GARA Euskal Herriko egunkaria

Musikaren «tiraera»-k


Tiraera’’ ez da euskarazko tiradera. Bi gauza desberdin dira. ‘‘Tiraera’’ Hego Amerikan erabiltzen dute kantuaren letra isekaria dela esateko. Hemengo ‘‘kopla’’ batzuk izan daitezke. Ingelesez ‘‘beef’’. Bikain deritzot koplak idatzi eta kantatzeari, jendaurrean edo dutxan. Aproposak dira, kolpe txiki batekin, bolandera piztu eta saltsa has dadin, jendeak ere une bizigarriak pasatzeko; muturrean ematen duten kopla satirikoak falta zaizkigu, gehiago nahi ditut.

Bertsolari txapelketetan falta diren belarrondoko-koplak, zaplada kulturalak, zartada filosofikoak, masaileko astindu erretorikoak. Iseka baino zerbait sakonagoa. Ongi hausnartutako belarrondoko-koplak, euskal usadio zaharrean oinarritutako kopla gehiagoren falta dugu. Agian ez du puntu asko batzeko balio formula horrek txapelketako epaileen belarrietarako. Kantu asko daude belarrondokoaren erretolikarekin, asko eta asko mozorrotuta edo geruza andanarekin, hariari edo arazoari zuzen ez heltzeko. Agian bidalitako edo abestutako belarrondokoak bumeran efektua izan dezaketen beldur. Dotoreziarekin, edo gabe, ausardiarekin, uzkurtu gabe. Motozerra holistikoa mingainean. Motozerra dialektala sinergia hutsalak eteteko. Kai Nakairen sasi coverrean entzun dira trufak.

‘‘Tiraera’’-k estolda pertsonalak agerian uzten ditu. Baserritar batek traktorearekin simaurra zabaltzen duen bezala, simaurraren zipriztinak lau haizeetara, haizagailu industriala indar betean jarrita. Probokaziorako bokazioa.