GARA Euskal Herriko egunkaria
OSASUNA

Puntu gazi-gozoa, bigarren zatiaren hasiera petralaren ondorioz

Chimy Avilak, sekulako burukadarekin, markagailuan aurreratu zuen talde gorritxoa, baina bigarren zatiaren hasiera makalaren ondorioz, berdinketaren gola jaso zuen 66. minutuan, Carmonak egin zuen gola, eta azkeneraino sufritu behar izan zuen.

Ruben Garcia eta, atzean, Aimar Oroz, Elxeko jokalaria gertutik jarraitzen. (Chimo DE HARO | AGENCIA LOF)

Partida kontrolpean daukazula uste izatea arriskuaren sinonimo da sarri. Gehiago zarela sinestea konfiantza iturri den arren, kalterako ere izan baitaiteke. Futbolean ez dago ezer idatzita baina, era berean, dena idatzita dago. Atsedenalditik bueltan, Osasuna makal aritu zen eta horrek sarri ondorioak ekartzen ditu; ez beti, noski, baina bai atzokoan. Eta Elx, azken sailkatua izan arren, gai izan zen gorritxoen konfiantzan zulotxoa egin eta kontrolatua zuen guztia airean jartzeko.

Izan ere, Carmonak, kontraerasoan 1-1ekoa jarri aurretik, Arrasatek aldaketa bikoitza egin zuen, partida lasaitu asmoz eta baloiaren jabetza mantentzea helburu. Moncayola Pablo Ibañezen ordez zelairatu zen -lehen aldiz hasierako hamaikakoan- eta Ruben Garciak Chimy Avilaren lekua hartu zuen; txartel horiarekin zegoen argentinarra eta teknikariak edozein arrisku saihestu nahi izan zuen.

Aldaketek, baina, ez zioten nahi bezalako emaitza eman eta etxekoek, kontraeraso batean, berdinketaren gola ezarri zuten, 66. minutuan. Aurretik, Boyek -oinarekin zein buruarekin-, Millak eta Carmonak berak gol aukerak izan zituzten, baina azken metroetan huts egin zuten.

Partidarik irabazi gabe zegoen Elx -eta oraindik ere hala jarraitzen du jokatu dituen 18 partidetan- eta Osasunak zauria are gehiago zabaldu zuen partida hasi eta gutxira. Chimy Avilak, sekulako jauzi eta burukadarekin, 0-1ekoa jarri zuen 20. minutuan eta partida maldan behera geratu zitzaion talde gorritxoari. Azkenaren etxean, 0-1 eta partida guztia aurretik. Horrez gain, golaren jokaldia eratzeko gaitasuna ere nabarmentzekoa izan zen, erraz konektatu baitzuten Moi Gomezek, Manu Garciak eta Kike Barjak, honen erdiraketa Rosariokoak maisuki sareratu aurretik.

Bigarrena egiteko aukera ederra izan zuen Arrasateren taldeak, atsedenaldiaren aurretik, baina ez Budimir ez Barja ez ziren iritsi Morenoren erdiraketara.

ARRISKU GUTXI

Boyek, lehen zatiko azken hatsean eta bigarrenaren hasieran, aukera bana izan zuen, baina ez zuen asmatu Aitor Fernandezen aurrean. Abisua besterik ez zen izan nafarrentzat. Egun Pablo Machinek zuzentzen duen taldea hobeto sartu zen bigarren zatian eta merezimendu osoz lortu zuen berdinketa.

Hortik aurrera, partida erabat ireki zen. Arrasatek beste bi aldaketa egin zituen, azkenaren etxean puntu bakarra batzea gutxiegi izango zen sentsazioa ezabatzeko asmoz. Abde eta Kike Garcia zelairatu bazituen ere, arriskurako aukera gutxi sortu zituzten eta, beraz, futbolean askotan errepikatzen den mantra gogoratu zuten: irabazi ezin denean, berdinketa ez da txarra. Are gehiago, kasu honetan legez, kanpoan denean.

Carmonak, area kanpotik, eta Gutik, area barrutik, aukera on bana izan zuten azken txanpan, baina biak ala biak Aitor Fernandezek gelditu zituen eta burua argi duela ekingo dio Osasunak Kopako erronka erakargarriari.

Arrasatek ontzat eman du puntua

Partidaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Osasunako entrenatzaile Jagoba Arrasatek ontzat eman zuen Elxen batutako puntua: «Jasan dugun sufrimendurako, ontzat eman behar da berdinketa».

Berriatukoaren ustetan, talde bakoitzak zati bana menderatu zuen eta «halako egoeretan, emaitza justua izan ohi da». Era horretan, bere taldeak lehen zatian izandako nagusitasuna markagailuan alde gehiagorekin ez islatzea deitoratu zuen. «Aurkaria mendean hartu dugu, gola sartu dugu baina jokoari ez diogu segidarik eman. Beraiek, berdinketa lortu dute eta hortik aurrera, topera joan dira», azaldu du bizkaitarrak.

Aurkariaren egora latzaz galdetuta, Arrasatek ez du uste Elx Bigarren Mailako taldea denik. Hamaika puntura dauka salbazioa, oraindik ez du garaipenik ospatu, «baina gaur, bigarren zatian, ikusi da nolako gaitasuna daukan eta hobetzen doaz. Bigarren itzuli osoa geratzen da eta nik ez dut hiltzat ematen».

Pablo Machin Elxeko entrenatzaileak, bestetik, garaipena merezi izan zutela adierazi zuen: «Bakoitzak duen guztia ematen duenean ezin daiteke haserretu; frustrazioa da sentitzen dudana. Egin dugun guztiak ez digu balio izan irabazteko, puntua batu dugu soilik, baina bide honetan jarraitu behar dugu». Neguan eginiko bi fitxaketak -Carmona golegilea eta Lautaro- eskaintzen ari diren maila nabarmendu zuen. A.U.A.