GARA Euskal Herriko egunkaria
ACB LIGA

Europan segi aurretik, Joventut bisitan dator Miribillara


Koparik gabe geratu da Surne Bilbao Basket, baina denboraldia oraindik luze joango da beltzezko gizonentzat. Esaterako, asteon Darussafaka talde turkiarrari ondo merezita irabazi dio FIBAren Txapeldunen Ligako 16 onenen ligaxkako L multzoaren aurreneko jardunaldian. Baina garaipen hau ospatzeko asti handirik gabe, datorren martitzenean, hilaren 31n Sito Alonsoren UCAM Murtziari bisita egingo dio talde bilbotarrak. Eta bien bitartean, Miribillatik Joventut pasatuko da gaur gauean, 20.45ean.

«Partidaz partida joatea dagokigu, ez dago besterik. Ez gara bakarrak egoera honi eta are estuagoei aurre egin behar dietenak. Asteazkenekoa pasatu zen, asteartekoa etorriko da, eta oraintxe Joventut dago gure buruan», adierazi zuen atzo Jaume Ponsarnauk asteroko prentsaurrekoan.

HELBURUEN BILA

ACB Ligako aurreneko itzulia ezin izan du zortzi onenen artean amaitu talde bizkaitarrak. Baina Ponsarnauk berak esan ohi duen moduan, ACB Ligako 16 onenen artean amaitzea bada xedea, oraingo zortzi garaipenak ez dira nahikoa.

«Zenbait talde oso atzean daudela jakiteak lasaitzen gaitu, inkontzienteki bederen. Baina lehiaketak hoberantz egingo du bigarren itzulian. Behetik dabiltzanek hobera egingo dute, puntaren puntan dabiltzanak hasi dira hobetzen, eta guk ere badugu hobetzeko tartea», ohartarazi zuen Tarregakoak.

«Gure erronka gure baitan dago: hobetu dezakegun horretan zentratu behar dugu», azpimarratu zuen, azkenik, entrenatzaile katalanak.