostiarrak, aldiz, azken postuan doaz: «Uhartek guk baino askoz ere gehiago du jokoan, eta hori mentalki gure alde egongo da», eman du aditzera Irene Senacek.

Lehen itzuliko partida Txuri Urdineko izotz jauregian jokatu zuten, eta 1-3 gailendu ziren nafarrak. Remesar prestatzaileak argi du zer egin behar duten gipuzkoarrak mendean hartzeko: «Neurketako 60 minutuetan haiek baino hobeak izan behar dugu, goian estututa, oldarkorrak izanda, eta disko bat bera ere galdutzat eman gabe».

Senacek, bere aldetik, adierazi du partida hartatik taldeak asko hobetu duela jokatzeko moduari dagokionez, baina sasoi honetan ezinbestekoa den gauza bat falta izan zaiela: ate aurrean asmatzea. «Denboraldi honetan jokaldiak amaitzea falta izan zaigu, baina uste dut talde hobea garela diskoaren jabetza ez dugunean, eta aurkariaren zelaian presio egitean. Gainera, Kosner Uharte klubak ahalegin berezia egin du Carlota Badorrey fitxatzeko; Espainiako 18 urtez azpiko selekzioan dago, eta badakigu zaila izango dela hari gola sartzea», azaldu du Txuri Urdineko prestatzaileak.

TXURI URDINEK, DEFENTSA SENDOA

Horrez gain, Senacek nabarmendu du lehia irabazteko giltza izango dela saialdiak amaitzeko gai izatea eta etxeko atezainak uzten dituen alderatzeei probetxua ateratzea. Era berean, Donostiako taldeko prestatzaileak goraipatu du taldeak defentsan erakutsi duen sendotasuna: «Baditugu jokalariak urrutitik jaurtiketa ona dutenak, eta gure taldeko bi jokalari ezartzen baditugu beste taldeko atezainaren aurrean, ikusmena oztopatuz, uste dut erabakigarria izan daitekeela golak sartzeko».

Senacek esandakoarekin bat, Uharteko entrenatzaileak argi du defentsa dela Txuri Urdinen indarguneetako bat, eta partida aurrera ateratzeko badaki taldeak erasoan «ahalegin berezia» egin beharko duela. Nafarrek jokatzen dute etxean, eta hori euren alde izango dute Kosner Uharteko jokalariek, hango izotz pista txikia baita. «Irenerekin hitz eginda, aurkariek begitan hartzen duten zelaia da. Guk egunero entrenatzen dugu han, eta hori gure mesederako izango da», nabarmendu du Remesarrek. Iritzi berekoa da Senac, eta argi du izotz pista txikiagoa izateak eragina izango duela haien jokoan. Beraz, funtsezkotzat jo du tiro asko egitea.

HELBURU DESBERDINEN BILA

Kosner Uharte taldeak xede bat finkatu zuen denboraldi hasieran: kanporaketetan sartzea. Prestatzailearen ustez, ordea, helburu hori zaildu egin zaie: «Ikusita liga nola joan den, emaitzak ez dira izan espero modukoak. Aurten ezustekoak egon dira taldeen artean, eta sasoi honetan ziurgabetasuna izan da nagusi aurkari baten kontra aritu garen bakoitzean. Beste denboraldietan baino parekatuago egon da txapelketa».

Horrez gain, emaitzen aldetik, Remesarrek uste du ez dutela «zorte askorik izan», bereziki ate aurrean, eta puntu batzuek ihes egin dietela. Eta, hain justu, horretan, Uharteko entrenatzaileak esan du eragina izan duela taldearen eskarmentu faltak: «Jokalari batzuek bigarren sasoia edo hirugarrena dute taldean eta, oso ondo ari diren arren, oraindik ikasteko prozesuan daude. Beraz, irabazteko helburuarekin lehiatzea eta aldi berean heztea zaila da, baina saiatzen ari gara hori uztartzen eta tartekatzen».

Kontrara, Txuri Urdin taldea eraberritze prozesu batean murgilduta dago. Iragan sasoian, liga eta kopa irabazita, goia jo zuten, baina multzo loriatsu hartako gutxik jarraitzen dute egun, eta harrobitik jokalari berri asko igo dira taldera. Horren inguruko hausnarketa egin du Senacek, pasatu den sasoian jokalari moduan aritu baitzen Txuri Urdinen: «Nik jokalariei beti esaten diet loriatsuak diren momentu gutxi dituela kirolak, eta horiei zukua atera behar zaiela. Esaterako, joan den denboraldian lortu genuena ez da erraza, eta orduan esan nien garaipena disfrutatu beharra zegoela».

Orain oso bestelakoa da egoera, eta Txuri Urdineko entrenatzailearen hitzetan, «frustragarria izaten ari da sasoia», gehienbat jokalariak egiten ari diren ahaleginarengatik. Izan ere, egindako esfortzuak ez dizkie emaitzak ekarri. Hala ere, Senacek «balorazio positiboa» egin du orain artekoaz, eta, emaitzak iristen ez diren arren, argi du epe ertainera eta luzera begira «talde indartsua» ikusiko dela, proiektuak dituen zailtasunei eustea lortzen badute, behintzat.