GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Lakuak ez du nahi denen administrazioaren kontrola


Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuan (ESI) kargugabetutako gerentea eta zuzendari medikoa eta dimisioa eman zuen zuzendariorde medikoa ez dira Gasteizko Parlamentuko Osasun Batzordean agertuko, hala erabaki zutelako beren botoekin EAJ eta PSEk atzo. Atentzioa ematen du indar politiko batzuek horrelako proposamen baten aurka agertzeak, are gehiago Gobernua osatzen duten alderdiak izanda, ESI horretan gertatutakoaren inguruan zalantzaren bat balego beren gardentasuna erakusteko aukera bat izango bailukete. Bestalde, behin Osasun Sailaren erabakiaren arrazoiak jakinda, ez litzateke pertsona horiei entzuteko arazorik izan beharko.

Atentzioa ematen du Gobernuko alderdiek beren gardentasuna erakusteko aukerari uko egiteak; hala ere, gero eta gutxiago, ez baita antzeko jokaera izan duen lehenengo aldia. Osakidetzako zenbait kargudunen txertatze irregularraren ostean ere, pandemia garaian, ez zioten beharrezko iritzi kargudun haiek batzordean agertzeari. Izan ere, alderdi horiek atzoko jarrera gehiagotan agertu izan dute; esaterako, duela bi aste Iritzi Azterlanen Zentroa sortzeko lege proposamena baztertu zutenean. Orduan eta lehenago gardentasuna bermatzeko proposamen gehien-gehienak baztertu izana esanguratsua da. Gobernu horretako alderdietako batek, PSEk, Prospekzio Soziologikoen Kabinetea legez erregulatzeko proposamena erregistratu zuen 2006an eta orduan EAJk hartarako eragozpenik ez zuela esan zuen, hori bai, Kabinete haren profesionaltasuna eta zorroztasuna bikainak zirela argi utzita. Antzeko argudioa erabili zuen urtarrilean ere, baina Iritzi Azterlanen Zentroa sortzeko proposamena atzera botatzeko.

Jarrera hori, oposizioaren ustez, Lakuaren beldurraren erakusgarri da. Zeren beldurra? Zergatik ez dituzte gustuko Parlamentuko batzorde batean guztiz normalak diren horrelako agertzeak? Galdera hori egingo dute askok, alderdi horiek ulertzen ez den erreparoa erakutsi baitute. Atentzioa ematen du, gero eta atentzio txikiagoa bada ere, administrazioaren kontrola errazteko interes handiena izan beharko lukeenak horretarako proposamenak atzera botatzea aldiro.