GARA Euskal Herriko egunkaria

«Argia»k Zugazart saritu du GARAn egindako tirengatik

Zugazart gisa «inoiz egin dudan lanik gogorrenari» errekonozimendua jaso du Unai Iturriaga Zugaza-Artaza GARAko tiragileak, bera izan baita Prentsako Argia Sariaren irabazlea.

Unai Iturriaga “Zugazart”, sariarekin. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Unai Iturriaga Zugaza-Artazak GARAn Zugazart izenpean argitaratzen dituen iritzi tirek 2023ko Argiaren Prentsa Saria jaso dute. Sariak emateko ekitaldian azaldu zutenez, «aktualitateko gaiei eta auziei umorez eta zorrotz heltzen dielako» eman diote. Iturriagak, bestalde, momentuan «eroa» iruditu zitzaion lan hau «inoiz egin dudan gogorrena» izan dela esan zuen Usurbilgo Atxega Jauregian.

Podcast batentzat izan zen Entzunezko Argia Saria, Inurri elkarteak minbiziari buruz gidatzen duen (Min)bizi izenekoarentzat. Sortzaileek «talde lan kolektiboa» dela argitu zuten, eta minbizia duten pertsonak «epairik gabe lagundu, babestu eta entzutea» dutela helburu esan zuten.

“Karpeta Urdinak” torturatuei buruzko dokumentalak jaso zuen Ikus-entzunezkoena. Ander Iriarte zuzendariak torturatuen familientzat «memoria eta laguntza integrala» aldarrikatu zuen, «aitortza ez delako bakarrik dokumentu bat sinatzea».

Internet bidezko komunikazioak ere badauka bere tokia Argia sarietan. Sariduna Mastodon sare sozial librearen euskal komunitatea izan zen, «urte osoan euskaraz eta aske jarduteko aukera ematen dutelako». Euskaltzaleen artean «software librearen bidezko burujabetza teknologikoa» defendatu zuten.

Kanpaina onena Azterketak Euskarazena izan dela erabaki du Argiak, hots, brebeta eta baxoa euskaraz egiteko borrokatzen duten ikasleak eta irakasleak. Saria jasotzeko unean «eskubide linguistikoen urraketa» salatu zuten.

Oihana Goirienak hartu zuen Merezimenduzko saria, Pablo Gonzalez kazetariaren kartzelatzea salatzeko egin duen lanagatik. Beretzat saria «ohore izugarria» izan zen.