GARA Euskal Herriko egunkaria

Euskal Herriko eta nazioarteko 55 artista Kepa Junkeraren omenez, Arriagan

«HAUsPOZ» emanaldia eskainiko dute datorren martxoaren 9an, Kepa Junkera musikariaren omenez. Bilboko Arriaga antzokian izango da. Sarrerak atzo jarri zituzten salgai antzokiaren webgunean bertan. Hainbat arlotako 55 artista baino gehiago batuko ditu emanaldiak, Junkerarekin lan egindakoak horietako asko.

Kepa Junkera, omenaldiaren antolatzaileekin. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Kepa Junkera musikaria omentzeko kontzertua egingo dute datorren martxoaren 9an, Arriaga antzokian. “HAUsPOZ” emanaldian 55 artistatik gora izango dira, Euskal Herritarrak zein atzerrikoak, Junkerarekin lan egindakoak gehienak. Kontzertua 19.30ean izango da eta dagoeneko salgai daude sarrerak. Junkera bera izan zen aurkezpenean eta aldez aurretik eskerrak eman nahi izan zizkien kontzertura joateko asmoa duten guztiei.

Garbitxu EAEko SGAEko presidenteak kontzertuaren aurkezpenean azaldu zuenez, «Keparen lagunek antolatu dute kontzertua». Trikitilariak bere ibilbidean utzitako ondarea nabarmendu zuen eta, hain zuzen ere, omenaldia emandako hori itzultzeko modu gisa irudikatu zuen: «Berarekin gaudela sentiaraziko diogu, bere kantak gurekin egon diren moduan».

Junkeraren 30 urtetik gorako ibilbidearen oroigarri izan nahi du emanaldiak, baina Igor Otxoa kontzertuaren produkzio zuzendariak azaldu zuenez, ez da batere erraza horren produkzio oparoa omenaldi bakarrean laburtzea: «Hainbeste egin du, zaila dela dena kontzertuan biltzea». Junkerak hala eskatuta, Jon Maya Sein dantzaria arduratu da zuzendaritza artistikoaz. «Kepak zumea eman digu, baina utzi digu saskia guri eraikitzen», azaldu zuen.

Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputatuak Junkeraren ibilbidea goraipatu zuen; izan ere, «norbait berritzailea izan bada, bera izan da», eta nabarmendu zuen sortzen jarraitzen duela, «liburua, dokumentala...». Garbitxuk azaldu zuen emanaldian parte hartu nahi zuen jende ugarik ezin izango duela bertan egon, arrazoi desberdinak direla medio, baina saiatu direla Junkerarekin lan egin duten musikarietatik ahalik eta gehienak batzen.

Amak, Ines Osinaga, Josune Arakistain, Tapia eta Leturia eta Xabi Solano trikitilariak izango dira kontzertuan, baita Junkerarekin jotzen hasi ziren Sorginak ere, egun Neomak taldeko kide direnak. Dulce Pontes, Eliseo Parra, Ibon Koteron, Uxia eta Susana Seivane ere ezin ziren falta, omenduarekin hainbat elkarlan egindakoak baitira.

Halaber, dantza ere izango da ikuskizunean, Kukai Dantza taldearen eta Lucia Lacarra dantzariaren eskutik, besteak beste. Otxoak azaldu zuenez, Cobla Sant Jordi banda izango da emanaldiaren bizkarrezurra eta, Junkeraren musika nagusi izango bada ere, beste artista batzuen piezak ere entzungo dira: «Kalitate handiko kontzertua izango da, baina, batez ere, hunkigarria». Xabier Amuriza bertsolariak ere parte hartuko du.

Bilbaok gogora ekarri zuen aurten beteko direla 20 urte Junkerari Grammya eman ziotenetik. Gainera, Arriagan grabatu zuen ‘‘K’’ zuzeneko diskoa. Datak zein tokiak, beraz, badute berezko garrantzia.

2018an iktusa izan zuen musikariak eta ordutik eszenatokietatik erretiratuta dago. Ia 400 kanta sortuak ditu proiektu ugaritarako eta erreferentea da Euskal Herriko trikitilarien artean.